Legebiltzarrak 1.000M €-ko zorpetze gehigarria onartu du Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta industrialari lotutako inbertsioak finantzatzeko

0

Legebiltzarraren osoko bilkurak aurrekontuak aldatzeko lege-proiektua onartu du, Eusko Jaurlaritzari zorpetze gehigarri bat ahalbidetzeko, Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta industrialari lotutako inbertsioak finantzatzeko. Zorpetze gehigarri hori 1.000M €-ko saldoan gauzatu ahal izango da 2025eko eta 2026ko ekitaldietan, Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) bidez inbertsio finantzarioak egiteko, joan den martxoaren 3an Imanol Pradales lehendakariak Euskal Finantza Aliantza abian jartzeko iragarritako konpromisoaren esparruan.

Lege-proiektu hori defendatzeko, Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d’Anjouk gogorarazi du egun horretan Eusko Jaurlaritzak lankidetza-protokolo bat sinatu zuela bederatzi erakunderekin, “Euskadin finantza-tresna publiko-pribatu berriak aktibatzeko”. Protokolo horretan nabarmentzen denez, euskal industria bultzatu eta azpiegitura energetiko eta zientifiko-teknologikoetan inbertsio handiei ekin ahal izateko, bai eta enpresak hazteko eta errotzeko eragiketa industrial eta teknologikoei ere, erakundeek funtsezkotzat jotzen dute Euskadiko gaitasun finantzarioak lerrokatzea eta fokalizatzea.

“Zorpetzeko ahalmen gehigarri hori izatea proposatzen dugu, sortzen diren aukerak aprobetxatzeko, betiere, berriro diot, Euskadiren interes orokorraren defentsan. Jarduera ekonomikoaren sorrera babestea funtsezkoa delako. Ez badugu defendatzen, ez da aberastasunik birbanatuko, eta ez ditugu aurrean ditugun erronka handiei heltzeko behar diren baliabide publikoak izango: Osasuna, Hezkuntza, Etxebizitza, Segurtasuna edo Gizarte Babesa”, nabarmendu du d’Anjouk.

Adierazi duenez, urrats hori “zuhurtasunez egin da, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan joan den abenduaren 23an adostutako aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren bideari eutsi zaio”.

Ildo horretan, zorpetzeari dagokionez zehaztu duenez, Euskadi zor publiko txikiena duten erkidegoen artean dago, BPGarekiko % 11,6rekin (autonomia-erkidegoen batez bestekoa baino hamar puntu gutxiago) eta kaudimen-ratinga Estatuko ratingaren bi maila gainetik dago. “Osasun finantzarioko posizio horri esker, adibidez, Euskadiko Bonu Jasangarrien bederatzigarren jaulkipenak, joan den otsailean egindakoak, eskaintza baino zortzi aldiz eskari handiagoa lortu du”, azpimarratu du.

Funts gehigarri horiek 2025eko eta 2026ko ekitaldietan bideratu ahal izango dira, Finantzen Euskal Institutuari beharrezko baliabideak emateko adostutako helburu hauek bete daitezen:

  • gure industria dinamizatzea,
  • errotze enpresariala sendotzea eta
  • Euskadi erreferente bihurtzea ezagutzaren eta energiaren azpiegituretan.

Helburu horiei erantzuteko, Ogasun eta Finantzetako sailburuak osoko bilkura honetan jakinarazi duenez, jarduera-plan bat prestatzen ari dira: inbertsio-gaitasun gehigarri hori bideratzen lagunduko duen inbertsio-plana, jarduteko tresnarik eraginkorrenak eta etorkizuneko eragile gakoak identifikatuta eta baliabideak banatzeko irizpide proportzionala eta eraginkorra finkatuta.

D’Anjouk azpimarratu duenez, “ibilbide-orri hau Euskadiko Industria Plan berriarekin lerrokatuta egongo da, eta lankidetza publiko-pribatuko finantza-tresna edo inbertsio-baliabide berriak definitzen lagunduko digu”.