Donostiako Udalak neurriaren lehen urtearen balantze oso positiboa egin du
Duela urtebete jarri zuen abian Donostiak antolatutako talde-turistikoen erregulazioa, eta Euskadiko hiri aitzindari bihurtu zen bisita horiek antolatzeko esparru argi bat ezartzen. Hamabi hilabete geroago, balantzea oso positiboa da: gida eta agentzia gehienek araudia bete dute, eta turismo-esperientzia harmoniatsuagoa eta arduratsuagoa lortzen lagundu dute.
Erregulazio argia eta beharrezkoa
2024ko maiatzaren 21ean aplikatu zenetik, turismo-gidarien eta -enpresen urteko 200 erregistro baino gehiago izapidetu dira Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez, hau da, Donostian taldeei laguntzeko urteko nahitaezko prozeduraren bidez. Sistema horri esker, lehen aldiz, bisita gidatuen datu fidagarriak eta eguneratuak izan ditugu.
“Araudi hau helburu argi batekin sortu da: jarduera turistikoa hiriko egunerokotasunarekin orekan bizi dela bermatzea. Kalitatezko turismoa Donostiako herritarren ongizatea zaintzen badu bakarrik da posible” adierazi du Jon Insausti Kultura, Turismo eta Euskara zinegotziak.
Funtsezko hiru betekizun
Erregulazioak hau ezartzen du:
- Gehienez 25 pertsona talde bakoitzeko (gida kontuan hartu gabe).
- Soinu-anplifikazioko sistemak debekatzea.
- Bisiten ordutegia 08:00etatik 23:00etara mugatzea.
Jarduerak irauten duen bitartean izapidearen egiaztagiria eramatea ere eskatzen da. Puntu horietako edozein ez-betetzek 750 eta 1.500 euro arteko zigorrak ekar ditzake. Indarrean sartu zenetik, Udaltzaingoak esku hartzeko 10 txosten egin ditu (lau 2024an eta sei 2025ean), bai herritarren salaketengatik, bai arau-hausteak zuzenean detektatzeagatik.
“Udal telefonoaren bidez abisuak jasotzen ditugunean edo gure patruilekin irregulartasunak detektatzen ditugunean jarduten du Udaltzaingoak. Prebentziotik jarduten dugu”, azaldu du Iñaki Saenz Mendizabalek, Udaltzaingoaren Udal Ordenantzak Betetzeko Unitateko (UCOM) ordezkariak.
Informazio- eta kontrol-ekintzak
Urtean zehar informazio-eta kontrol-ekintzak egin dira, batez ere autobus-geltokian, hori baita taldeak iristeko ohiko gunea. Turismo-talde gehien biltzen diren aldiak urria eta maiatza izaten dira, eta Donostia Turismoak informazio-kanpainak egin ditu aldi horietan.
“Turismoa kudeatzeko erakundea garen aldetik, gure zeregina izan da erregulazio horren buru izatea, udaleko sail batzuen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzatik abiatuta. Elkarrekin lan eginez, hiri osoari mesede egiten dioten adostasunak lor daitezke”, adierazi du Isabel Aguirrezabalak, Donostia Turismoko zuzendariak.
Parte-hartze altua eta nazioarteko proiekzioa
2024an 259 gida eta agentzia erregistratu ziren, batez ere Espainiakoak, baina baita Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Japonia eta Italiakoak ere. 2025eko lehen lau hilabeteetan dagoeneko 201 eskaera erregistratu dira, eta horrek neurriaren onarpen-maila handia berresten du.
Neurriak interesa piztu du Euskadiko beste helmuga batzuetan: Hondarribiak Donostiako urratsei jarraitu die eta erregulazio bera aplikatu du; beste helmuga batzuk ere ari dira hori baloratzen.
Gainera, araudia erreferentziazko kasu gisa aurkeztu da European Alliance on Urban Balanced Tourism foro europarrean.
Etengabeko hobekuntzarako konpromisoa
“Gakoa etengabe neurtzea, aztertzea eta hobetzea da. Bisitariak zein bertakoak kalitatez eta errespetuz hartuko duen hiria nahi dugu”, amaitu du Jon Insaustik.
Donostia Turismoak politika publiko horren eragina ebaluatzen jarraituko du, hobetzeko proposamenak bilduz eta sektoreko eragileekin etengabeko elkarrizketa mantenduz, turismo-jarduera ordenatua, jasangarria eta pertsona guztientzat onuragarria izango dena bermatzeko.