Atzerritarrak biztanleriaren %10,6 dira, iaz baino 859 gehiago
189.866 biztanlerekin amaitu zuen Donostiak 2024a, hau da, iaz baino %0,4 gehiago, 772 biztanle gehiagorekin, eta beraz, hiriak historian izan duen biztanle-kopuru handiena da.
2024ko abenduaren 31ko erroldaren datuek adierazten dute biztanle-kopurua handitu dela, eta batez besteko adina 47 urtetan mantendu da. Emakumeen batez besteko adina 49 urtekoa da, eta gizonezkoena, aldiz, 45 urtekoa.
Era berean, hirian emakume gehiago dago gizonezko baino. Biztanleen %52,6 emakumezkoa da, eta gehiago bizi dira. Eta zehatzago, 65 urtetik gorako biztanleei erreparatzen badiegu, %58,6 emakumeak dira. Eta 80 urtetik gorako biztanleen %66 emakumeak dira.
Auzoak
Amara Berri da biztanle gehien izaten jarraitzen duen auzoa, 30.244 biztanlerekin (biztanleen %15,9). Jarraian Erdialdea (22.517) eta Altza (20.612) daude. Hiru auzo hauek gehi Grosek (17.831) biztanleen %48 zenbatzen dute.
Bestalde, Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 317 (%0,2). Jarraian, Igeldo (1.125) eta Miramon-Zorroaga (2.475) daude. Loiola (+295) da 2024an gehien hazi den auzoa, eta aldiz, Gros da biztanle gehien galdu dituena (-109).
Atzerritarrak
Donostian bizi den atzerritar kopurua hazi da, eta iaz baino 859 atzerritar gehiago bizi dira hirian. Guztira 20.167 atzerritar bizi dira Donostian (10.203 gizon eta 9.964 emakume), eta beraz, hiriko biztanleen %10,6 dira.
Hondurasek jarraitzen du atzerritar kopuru handiena izaten (2.425 biztanle). Jarraian Kolonbia (1.942), Nikaragua (1.828), Maroko (1.490) eta Italia (1.089) daude. Bigarren postuan aldaketa egon da, eta Kolonbiak Nikaraguari aurre hartu dio, eta 2024an gehien hazi den herrialdea izan da (+184). Marokok ere hazkunde handia izan du (+144), eta Aljeria (+125), Peru (+77) eta Estatu Batuak (+66) izan dira jarraian hirian gehien hazi diren herrialdeak.
Era berean, beste herrialde batetan jaiotako biztanle kopurua %6,45 hazi da, eta 2023an baino 1.821 pertsona gehiago bizi dira hirian. Guztira, beste herrialde batetan jaiotako 29.875 pertsona bizi dira, eta kopuru honek azken urteetako hazkundeari eutsi egiten dio.
Aldiz, Espainian jaiotako pertsona kopurua gutxitu da, eta 2023an 160.962 biztanle izatetik 159.913 izatera pasa dira. Hortaz, ondorioztatu daiteke, atzerritar kopuruaren zein beste herrialde batetan jaiotako biztanle kopuruaren hazkundea dela biztanleria pixka handitu izanaren arrazoia.
Jaiotze-tasa eta zahartze-indizea
Jaiotze-tasak oso txikia izaten jarraitzen du, eta 5,66koa da (2023an 5,69koa izan zen). 2024 an 1.052 haur jaio dira hirian (2023an 1.079) eta 2.045 pertsona hil dira (2023an 2.020). Hortaz, saldo begetatiboa (jaiotzak ken heriotzak) -993 pertsonakoa da.
Zahartze-indizeari dagokionez, gora jarraitzen du eta 219koa da, iaz baino 8,5 puntu gehiago. Ondorioz, hirian 65 urtetik gorako 2,19 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko. Gros eta Erdialdea dira zahartze-indize handiena dutenak, 65 urtetik gorako 3,28 eta 3,13 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko. Aldiz, Loiola eta Añorga dira auzo gazteenak, eta 65 urtetik gorako 1,21 eta 1,32 pertsona bizi dira 15 urteko pertsona bakoitzeko.
Ehunekoei erreparatuta, donostiarren %26,15ak 65 urte baino gehiago dute, %8k 80 urte baino gehiago, eta 118 pertsonak 100 urte baino gehiago dituzte. 2024ko abenduaren 31n hiriko pertsona helduenak 113 urte zituen.