Euskadik frankofoniaren kulturaren ministro-konferentziaren osoko bilkuran hartu du parte

0

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nazioarteko erakundearen eta frankofonoaren esparruko ministro-konferentziaren osoko bilkuran hartu du parte. Foro horretan atzo egindako mahai-inguruetan egindako ekarpenak bildu dira, eta kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekiko konpromisoa berresten duen azken adierazpena onartu da. Kongresuaren ondorioak Mathieu Lacombe Quebeceko Kultura eta Komunikazio ministroarekin partekatu ditu lehendakariordeak

Lehenengo bi puntuetan, honela dio adierazpenak:

  • Berretsi egiten dugu, elkartasun-espiritu batean, Frankofoniaren balio komunekiko dugun konpromiso sendoa, baita frantsesa hizkuntza-aniztasunaren testuinguru batean sustatzea ere;
  • Kultura eta hizkuntza aniztasuna sustatzeko konpromisoa berritzen dugu, Frankofoniako komunitate eta lurraldeena barne, teknologia digitalen eraginaren aurrean, bereziki Adimen Artifizialaren eremuan, artistengan eta kulturako profesionalengan, bai eta kultura- eta sormen-industrietan ere.

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak positibotzat jo du Euskadik kongresu honetan izan duen presentzia: «Gaur aukera berri bat ireki dugu munduan nor garen ezagut dezaten. Sustrai sakonak, nortasun berezia eta ongizate-maila handiak dituen herrialde bat garela azaldu dugu. Euskadi Globala estrategiaren esparruan harreman berriak eta aliantzak sortzeko aukera izan da. »

Era berean, Bengoetxea lehendakariordeak azaldu du topaketa honek eredu kulturalak kontrastatzeko eta etorkizuneko erronkak partekatzeko balio izan duela: “ahots propioarekin eragile pribatuen eta publikoen arteko lankidetzarako euskal kultura-sistemaren berri eman dugu eta ikusi dugu aurre egin beharreko erronkak bat datozela Frankofoniaren Mundu Erakundeko 90 kide esatuekin. Euskadik, halaber, eremu digitalean hizkuntza- eta kultura-aniztasun handiagoa izatearen alde egiten du. »

Gonbitea eskertu du lehendakariordeak: «Euskadin subiranotasun kulturala gizartearen hurbileko ikuspegitik gauzatzen dugu, baina anbizio globalarekin. Ideia hori gaur egun hemen egotea urrats garrantzitsua da kultura-aniztasunarentzat. «

Frankofoniaren Nazioarteko Biltzarra

Frankofoniaren Nazioarteko Erakundeak (OIF) biltzar bat antolatzen du bi urtean behin, kultura-politiken arloko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, eta mundu osoko herrialdeek parte hartzen dute bertan. Aurtengo edizioa Quebecen garatuko da, maiatzaren 22tik 24ra, eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxea gonbidatu berezi bakar gisa bertaratu da, Etxepare Euskal Institutuak “Ça colle au basque” ekimena abian jarri ondoren, frantsesez hitz egiten duten herrialdeekin kulturaren arloan harremanak ezartzeko duen interesak bultzatuta.

Euskadi-Quebec harremanak

Euskadik eta Quebecek 2017an sinatutako elkar ulertzeko memoranduma dute. Akordio horrek aldebiko lankidetza-esparru bat ezartzen du bi lurraldeen arteko lotura kulturalak, hezkuntzakoak, ekonomikoak eta zientifikoak sendotzeko. Horri esker, jardunbide egokien trukea sustatzen da, proiektuak elkarrekin garatzen dira berrikuntzaren, ikerketaren, kulturaren eta gazteriaren arloetan, eta lankidetza aktiboa bultzatzen da erakundeen, unibertsitateen, enpresen eta kultura-eragileen artean.