Bizkaiko Foru Aldundiak, enpresek eta zerga-sistemako eragile sozial eta profesionalek osatzen dute harreman iraunkorreko baterako foroa

0

Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantzen diputatua harreman iraunkorreko baterako foroa eratzeko gaurko ekitaldiaren buru da. Ekitaldi horretan, Zerga Administrazioaren eta zergadunen arteko harremanak planteatzen dituen beharrei eta erronkei heldu nahi zaie, egituraren ikuspegitik. Halaber, arreta emateko kanal espezifikoak gaitzea landuko da, beti aintzat hartuta lankidetza sozialerako zeregin garrantzitsua dutela.

Jardunaldia goizeko 09:30ean hasi da, Ogasunaren egoitzan. Lehenengo foroan Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (Cebek), Merkataritza Ganbera eta beste elkarteak izan dira, Bizkaiko Lurralde Historikoko enpresa txiki eta ertainen ordezkari gisa. Ondoren, bigarren foroa eratu da, eta bertan, aholkularitza fiskalaren ordezkariek hartu dute parte. Hirugarren foroa, BAT dorrean, eta bertan gure lurraldeko enpresa handiak egon dira.

Lehenengo topaketa horretan, hiru foroetako bakoitzaren jarduera- eta antolaketa-ildo nagusiak finkatu dira alderdi guztien artean. Foroen lehen bilera formala ekaineko bigarren astean egitea aurreikusi da.

Foro bateratuaren helburuak

Foro bateratuaren helburu nagusia da topagune gisa balio izatea zergadunak eta haien arduradun fiskalak zergak betetzean inplikatzera bideratutako jarduerak garatzeko, alde guztien arteko lankidetza areagotzea bilatuz zergak betetzeari dagokionez. Segurtasun juridikoa areagotzeko, gardentasun eta zorroztasun esparru baten barruan elkar ezagutza hobetzeko eta Bizkaiko Foru Ogasunaren berrikuntzak eta jarduteko irizpideak zabaltzeko tresna berri bat da. Azken batean, erakunde honen jarduna Bizkaiko zergadunen beharretara egokitzea, eskura dituen bitartekoak jarriz eta lankidetza indartuz.

Horrela, bilera-esparru bat sortu nahi da, zerga-sistemaren aplikazioan sor daitezkeen arazoak ezagutu eta bateratzeko. Horrek, zalantzarik gabe, betetze-kostu txikiagoak ekarriko ditu, eta gatazkak murrizten lagunduko du.

Bizkaiko Foru Aldundia ziur dago zergadunekiko harremana indartu egingo dela, haien proiektuei, araudiei eta zergen aplikazioari buruzko informazioa gardentasunez emango baita. Era berean, foroa osatzen duten pertsonen ekarpenen zain dago, betiere kritika konstruktiboaren ikuspegitik. Horrela, bi aldeen artean hobekuntzak identifikatu ahal izango dira erakundearen funtzioetan, bai zergen aplikazioan, bai aurkezten diren erronkei fiskalitateak eman diezaiekeen erantzunean.

Foro bateratua: Aldundia aurrera doa gertutasun-prozesuan

Foro bateratu hori eratuta, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat egin du zergadunekin duen harremanean. Zerrenda horrek, azken 20 urteetan, hainbat jarduera ekarri ditu, hala nola aurretiazko tributazio-proposamenak, ikuskapen-prozeduretan ordaintzeko konpromisoarekiko adostasun-aktak, aldez aurreko balorazio-akordioak edo Foru Ogasunaren jardueran jardunbide egokiak sartzea, besteak beste, auziak saihesten dituzten zerga-kontsultak edo hainbat arlotako jarraibideak.

Hobekuntza-prozesu eta hurbiltasun horretan sartzen dira, halaber, antolamendu-aldaketak, Ogasunaren eta zergadunen arteko harremanei arintasun handiagoa emateko alderdi bereziki konplexuetan, eta unitate espezifikoak sortzen dira egungo erronka handiei erantzuteko, besteak beste, nazioarteko fiskalitateari, transferentzia-prezioei, BATUZi, enpresa handiei edo, berriki, 2. zutabeari. Urrats horiek guztiak gero eta hurbilagoa eta gardenagoa izango den Aldundia lortzera bideratuta daude.