Euskararen ezagutza-mailak aitortzeko azterketetan 17.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena

0

17.712 pertsonak eman dute izena euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko azterketetan. Iaz baino % 6,14 gehiago eta duela bi urte baino % 17,3 gehiago. Datu hauek, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako doakotasun-politikaren ondorioz matrikulazioek izan duten hazkundearekin batera (ikasturte honetan % 20 A1 mailan), “gizarteak euskaran duen interesa islatzen dute” adierazi du Ibone Bengoetxeak.

Prentsaurrekoan emandako datuen arabera, ikastaro honetan % 20a handitu da maila oinarrizkoeneko ikasleen matrikulazioa (A1).

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, euskara aukerak ugaritzeko gai den hizkuntza bat da. Pertsona berriekin, errealitate berriekin, kulturarekin eta lan-aukerekin konektatzeko aukerak.

“Hizkuntzaren ezagutza -azaldu du- ezinbestekoa da erabilera sozialerako bilatzen dugun jauzi kualitatiboa emateko. Urratsez urrats, uste dugu hau dela bidea”.

Jaurlaritzak Kultura Ondare immaterialen inbentarioari buruzko dekretua onartu du

Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du Kultura Ondare Immaterialaren balioa nabarmentzeko, Kultura Ondare Immaterialen EAEko Inbentarioaren Dekretua onartuta.

Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, “ondare immaterialaz ari garenean, bizirik dagoen zerbaiti buruz ari gara, belaunaldiz belaunaldi gure komunitateak babestu eta transmititu duena. Dekretu honekin urrats garrantzitsu bat eman nahi dugu euskal gizarte gisa garenari balioa emateko”.

Oinarri komunitario, tradizional, garaikide eta aldi berean biziak diren ondasunez ari gara.

Bere ezaugarrien artean, historian zehar belaunaldien arteko transmisio-lerroan jarraitasuna duten ondasunak izan behar dute. Era berean, komunitatean dauden eremuen aniztasunari erantzun behar diote, eta ez dute elementu puntualetan zentratu behar, mediatikoak, deigarriak edo salbuespenezkoak direlako.

Jaurlaritzak 2 milioi euro gehiago jarriko ditu Guggenheim museoan

Eusko Jaurlaritzak 2 milioi euro gehituko dio Guggenheim Bilbao Museoko Arte Modernoaren Sozietate Edukitzailean duen partaidetzari, artelanak erosteko.

Kapitala handitzeko erabakia otsailaren 27an egindako ezohiko bileran hartu zen, 2025ean Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma propioaren eskuratze-programa garatu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak 1,9 milioi euroko kapital-gehikuntza egingo du, eta, beraz, 67,4 milioi euroko partaidetza izango du «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatean, hau da, kapital sozialaren % 50. Gainerako % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio.

Barne-izapideetarako denborak murriztea

Jaurlaritzak 9 hilabetetik 5 hilabetera murriztuko du bere arau-xedapenak izapidetzeko denbora.

Maria Ubarretxena sailburuak azaldu duenez, “izapidetze-eredu berria gaur onartu du Gobernu Kontseiluak, eta haren helburua da, prozesua arintzeaz gain, eskuzko kudeaketak minimizatzea eta arau-xedapen orokorrak Tramitagune atarian zentralizatzea”.

“Prozeduraren fase bakoitzak epe jakin batzuk izango ditu, -azaldu duenez- prozesu osoan segurtasun juridikoz aurrera egiteko, tramitazioan itxaron gabe”.

Kudeaketa-eredu berri honi esker, instrukzio-faseak, dekretu edo lege baten erregelamenduen kasuan, hilabete batera murriztuko dira. Eta bi hilabetera, lege-proiektuen kasuan.

Izapidetze-fase guztiak bizkortuz, aurreikusten da xedapen bat egiteko prozesu osoa 9 hilabetetik 5-6 hilabetera igaroko dela, batez beste.

“Administrazioa arintzea eta sinplifikatzea – aipatu du – Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak legegintzaldi honetarako duen ardatz estrategikoetako bat da, pertsonen zerbitzura zerbitzu publiko irisgarriak, eraginkorrak eta efizienteak bultzatzeko”.

10,5 milioi kontratazioa sustatzeko

Gobernu Kontseiluak 10,5 milioi euroko laguntzak onartu ditu langabetuen kontratazioa bultzatzeko. Gazteak eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak dira laguntza hauen hartzaile nagusiak.

María Ubarretxenak azaldu duenez, «ekimen honen bidez, Lanbidek gutxienez 1.350 pertsonen enplegagarritasuna sustatu nahi du, prestakuntza-, ikerketa- eta inklusio-programen bidez».

Abian jarriko diren bost programen artean, Hezibi nabarmentzen da, 3 milioi euroko zuzkidura duena. Ekimen honen bidez, Lanbide Heziketako 900 gazteren prestakuntza eta txandakako lana finantzatzea aurreikusten da, Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez.

Indarkeria matxistaren biktima diren umezurtzentzako laguntzak

Jaurlaritzak laguntza-sorta bat onartu du indarkeria matxistaren biktima diren seme-alaba umezurtzentzat.

Programa honen helburua da kolektibo horri ematen zaion laguntza indartzea, zaurgarritasun-egoera berezian dagoelako.

Jaurlaritzaren bozeramaile Maria Ubarretxenak adierazi du ekitaldi honetan, Jaurlaritzak 450.000 euro erabiliko dituela. Iaz, 6 pertsonak jaso zuten laguntza hau. Laguntzak onuradunak adin-nagusitasuna bete arte jasoko dira. Edo 25 urtera arte, ikasten ari diren seme-alabak edo pertsona dependienteak badira.

Gizarte-bonu termikoa

EAEko 62.000 familiak baino gehiagok jasoko dute aurten gizarte-bonu termikoa. Programa honen helburua da konpentsatzea kontsumitzaile zaurgarrienek berokuntza, ur bero sanitarioa, kozinatzeko jardueretara eta halakoetara bideratzen dituzten gastuak, erabilitako energia-iturria edozein dela ere.

Maria Ubarretxenak adierazi duenez, ekimen honi aurre egiteko, Gobernu Kontseiluak 14 milioi euro pasatxoko diru-zuzkidura onartu du.  2024an, 53.715 onuradun izan ziren, eta guztira 12 milioi euroko gastua izan zen.

STI Sexu bidez Transmititutako Infekzioen prebentzioa

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die sexu bidez transmititutako infekzioak prebenitzeko Osasun Sailak ematen dituen laguntzei.

Programa hau gizarte-ekimeneko eta irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzenduta dago. Entitate horiek, onuradun izateko, (VIH) GIBaren infekzioa, C hepatitisarena edo sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egin behar dituzte Euskadin 2025ean zehar.

Osasun Sailak 300.000 euro bideratuko ditu ekimen hau garatzeko.

“Horrela, Osasun Sailak -adierazi du bozaramaileak- jarraituko du bultzatzen entitate horiek GIB/hiesaren, C hepatitisaren eta (STI) Sexu bidez Transmititutako Infekzioen arloan egiten duten lana. Funtsezkoak baitira, administrazio publikoen ekintzarekin batera, infekzio horien transmisioa prebenitzeko. Baita jadanik birusa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ere”.

Euskadi gardentasun-indize desberdinen lehen postuetan


Eusko Jaurlaritza lehen postuetan dago, beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta, hainbat gardentasun-rankinetan, hala nola DYNTRA 2022, INTRAG 2016 edo nazioarteko gardentasuna 2019.

Hauek dira Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak gaur aurkeztu duen Euskadiko Administrazio Orokorrean eta haren sektore publikoan gardentasunaren ezarpen-mailari buruzko 2024ko balantze-txostenaren datuetako batzuk.

Gardena izeneko gardentasun-atariak 42.000 bisita baino gehiago jaso zituen 2024an, 2023an baino % 34 gehiago. Eta Open Data Euskadik, adibidez, datu ireki eta berrerabilgarrien 13.709 multzo ditu jada bere katalogoan.

2024an, informazio publikoa eskuratzeko 289 eskaera egin dira.

Eskaera horiei erantzuteko epea nabarmen murriztu da. Batez beste, 37,49 egun natural izan ziren 2023an, eta 30,20 egun 2024an.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak jaso eta tramitatu ditu eskaera gehien (% 29,42). Ondoren, Osasun Sailak (% 24,57) eta Segurtasunekoak (eskaera guztien % 13,15).

Informazio Publikorako Irispiderako Euskal Batzordeak 158 erreklamazio jaso zituen, eta guztiak ebatzi ziren. Erakunde hori 2016an sortu zen, informazio publikoa irispidean izatearen arloko erreklamazioei erantzuteko.

Espetxeetan dauden pertsonentzako laguntza juridikoko zerbitzua

Gobernuak 334.000 euro bideratuko ditu Abokatuen Elkargoetara, 2025ean euskal espetxeetan dauden pertsonei Espetxe Laguntza Zerbitzua bermatzeko.

Bozeramaileak esan duenez, “Euskadi da horrelako zerbitzu bat eskaintzen duen autonomia erkidego bakarra, 1987an zerbitzu hori lehen aldiz eskaini zenetik”.

FEAGA Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren laguntzak

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Nekazaritza Politika Bateratuaren barruan dauden FEAGA Europako Nekazaritza Funtsaren kargurako laguntzen deialdiari.

Maria Ubarretxenak azaldu duenez, agindu honen bidez, Euskadin 2025eko laguntzen eskaera bakarra aurkezteko prozedura ezarriko da. Gainera, kudeaketa- eta kontrol-sistema integratua aplikatzeko espezialitateak arautzen dira.

Zuzeneko ordainketa disoziatuetan sartzen dira jasangarritasunerako errentarako oinarrizko laguntzak eta klimaren eta ingurumenaren aldeko laguntzak.

Programak, gainera, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak garatzeko eta modernizatzeko beste laguntza mota batzuk ere jasotzen ditu.