Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak kanpaina bat jarri dute abian prestakuntzan dauden egoiliarrak erakartzeko, bere Gaztetzeko eta Fidelizatzeko Programaren barruan. Programa horrek kontratazio-baldintza erakargarriak eskaintzen ditu, ordainsariei, lan-baldintzei eta garapen profesionalari dagokienez. Euskal osasun zerbitzuak prestakuntza handiena duten pertsonak sartu nahi ditu bere plantillan, osasunaren arloan planteatzen diren erronkei erantzuteko eta, horrekin batera, kategoria mediko batzuetan dagoen profesional faltari aurre egiteko.
Deialdia espezialitate mediko guztietako, Lehen Mailako Arretako eta Ospitaleko Arretako egoiliarrei zuzenduta dago, hala prestakuntza Osakidetzan jaso dutenei nola beste autonomia-erkidegoetakoei. Kolektibo horri ateak irekitzen zaizkio Europan punta-puntakoa eta erreferentea den osasun-sistema bateko profesionalen taldean sartzeko.
Zer baldintza eskaintzen ditu Osakidetzak?
- Iraupen luzeko kontratuak: 3 urtera arteko kontratua, Gaztetzeko eta Fidelizatzeko Programaren barruan, edo plaza hutsak betetzea.
- Soldata erakargarriak: urteko 56.629,63 euroko oinarrizko ordainsaria, antzinatasuna, ospitalizazioagatiko osagarriak eta autokontzertazioarekin batera.
- Lan-baldintzak:
- Baimenak eta oporrak:
- 28 laneguneko oporraldia.
- Norbere eginkizunetarako 6 egun.
- Lana eta familia kontziliatzeko eskubideak.
- Ordainsari-hobekuntzak: ordainsari osoak aldi baterako ezintasunean.
- Itzarri – BGAErako sarbidea.
- Baimenak eta oporrak:
Osakidetzan lan egiten hasi nahi izanez gero, aldi baterako kontratazio-zerrendetan izena eman behar da esteka honetan. Eskaera une honetan bertan egin dezakete prestakuntza uztailean amaituko duten egoiliarrek nahiz irailean amaituko dutenek.
PROFESIONAL FALTA KONPONTZEA
Espezialitate batzuetan dagoen urritasuna arintzeko medikuak erakartzea da Osasun Sailaren eta Osakidetzaren lehentasun nagusietako bat, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak behin baino gehiagotan esan duen bezala. Prestakuntzan dauden egoiliarrak (BAMEak) Gaztetzeko eta Fidelizatzeko Programaren bidez erakartzeaz gain, oraintsu itxi da Lehen Mailako Arretako betetzeko zailak diren lanpostuen EPEan izena emateko epea. Hain zuzen ere, eskainitako 143 plazetako bat eskuratzeko interesa duten 800 pertsona baino gehiago biltzea lortu du EPE horrek. Zehazki, 653 lanpostu eskaintzen dira Familiako Medikuntzan, 77 Pediatrian, 90 Psikiatrian eta 25 Ospitalez Kanpoko Haur Psikiatrian. Nabarmentzekoa da eskaeren % 10 Euskaditik kanpoko medikuek egin dituztela.
** Egoiliarrak Osakidetzara erakartzeko kanpainaren bideorako esteka: https://youtu.be/1iCUicuyVK8