Kuartelen garapen berriaren etxebizitzen %100 babes publikokoa izango da

0

Garapenean aurreikusita dauden 1.700 etxebizitzak donostiarren etxebizitza nagusi eta iraunkor izatera bideratuko dira

Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusek iragarri du Loiolako Kuartelen eremuaren garapen berrian eraikiko diren etxebizitzen %100 babes publikokoa izango da. Iragarpena egin du etxebizitzari buruz eztabaidatzeko EH Bilduk eskatuta egin den ez ohiko udalbatzarrean.

Arzallusek honakoa azpimarratu du: “Hiria martxan da, garatzen ari den etxebizitzan plana du eta dagoeneko eraikitzen hasi dira hurrengo hilabete eta urteetan amaituta egongo diren hainbat garapen”. Horrenbestez, Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza zinegotziak gaineratu du, aurrerapausoa emateko eta donostiarrei zuzendutako babes publikoko etxebizitza berriak sustatzeko unea dela, eta hori posible izango dela Loiolako Kuartelen eremuaren birsorkuntzari esker.

Horren harian, Nekane Arzallusek segidakoa esan du: “Legeak ezartzen dituen babestutako etxebizitzen gaineko portzentajez gain, Donostiak erabaki du Kuarteletan egingo den etxebizitzen %100 babes publikokoak izatea, udal-etxebizitza tasatuaren figura erabilita. Eta etxebizitza mota hau mugatutako prezioa duen babestutako etxebizitza mota da, hain zuzen ere, etxebizitza sozial bat lortu ezin duten zein merkatu librean etxebizitza erosteko baliabide nahikorik ez duten donostiarrentzat zuzendutako etxebizitza mota”.

Horiek horrela, Arzallusek adierazi du, behin eta berriro eskatzen zaiela eremu ezberdinetan babestutako etxebizitza kopuru gehiago egiteko, ausartak izateko. “Eta hori da, hain zuzen ere, egingo duguna Loiolako Kuarteletan. Apustu ausarta eta erabakiorra egingo dugu. Euskadin inoiz egin izan ez den apustua. Eta beraz, legeak ezarritako %40az gain, gainerakoa, %100era iritsi arte, udal-etxebizitza tasatuak izango dira”.

Udal-etxebizitza tasatu

Udal-etxebizitza tasatua Etxebizitzaren Euskadiko 3/2015 Legeak aurreikusitako etxebizitza mota da. Udalak zehaztuko du mota honetako etxebizitzaren prezioa, kontuan hartuta lurzorua erosteko, urbanizatzeko, sustatzeko eta eraikinak eraikitzeko kostua. Hortaz, Kuartelen eremuan eraikiko diren mota honetako etxebizitzen prezioa obrak egiteko azterketen araberakoa izango da.

Etxebizitza mota hau babes publikokoa da eta hainbat muga ditu, eskuratzeko, erabiltzeko eta eskualdatzeko baldintzetan. Horrenbestez, hainbat betekizun ezartzen dira, besteak beste, diru-sarrerei buruz, eta bereziki, hiriarekiko loturari buruz, gutxieneko errola edo gutxienez hainbat urtetan hirian lan egitea.

Halaber, etxebizitza hauen eskualdatzea bakarrik baldintzak betetzen dituzten zerrendetako pertsonei egin dakieke, eta beraz, espekulazioa ekidin egiten da, babes iraunkorra dutelako, eta ohiko etxebizitza izatera zuzendu behar direlako, erabilera arrunta bermatuz. Horiek horrela, Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza zinegotzi Nekane Arzallusek honakoa azpimarratu du: “Horrenbestez, Loiolako Kuartelen eremuan aurreikusita dauden 1.700 etxebizitzak donostiarrentzat izango dira”.