Araudiaren aldaketa Kontxako Emakumezkoen Banderan

0

EuskoTren ligan sailkapen onena lortzen duen Donostiako kluba izango da hiriko ordezkaria Kontxako Banderaren bi igandeetan

Donostiako Udalak eta Kontxako Banderaren antolatzaile Donostia Kultura Festak-ek erabakia hartu dute lehiaketa egiten den bi igandeetan hiriko emakumezko traineru baten zuzeneko partaidetzari buruzko araudia aldatzeko.

Kultura zinegotzi Jon Insaustik eta Berdintasun zinegotzi Ane Oyarbidek azalpenak eman dituzte gaur goizean Donostiako Udaletxeko prentsa aretoan, hain zuzen ere, aurten bertan aplikatuko den erabakiari buruzko azalpenak.

Jon Insaustik adierazi du, araudia aldatzeko erabakia hartu dela, behin mahai gainean zeuden hainbat faktore aztertuta, emakumezkoen trainerua duten bi klubekin hitz eginda eta egoerari aurre egiteko modu egokienari buruz hausnarketa sakona eginda. Izan ere, egoera tentsio uneak sortu izan ditu bi aldeen, Udalaren eta Donostia Kultura Festak-en artean.

Horren harian, Insaustik honakoa esan du: “Hartutako erabakiak bi klubak berdintasun egoeran utziko ditu. Gogoratu behar da bi klubek Udalaren babesa jasotzen dutela, eta biek Kontxako Banderaren bi igandeetan hiriari kolorea eta giro ona ematen dioten jarraitzaile oinarri sendoa dutela”.

Hasieratik Kontxako Banderak Donostiako ordezkaritza izan du. Historian zehar ordezkaritza hori hiriko hainbat klubak izan dute, hain zuzen ere, arraun arloa landu izan duten hainbat klubak, eta ordezkaria nor zen erabakitzeko sailkapen estropada bat egin izan da Aste Nagusian. Horrela egin izan da 2008.urtea arte, hain zuzen ere, Kaiarriba Donostiarra klub bateratua sortu arte.

Emakumezkoen Kontxako Banderan aldiz, proiektu bateratuak ez du trainerurik izan 2017.urtea arte. Orduko araudiak Donostiako tripulazio bati buruzko aipamena egiten zuen, eta urte hartan proiektu bateratua izatera pasa zen hirian bi emakumezkoen traineru zeudela ikusita. Eta araudiaren atal hau da aldatzea erabaki dena, emakumezkoen Kontxako Banderaren hiriko ordezkaritza erabakitzeko baldintza berriak jasotzeko.

Araudi berria

Zehatzago, araudi berriak segidakoa jasotzen du:

  • “Kontxako Banderaren parte hartze oinarriak onartzen direnean, banku finkoko ligaren batetan emakumezkoen traineru donostiar bat baino gehiago lehiatzen egongo balitz, irailaren lehen bi igandeetako estropadetan zuzenean parte hartuko du hiriko ordezkari moduan maila goreneko ligan sailkapen onena duen klubak, baldin eta bi traineruak lehiaketa berean parte hartzen badute”
  • Edo “baldin eta, bi traineruek liga ezberdinetan parte hartuko balute, maila gorenean lehiatzen duen kluba izango litzateke”.

Berdintasun zinegotzi Ane Oyarbidek nabarmendu duenez, «uste dugu neurria bidezkoa dela, etorkizunean sor litezkeen eztabaidei amaiera ematen dielako eta bereziki garrantzitsua den gaian zentratzeko aukera ematen digulako: Donostian emakumeen parte hartzea kirol arloan oso handia da, eta horri esker, arraunean ere, emakume kirolari handiak daude. Beraz, erabakia garrantzitsua da, emakume horiei berdintasunean parte hartzeko aukera ematen zaielako”.

Donostiako Udalak eta Kontxako Banderaren antolatzaile Donostia Kultura Festakek hainbat kontaktu izan dituzte bi klubekin erabakia hartu ahal izateko, eta gaur goizean bertan erabakiaren berri eman diete.