Smartphonea erabiltzen ikasi nahi duten adineko pertsona edo nagusiek BBK-k Secot elkartearekin eta Barakaldoko Udalarekin elkarlanean antolatutako tailerretan parte hartzeko aukera dute, kolektibo horren eten edo arrakala digitalarekin amaitzeko. Lehenengo tailerrak maiatzaren 21ean eta 23an egingo dira Arrontegiko nagusiak Adinekoen Zentroan, Arrontegi auzoan, baina ekainera arte luzatuko dira San Bizente, Llano eta Bagatza – Santa Teresa auzoetan. Ikastaro horiei buruzko informazioa adinekoen zentroetan bertan aurki daiteke. Uda ostean, adinekoentzako zentro berrietara zabalduko da eskaintza.
Prestakuntza, % 100 praktikoa, bina orduko bi saiotan egingo da. Programaren edukia smartphone telefono mugikorren oinarrizko erabileran oinarrituko da. Horrela, parte-hartzaileek oinarrizko aplikazio interesgarri eta erabilgarri batzuk erabiltzen ikasiko dute, hala nola SOS Deiak, Osakidetza, Whatsapp edo online banka. Esperientzia ahalik eta pertsonalizatuena izan dadin, 2 edo 3 parte-hartzaileko prestatzaile bat egongo da.
Tailer hauek Barakaldora iritsi dira, BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako Herriz Herri programaren esparruan, gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten ekintzak elkarrekin sustatzeko. Eten digitalaren aurkako prestakuntza hori bat dator 2030 Agendaren GJHekin; zehazki, 3. eta 10. helburuekin, osasuna eta ongizatea sustatzera eta desberdintasunak murriztera bideratutakoekin, hurrenez hurren. Ikastaroak Secot elkarteak ematen ditu, zahartze aktiboa sustatzen duen pertsona seniorren elkarteak.
Ikastaroen datak honako hauek dira:
- Arrontegi, Arrontegiko Nagusiak adinekoen zentroa: maiatzak 21-23 – 12.00etan.
- Santa Teresa, Ondo Bideko adinekoen zentroa: ekainaren 17tik 18ra, 17-19:00etan
- San Vicente, Bizitza Lasaia adinekoen zentroa: ekainaren 2-5ean 11.00etatik 13.00etara
- Llano, Argenta adinekoen zentroa: maiatzaren 26an eta 28an, 16:30etik 18:30era.
«Udala hainbat ekimenekin ari da lanean urtean zehar, adinekoen arteko eten digitala amaitzeko. Zentzu horretan, Adimen Artifizialari buruz amaitu berri dugun prestakuntzaz gain, adibidez, adinekoen eskura jartzen ditugu udal langileek gestioak egiten laguntzen dieten zerbitzuak, hala nola Merkataritza Bonua lortzea, edo hainbat zozketa edo kultur jardueratan izena ematea «, gogorarazi du Mikel Antizar Gizarte Ekintzako zinegotziak. «Horregatik, BBK-k bultzatutako Herriz Herri ekimenarekin bat egiten dugu, beraientzat oso positiboak direla uste dugun formazio digitalak dituzten adinekoengana iristen jarraitzeko aukera eskaintzen digulako», adierazi du.
HERRIZ HERRI, GIZARTE-ERAGIN POSITIBOA BIZKAIARENTZAT
Lehenengo edizioan izandako arrakastaren ostean, BBK-k Herriz Herri proiektua jarri du abian berriro. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaiko ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko. Ekimen horrekin bat egin dute dagoeneko Bizkaiko 61 udalerrik.
Proiektu honekin, bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du BBK-k, eta katalogo berritua aurkezten du. Katalogo horretan, eten digitalaren aurkako tailer horiez gain, lurraldeko hainbat udalerritan gauzatuko diren ekimen berriak jasotzen dira: gazteei zuzendutako proposamenak kolektibo hori motibatzeko eta berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko; emakumeari, inklusioari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak; klima-aldaketari buruz kontzientziatzeko ziklo bat; eta umeentzako tailer ludikoak 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzera bideratuta.