Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gaur goizean Barakaldoko BECen adierazi duenez, “berrikuntzaren euskal ereduak enpresak eraldatzen, startupak sortzen eta elikagaien balio-katea indartzen laguntzen du”.
Barredok gaur hasi eta maiatzaren 15era arte Barakaldoko BECen egingo den eta elikagaien teknologiaren eta berrikuntzaren arloko munduko elitea bilduko duen Food for Future (F4F) − FoodTech 2025 azokaren inaugurazioan parte hartu du.
Elikagaien industria teknologikoaren nazioarteko topaketa hau –foodtech- Pick&Pack for Food Industry azokarekin batera egingo da, eta 8.000 profesional baino gehiago bilduko ditu. Profesional horiek elikagaien industriako ekoizpen-lantegiak automatizatzeko eta digitalizatzeko azken berrikuntzak ezagutuko dituzte, bai eta 250 enpresa erakusketarik baino gehiagok aurkeztuko dituzten ontzi, enbalaje eta logistikako azken garapenak ere.
“Kalitatezko elikaduran, erreferentziazko gastronomian, 0 kilometroko produktuetan, arrantza jasangarrian, landa-garapenean eta belaunaldiak berritzean Euskadi bere bikaintasunagatik eta ezagutza sortzeko, inbertsioak erakartzeko, startupak bultzatzeko, teknologia berriak garatzeko eta soluzio globalak lideratzeko duen gaitasunagatik ezagutzen da Europan”, azpimarratu du Amaia Barredok.
Food for Future Euskadik elikaduraren alde, sektore estrategiko gisa, Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren bidez, The Food Global Ecosystem bultzatuz eta gure ekosistema enpresarial eta berritzailea indartzearen bidez, egiten duen apustuaren ebidentzia da. Gaur egun, Euskadin 137.000 enplegu baino gehiago daude elikadura-sistemari lotuta, eta gure Barne Produktu Gordinaren ia % 10 da”, nabarmendu du Amaia Barredok.
Amaia Barredorekin batera parte hartu dute Kongresuan Rogelio Pozok, Food 4 Future World Summit kongresuko zuzendaria eta AZTIko CEOa denak; Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapeneko foru-diputatuak; eta Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak.
Eusko Jaurlaritzak stand zabal bat izango du, eta stand horrek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren jarduera eta kontaktuak eta parte hartuko duten entitateak hartuko ditu: Elika (Elikagaien Segurtasunerako Fundazioa), Neiker (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Zentro Teknologikoa) eta Hazi (Landa-garapen integralerako fundazioa).
Standa
“Euskadi Basque Country” stand instituzionalean enpresen eraldaketan, startupak sortzen eta elikagaien balio-kate osoa indartzen laguntzeko tresnetan oinarrituta dagoen berrikuntza ireki eta partekatuko eredua zehaztuko da. Standak erakusketa-eremu bat izango du −bertan nekazaritza bertikaleko, packaging jasangarriko eta elikagaien soberakinak balioztatzeko aurrerapenak erakutsiko dira−, bai eta pertsonak eta proiektuak konektatzeko networking eremu bat ere.
Azoka bisitatzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzak gero eta eraginkorragoak diren prozesuen bidez balioa sortzeko espezializazioan egiten duen apustuari buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute, eta prozesu horiek dira, besteak beste, ekoizpen-ekosistema gero eta seguruagoak, jasangarriagoak eta osasungarriagoak, elikadura-osasuna binomioaz gero eta kontzientzia handiagoa duten herritarrentzat zerbitzu eta produktu sorta berri bat garatzea eta teknologia digital eta bioteknologiko berriak sartzea.
Erakusketa guneek, besteak beste, sektorearentzat gaitutako laguntzei buruzko informazioa eskainiko dute, bai eta garatzen ari diren hainbat proiektu berritzaileri buruzkoa ere: Liburu Zuri Digitala (Hazi), Indoor Vertical Farming eta Agripower (Neiker), Elikagaiak alferrik galtzea eta Ontzi (Elika).
Dibulgazioko elementu ludiko gisa, Food Truck bat edo sustapen-ibilgailu bat instalatu da Euskadiko elikagaiak eta edariak dastatzeko: Eusko Labela duten hanburgesak, Lumagorri oilaskoa, Baserria KM0 behi- eta txahal-haragia eta Basatxerri baserriko txerria, eta edarietan Basque Beer, Arabako Errioxako ardoak, txakolina, muztioak eta ura.
Jarduera instituzionala
Alemania herrialde gonbidatua izanik, azokak osagai instituzional aipagarria du. Amaia Barredo sailburuak eta Saileko beste ordezkari batzuek parte hartuko dute ekitaldi horietako batzuetan, hala nola gaur, asteartea, maiatzak 13, Japoniako ordezkaritzari egingo zaion harreran, Raul Perez Iratxeta Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearekin.
Barredok errekonozimendu bat eman dio Alemaniak Bilbon duen ohorezko kontsulari, eta bihar lan-gosaria izango du Elikagaien Industriako ordezkariekin.
Foodtech Innovation Awards 2025 sariak gaur arratsaldeko 18:30ean banatuko dira. Amaia Barredok emango ditu elikaduraren sektorea etorkizun teknologiko, produktibo eta jasangarriago baterantz daramaten proposamen berritzaile eta disruptiboenak aitortzen dituzten sari horiek.
“Produktuak edo zerbitzuak azken kontsumitzaileari saldu ordez beste enpresa batzuei saltzen dizkieten B2B enpresen bilerak ere egingo dira. Horrela, aurten, berriz ere, Euskadi foodtech sektorearen ezinbesteko hitzordua bihurtuko da, eta hiru egunetan mundu osoko profesionalei erakutsiko dizkie elikagaien industria segmentu guztietan eraldatzen ari diren azken berrikuntzak eta soluzio teknologikoak. Hori guztia elikagaien industriarako elikagaien segurtasuneko eta zientziako, robotikako eta automatizazioko eta elikagaiak prozesatu eta ontziratzeko azken-azkeneko soluzioak aurkeztuko dituzten enpresen eskutik” zehaztu du Amaia Barredok.