‘Pauso Berriak’ programa Marta Oronoz eta Peru Txintxurretarekin Hondarribian

0

Marta Oronoz Biurrarenak eta Peru Txintxurreta Ostolazak Pauso Berriak diploma eman diote Hondarribiko Udalari adimen-desgaitasuna duten pertsonak  gizarteratu eta laneratzeko izandako konpromiso eta inplikazioagatik.

Pauso Berriak Atzegik eta Gureak-ek sustatutako programa da, adimen ezgaitasuna duten pertsonei zuzendua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartua. Ekimen hau merkatu arruntean okupazio zerbitzua txertatzean datza, eta helburua adimen ezgaitasuna duten pertsonen gizarteratzeari eta laneratzeari ikusgarritasuna ematea eta horretan laguntzea da.

Programaren helburua parte-hartzailearen giza-, gizarte- eta lan- arloak garatzea da, enpresarekin sare lana eginez; ekimenean lankideek, familiak, eta programako prestatzaileek eta teknikariek hartzen dute parte, pertsonek beraien gaitasunetara egokitutako lanak egin ditzaten eta lan munduan egiatan txertatzeko.   Gaur egun Pauso Berriak programa finkatua da, 15 urteko ibilbidea baitu.

2022an Hondarribiko Udala Pauso Berriak programari atxiki zitzaion, Peru Txintxurreta honddarribiarra Udalean praktikak egiten hasi zenean. Tarte honetan lan asko egiten ikasi du, eta gizarte eta lan arloetan gaitasun berriak eskuratu ditu. Horri esker, bere praktikak amaituta, Udalean jarraitzen du okupazio-zerbitzuaren bidez. Hauek dira egiten dituen lanetako batzuk: Udaletxeko departamentu eta zerbitzuei dokumentazioa banatzea, kopiagailuak kargatzea eta dokumentazioa suntsitzea, liburutegian aldizkariak eta egunkariak antolatzea eta liburuak etiketatzea, etab.

Bestetik, Marta Oronozek bere okupazio jarduera 2023an hasi zuen Hondarribiko Udalaren, Talaia Hondarribiko Eskolaren eta Pauso Berriak programaren arteko lankidetzari esker. Tarte honetan Martak gauza asko ikasteko eta gaitasun berriak eskuratzeko aukera izan du. Hauek dira Talaia Hondarribiko Eskolan dituen zereginetako batzuk: ateak ireki eta ixtea, eskutitzak jaso eta banatzea, jangelara joaten ez diren ikasleen zerrenda egitea, oinarrizko telefono-arreta, birziklatze lanak, etab.