Donostia izango da eremu tentsionatua izendatutako Euskadiko lehen hiriburua

0

Horri esker, hainbat politika publiko aplikatu ahal izango dira, merkatuaren disfuntzioak zuzentzeko eta etxebizitza-eskaintza handitzeko

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ofizialki izendatu du Donostia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu. Datorren uztailean argitaratuko da behin betiko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE). EAEko hiru hiriburuetatik lehena da izendapen hori lortzen. Hiru urteko indarraldia izango du, eta, horri esker, hainbat politika publiko aplikatu ahal izango dira, merkatuaren disfuntzioak zuzentzeko eta etxebizitza-eskaintza handitzeko.

Izendapena aurkezteko ekitaldia gaur goizean egin da Donostiako udaletxean, eta bertan izan dira Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Eneko Goia alkatea. Herritarren kezka nagusietako bati egiturazko erantzun bat emateko erakundeen arteko konpromisoa irudikatu dute.

Itxasok azpimarratu duenez, “tentsionatutako eremuen ahalmen guztia baliatuko dugu; erakundeen arteko lankidetzatik hasi eta maizterrak babesteraino, etxebizitza-eskaintza handitzeko lan egiten dugun bitartean. Hori guztia, jabeentzako bermeak alde batera utzi gabe”. Izan ere, “Donostia da, ziurrenik, eskaintza urria eta garestia eragiten duen tentsionamendu handia gehien nabari den udalerria, eskaera handiaren aurrean. Bizitegi-krisi hori bereziki larria da lurzoru erabilgarri gutxi dagoen hirian, eta dagoen apurra kudeatzea konplexua da maiz”.

Horregatik, sailburuaren hitzetan, “garrantzitsua izan da Udalarekin akordioak ixtea, lurrak lagatzea lortzeko, bertan etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eraiki ahal izateko. Epe motz eta ertainera 1.350 etxebizitza eta bizitoki baino gehiago izango dira, eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du eraikuntza-lana, hauetan:

  • Lorategi Hirian (100 etxebizitza),
  • Loiolako Erriberetan (83 bizitoki),
  • Txomin Enean (400 etxebizitza),
  • Morlansen (160-180 bizitoki),
  • Easoko Trenbide Zabaltzan (500 bizitoki)
  • eta Eliseoko Zelaietan – Martutenen (98 bizitoki).

Itxasoren ustez, “proiektu hauek Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak donostiarren arazo nagusiarekin duen konpromiso politikoaren hasiera baino ez dira”.

“Inpaktu handieneko” operazioen kasuan, Itxaso sailburuak adierazi duenez, “aliantzak bilatu ditugu Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioarekin, baita Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailarekin ere”. Epe luzeagora begira, Udalarekin sinatutako akordioari esker, “Loiolako Kuarteletan eta, batez ere, Auditz Akularren aurreikusitako operazio handiagoak lankidetzan egin ahal izango ditugu eta, horretarako, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Udalarekin aritzeko konpromiso eta determinazio osoa adierazi nahi dut”.

Izan ere, sailburuaren hitzetan, “gauzak aldatzen ari dira, etapa berri honek anbizio handiagoa du oinarri, baina baita administrazioen arteko lankidetza hobea ere». Itxasok aitortu duenez, “Donostia da, gaur egun, familiek etxebizitza bat eskuratzeko ahalegin ekonomiko handiena egin behar duten Euskadiko hiriburua”.

Nahiz eta egia den hemen etxebizitzaren prezioa oso altua izan dela beti, nabarmendu duenez, “duela urte batzuetatik hona donostiar askok beren hirian bizitzeko itxaropena galdu dute, eta beharrezkoa dute hura berreskuratzea. Horretarako, beharrezkoa da ekintza-estrategia sendoa hedatzea, konfiantza berreskura dezaten. Horregatik, etxebizitza babestuetarako aurrekontu-ahaleginaren zati handi bat hiri honetara ari gara bideratzen, eta inbertsio-maila inoizko handiena izango da».

Sailburuak azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritza oso kezkatuta dago krisi honek erdi-mailako klaseetan izan dezakeen eraginagatik. Klase hori da, kopuru aldetik, gure gizartearen bihotza, eta ezin dira eskubide hori gabe gelditu». Hori dela eta, “prezioak eutsi bakarrik ez, eskaintza bultzatu, parke publikoa indartu eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurri-sorta bat lantzen ari gara. Gure helburua da errenta-muga guztietarako irtenbideak eskaintzea, etxebizitzaren arazoak baduelako konponbidea; bide horretan, konpromisoa eta zehaztasuna ditugu oinarri, baita entzutea ere», amaitu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.

Eneko Goiak azpimarratu duenez, “tentsionatutako eremu izendatuta, udalerriak beste tresna bat gehiago izango du eskura etxebizitzaren arazoari aurre egiteko; donostiarrei gehien kezkatzen dien gaietako bat da». Horren harira, Goiak nabarmendu duenez, “espero dugu neurri honek lagunduko digula hirian alokairu-merkatuko prezioak egonkortzen” eta, gaineratu duenez, “ezinbestekoa da beste batzuk ere aktibatzea, hala nola tipologia ezberdineko etxebizitza publikoen sustapen berriak martxan jartzea, hirian bizi diren eskatzaileen kopuruari erantzun zabala emateko”.

Era berean, Donostiako alkateak gogorarazi duenez, “Donostiako Udala da aspalditik etxebizitza publiko berria sortzeko finantza-ahalegin handiena egiten ari den udala, eta etxebizitza horiek eraikitzeko zorra 150 milioi euro ingurukoa da. Gainera, Udala da hiriko hainbat tokitan alokatu daitezkeen 2.000 elementu baino gehiagoren jabe, eta etxebizitza publikoaren parkea handitzeko lanean ari da gaur egun”.

Eneko Goiak ziurtatu duenez, “Arazoari aurre egiteko inplikatuta dago Donostia, baina are gehiago egin behar da”. Ildo horretatik, gogorarazi duenez, “gaur egun hirian 1.200 etxebizitza berri inguru ari dira eraikitzen hiriko hainbat tokitan, hala nola Lorategi Hiria, Añorga edo El Infierno guneetan, eta laster onartuko diren plangintza berriei esker urte amaieran eraikitze-fasean egongo dira 1.500 etxebizitza. Horiez gain, nabarmentzekoa da ere Loiolako Kuartelak salerosteko akordioa, horren bidez 1.700 etxebizitza berri eraiki ahalko baitira».

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin duten harreman ona nabarmendu du, Espainiako Gobernuarekin batera desblokeatu baitute “Txomin Enea II proiektuaren etorkizuneko garapena, espetxea itxi ondoren. Horrez gain, Udalak udal-titulartasuneko lurrak Eusko Jaurlaritzari etxebizitza eraikitzeko lagatzea ahalbidetuko dion hitzarmen bat ere landu da. Espero dugu neurri horiek guztiek dagokien aurrekontu-zuzkidura izatea, herritarrak gehien kezkatzen dituen arazoetako bati irtenbidea emateko bidean konpromisoz eta ausardiaz aurrera egiten jarraitzeko”.

Donostiako bizitegi-merkatuaren ikuspegi orokorra

Donostiako Etxegintza – Etxebizitzaren Enpresa Erakunde Publikoak egindako txostenak —Donostia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko dokumentazioaren oinarri gisa txertatu da—adierazten du Gipuzkoako hiriburuko etxebizitzaren batez besteko prezioa 5.370 €/m²-koa dela, Estatuko altuenetakoa. Alokairuari dagokionez, 2023an sinatutako kontratuen batez besteko prezioa 1.037 eurokoa da, eta apenas bost urtetan % 13,6 egin du gora.

Izan ere, alokairuari oinarrizko gastuak gehituta, errenta erabilgarriaren % 30 baino gehiago dela egiaztatu da, % 31,6ra ere iritsita. Adierazle hori funtsezkoa izan da tentsionatutako eremu izendatzeko.

Prezioen presio horri bizitegi-eskaintza mugatua eta zaharkitua gehitu behar zaio. Hiriak 95.000 etxebizitza inguruko parkea du, eta batez beste 53 urte dituzte etxebizitzek. Hala, % 20k ez du igogailurik; portzentaje hori % 31ra ere igotzen da Intxaurrondon eta beste zenbait lekutan. Gainera, 2.109 etxebizitza hutsik daude (parkearen % 2,2) eta, estatistikaren arabera, horietatik 1.481 kudeatzeko modukoak dira. Gainera, erabilera turistikorako 1.395 etxebizitza daude (etxebizitza guztien % 1,4), batez ere Erdialdean eta Grosen.

Ibilbide-orria

Izendapenarekin batera, datozen hiru urteetarako ibilbide-orria aurkeztu du Udalak. Helburua argia da: arrazoizko prezioko etxebizitza-eskaintza handitzea, zaharkitutako parkea leheneratzea eta herritarrentzako laguntzak indartzea.

Plana lau ardatz estrategikotan dago egituratuta:

  1. Alokairu eskuragarria sustatzea eta, horretarako, 1.018 etxebizitza babestu eta 342 zuzkidura-bizitoki eraikitzen hastea aurreikusi da. Guztira, 1.360 etxebizitza aurreikusi dira: 400 Txomin Enea IIn, 305 El Infierno eremuan, 160 Morlansen, 156 Illarran, 105 Illarra Berrin, 100 Añorgan, 80 Loiolako Erriberetan, 16 Apostoladon eta 9 Rodilen.
  2. Hiri-birgaitzea eta berroneratzea, bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko, batez ere adinekoentzat edo mugikortasun murriztua dutenentzat.
  3. Alokairurako laguntza-sistemak handitzea, hala nola, Gaztelagun, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak. Aipatzekoa da Gaztelagunek laguntzak ematen dizkiela 36 urtetik beherako gazteei, ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko. Donostian. 452 espediente daude indarrean, hau da, oraindik laguntza kobratzen ari dira, eta 285 espediente amaituta daude (dagoeneko ez dute laguntzarik jasotzen). Orotara, 2,9 milioi euro bideratu dira laguntzen bidez.
  1. Erakundeen arteko koordinazioa eta gobernantza ona eta, horretarako, Etxegintza laguntza integralerako bulego gisa duen eginkizuna indartzea.

Etxebizitza-programen eta -politiken eragina

Donostiako Udalak babestutako etxebizitza ugari ditu. Guztira, Donostiako Etxegintzak 2.087 etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki ditu, udalerriko auzo gehienetan banatuta.

Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak eta Alokabidek alokairu babestuaren erregimenean dituzten 554 etxebizitza eta zuzkidura-bizitokiak daude. Gainera, babestutako alokairuko 510 etxebizitza daude, Benta Berri enpresa pribatuarenak.

Beraz, Donostian alokairuko etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien parkea 3.151 unitatekoa da, hau da, hirian alokairuan dauden etxebizitza guztien laurdena.

Etxebizitza hutsak alokatzeko eta mobilizatzeko merkatuko bitartekaritza-programei dagokienez, Donostiako Etxegintzaren Alokabide programak 235 etxebizitza ditu alokairuko etxebizitzen udal-poltsan. Horrez gain, 94 etxebizitza daude Jaurlaritzaren Bizigune programan eta 5, berriz, ASAP programan.

Azkenik, Itxaso sailburuak eta Goia alkateak anbizioz jokatzearen garrantzia azpimarratu dute, instituzioen arteko lankidetza eta herritarrekiko konpromiso etikoa oinarri hartuta. “Etxebizitza politika publikoen erdigunean jartzen duen eredu bat eraikitzen ari gara”, amaitu dute biek, “etxe duin bat eskuratzeko eskubidea ezin delako zoriaren edo merkatuaren menpe egon. Herritarrak babesten dituen herrialde baten konpromisoaren menpe egon behar du”.