Turismo inklusiboaren aldeko konpromisoa berretsi du Euskadik

0

Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak “The LGBT+ Travel Symposium Basque Country” ekimena inauguratu du; LGBTI+ kolektiboan espezializatutako bidaia-antolatzaile, eragile eta komunikabideak bildu dira Bilbon. Euskadik errespetuzko turismo jasangarri, eta inklusiboarekin duen konpromisoa nabarmendu du sailburuak.

“Euskadin konpromisoa dugu errespetuzko turismo jasangarri eta inklusiboarekin, eta Turismoaren Kode Etikoaren bidez sustatu eta indartzen dugu hori. Ia 800 enpresa dira Kode horren parte izateko etengabeko prestakuntza- eta ebaluazio-prozesua jaso dutenak; Euskadi aitzindaria da horretan eta NBE Turismoaren babesa du”, adierazi du.

Sailburuak azaldu du Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa funtsezko sei printzipiotan oinarritzen dela, eta horien bidez bermatzen dela Euskadi helmuga turistiko segurua, abegitsua, jasangarria eta errespetuzkoa izatea. “Kode Etikoaren bidez, enpresek konpromisoa hartzen dute turisten eskubideak, haien berezitasunak, bizimoduak, gustuak, itxaropenak eta sinesmen-aniztasuna errespetatzeko. Eta turistei, era berean, gure lege eta ohitura kultural eta sozialen berri eman eta errespeta ditzaten dei egiten zaie”, esan du.

Sailburuak azpimarratu duenez, ekimen horrez gain, Euskadik beste urrats bat eman du LGBTI+ turismoaren arloko prestakuntza espezifikoan. “Gaur 139 dira dagoeneko turismo arloan LGBTI+ prestakuntza jaso duten enpresa eta profesionalak, eta konpromiso hartu dute bisitatzen gaituztenei behar bezalako harrera emateko, hala Euskadi errespetuzko helmuga turistiko inklusiboa izan dadin”, nabarmendu du.

Euskadiren errespetuzko izaera anitzak gogorarazten digu paisaia paregabeak eta ospe handiko gastronomia eskaintzen dituela, eta historia luzea dugula aniztasuna onartu, borrokatu eta ulertzen. “Hauxe da zuek ezagutzea nahi dugun Euskadi, munduari azaldu nahi diogun Euskadi. Hauxe da zuek bizi eta esperimentatzea nahi dugun Euskadi, ondoren mugaz gaindi azal dezazuen”, amaitu du.

“LGBT+ Travel Symposium Basque Country” topaketak aukera emango die parte-hartzaileei Euskadiko turismo-eskaintza eta LGBTI kolektiboarentzat dituen potentzialak bertatik bertara ezagutzeko. Horrela, turismo inklusiboaren erreferente gisa duen konpromisoa indartuko da.