Maiatzaren 15ean ospatzen den Familien Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak Familientzako Baliabideen Gida berri bat prestatu du. Euskadiko familiei euskal administrazio publikoek eskaintzen dituzten laguntza, zerbitzu eta programei buruzko informazioa hurbiltzeko diseinatutako tresna da.
Gidaren helburua da politika publikoek familien ongizatean duten funtsezko zeregina aitortzea, eta eskura dituzten baliabideetarako sarbidea erraztea: laguntza ekonomikoak, gizarte-programak, zerbitzu espezializatuak, informazio-webguneak eta gaikako katalogoak.
Familia mota guztien beharrei erantzuteko diseinatutako bilatzaile baten bidez, aplikazioak aukera ematen du eskura dauden baliabideak erraz aurkitzeko eta baliabide horietara sartzeko moduari buruzko informazio eguneratua lortzeko. Gero eta familia-aniztasun handiagoa dagoen testuinguru batean, ekimen honek erantzuna eman nahi die euskal gizartearen errealitateei, familia-eredu tradizionala familia-forma eta -egitura berriekin batera bizi baita.
«Familiak sozializaziorako, afekturako eta hezkuntzarako lehen gunea dira. Bere papera aitortzea eta egunerokotasuna erraztea erantzukizun partekatua da «, nabarmendu du Gorka Oraa Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak. Gidak horixe bilatzen du, hain zuzen ere: familiei laguntza instituzionala behar dutenean aurkitzen laguntzea, beren ezaugarri eta zirkunstantzia espezifikoetara egokituz.
Gida honekin, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak Euskadiko familia guztien ongizatearekin duen konpromisoa ez ezik, politika inklusiboen, eskuragarrien eta egungo beharretara egokituen aldeko apustua ere berresten du.
Informazio gehiago eta gida: Familientzako Baliabideen Gida – Familia politika eta Gizarte Garapena – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus