Milaka donostiarrek eman dute izena euskaraldia.eus-en dagoeneko

0

Maiatzaren 14ra arte izena eman daiteke ahobizi edo belarriprest izateko. Izena emanez gero, txapa jaso daiteke Bagera elkartean, Udaleko Euskara Zerbitzuan eta hiriko kultur etxeetan

Donostiako Euskaraldiaren antolatzaileek euskara erabiltzeko ariketa sozialean izena emateko deia egin diete donostiarrei. Izena emateko biderik errazena euskaraldia.eus erabiltzea da.

Izena eman dutenek, txapa jaso dezakete

  • Bagera elkartean,
  • Udaleko Euskara Zerbitzuan,
  • hiriko kultur etxeetan,
  • eta Bentaberriko eta Loiolako Erriberako kiroldegietan.

Leku horietan ere izena aurrez aurre eman ahal izango da.

Horrez gain, San Jeronimo kalearen sarreran dagoen Bulebarreko Kioskoa egokituko da izena eman eta txapak jasotzeko maiatzaren 9an (17:30-20:00),maiatzaren 10ean eta 11n (12:00-14:00 / 17:30-20:00 ) eta maiatzaren 12tik 15era (12:00-14:00 h).

Milaka herritarrek izena eman dute dagoeneko eta antolatzaileek euskara jakin edota ulertzen duten 16 urtez gorako donostiarrak animatu nahi dituzte laugarren edizioan parte hartzera.

Izena ematerakoan bi rolen artean aukeratu behar da:

  • Ahobizi izatea erabakitzen dutenek, 11 egun horietan euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egingo diete. Era berean, ezezagunei lehen hitza euskaraz egingo diete eta ulertzeko gaitasuna dutenekin euskaraz jarraituko dute.
  • Belarriprest izatea erabakitzen dutenek, ez dute beti euskaraz egingo, aldiro erabakiko dute, baina beraiei euskaraz egitea nahi dute. Belarriprest izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

Bagerak eta Udalak elkarlanean sustatutako ekimena

Donostiako Udala eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea elkarlanean ari dira antolatzen Donostiako Euskaraldia. Jon Insausti Kulturako, Euskarako eta Turismoko zinegotziak aukera gisa ikusten du Euskaraldia “hizkuntza ohiturak aldatu eta zenbait inertzia astintzeko. Estres linguistikoa gutxitu eta euskaraz eroso aritzeko ariketa sozial ezinhobea da. Euskara jakin edo ulertzen duen herritar asko dago eta horiek txapa janztea lortzen badugu euskarari ate berriak irekiko dizkiogu aisialdian, lan eremuan eta abar”.

Amets Ibero Bagera elkartearen ordezkariak azaldu du gizartea aktibatzea ezinbestekoa dela. “Euskararen egoera kezkagarria izanik ere, herritarrak ilusio eta motibaziotik aktibatu behar ditugu berriro”. Iberok gogoratu du “elkar mugituz egingo dugu” dela aurtengo leloa eta lelo horri erreparatu diotela ariketa soziala antolatzeko garaian. “Udala eta Bagera eskuz esku ari gara lanean Euskaraldia antolatzen baina ez gaude bakarrik honetan: Donostiako ia 400 entitatek eman dute izena eta horiek ere ekimena sustatzen eta hauspotzen ari dira”.

Maiatzaren 15etik 25era euskarazko ekitaldi ugari auzoetan

Euskaraldia martxan den bitartean euskarazko ekitaldi ugari antolatuko da Donostiako auzo askotan Auzoetako Euskara Batzordeen eta beste zenbait eragileren ekimenez. Donostiako Euskaraldiaren hasiera ekitaldia maiatzaren 15ean, 19:00etan egingo da Egiako Blas de Otero plazan, Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolak antolaturiko Emusik jaialdiaren barruan.

Bestalde, auzoetako euskara batzordeetako ordezkariak, Bizarrain elkarteko Josean Abeciak adierazi du era askotako ekintzak antolatu direla. “Bisita gidatuak, bakarrizketak, kantu jira, hitzaldiak, literatur solasaldiak, musika emanaldiak (Kerobia taldearen kontzertua, erromeriak, eta abar) mintzodromoak, hitano tailerrak, bertso saioak, ginkanak, wikipedian idazteko tailerra eta abar. Eskaintza zabala da eta ilusio handiz prestatu dugu ekintza sorta handi hori Euskaraldirako. Euskara jakin eta ulertzen dugunontzat bereziki prestatu dira, ekintza horien inguruan bildu eta euskara erabiltzeko aukerak biderkatu daitezen”.

Euskaraldirako prestatu den egitaraua www.donostiaeuskaraz.eus eta www.bagera.eus webetan egongo da ikusgai. Hala ere, egitarau honetatik kanpo ere hirian euskarazko ekitaldi gehiago egongo direla gogoratu dute antolatzaileek.