Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Arabako Guardia herrian osasun-zentro berri bat eraikiko du, modernoa, irisgarria, handia eta zerbitzu gehiagorekin, herritarren osasun-premiei erantzuteko. Alberto Martínez Osasun sailburuak, Guardiako alkate Raul García Ezquerroren eskutik, eraikin berria egingo den tokia bisitatu du, Barbacanako eremuan eraikiko da, eta 3,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da.
Osasun sailburuak adierazi duenez, leku egokia da, «irisgarria eta aparkalekua duena», eta «lehenbailehen aurrera ateratzeko» konpromisoa agertu du. Bestalde, Guardiako alkatea pozik agertu da etorkizuneko Osasun Zentroaren kokapena aurkezteagatik, «hilabete askotako lanaren ondoren», eta orain lantalde teknikoak lanean jarriko direla azaldu du.
Osasun-zentro horrek Kartzelako plazan dagoen egungo ekipamendua ordeztuko du. Ekipamendu horrek 275 metro koadro ditu, eta txikia geratu da Guardiako egungo biztanleriari laguntza emateko. Guztira 1.532 biztanle ditu, eta kopuru hori bikoiztu egiten da udako hilabeteetan. Eraikin berria handiagoa izango da – zehazki, 1.445 metro koadroko lurzati baten gainean eraikiko da –, sarbide hobeak izango ditu, bai eta Guardiako eta inguruko biztanleek behar dituzten zerbitzuez hornitzeko espazio nahikoa ere, eremu horretako erdigunea baita. Zerbitzu horien artean Pediatria dago, leku faltagatik Lezako Ospitalean ematen dena.
Zehazki, Guardiako osasun-zentro berriak 1.250 metro koadroko azalera izango du, egungoa baino ia bost aldiz handiagoa, eta honako erabilera hauek barnebilduko ditu: Familiako Medikuntzako 2 kontsulta, Familiako Erizaintzako 3 kontsulta, Pediatriako kontsulta 1, Pediatriako Erizaintzako kontsulta 1, Hortzetako Higienerako kontsulta 1, Odontologiako kontsulta 1, Fisioterapiako gela 1, eta erabilera anitzeko eta talde-jardueretarako gelak, besteak beste.
Gaur egun, osasun-zentroko langileak hauek dira: familiako medikuntzako mediku bat, erizain bat eta administrari bat.
EKIPAMENDU BERRIAK ARABAKO ERRIOXAN
Guardiako osasun-zentroa ez da Osakidetzak Arabako Errioxako ESIrako planifikatuta daukan nobedade bakarra. Duela gutxi, Oiongo osasun-zentro berria eraikitzeko lanak amaitu dira, horretarako 2,8 milioi euroko inbertsioa egin da.
Gainera, Lezako Ospitalean aparkaleku berri bat eraiki da bisiten eta profesionalen sarbidea hobetzeko, eta lorategiak birmoldatu dira pazienteen ongizatea hobetzeko eta egonaldiak ahalik atseginenak egiteko. Teilatuak eta fatxadak ere isolatu dira, eta ekoizpen termikoa berritu da, egungo gasolio-galdaren ordez ingurumena gehiago errespetatzen duten ekipoak jarriz.