Pasaia Itsas Festibala 2026, elkarraldi paregabea itsasoarekin eta euskal kulturarekin

0

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok 2026an egingo den Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa aurkeztu du.

Sailburuak nabarmendu duenez, “pandemiak bakarrik eten zuen Pasaiara ehunka ontzi eta tripulatzaile eta milaka bisitari erakartzen dituen ezinbesteko elkarraldi hori, Itsas Festibala sortu zenetik. Ekitaldia 2018an sortu zen, orduko Pasaiako alkatearen eta Albaola Itsas Faktoriaren bultzadari esker, Turismo Sailaren laguntzarekin, sorreratik bertatik”.

“Jaialdi hau aukera paregabea da gure lurraldea nazioartean proiektatzeko, Pasaiako eta eskualdeko hiri, gizarte eta ekonomiaren garapena bultzatzeko, eta turismoko estrategia jasangarriagoa, deszentralizatuagoa eta desestazionalizatuagoa sustatzeko”, azpimarratu du.

Aurreko edizioetako datuek ekimenaren arrakasta bermatzen dute. Izan ere, herrialde desberdinetatik 135.000 bisitari baino gehiago etorri ziren lau egunetan, eta gogobetetze-maila handia izan zen, parte-hartzaileen eta bertaratuen artean % 95ek ziurtatu baitzuten berriz ere etorriko zirela.

Inpaktu horrek garrantzi berezia hartzen du Euskadik nazioarteko turismoaren aldeko apustu irmoa egiten duen une honetan, bereziki distantzia luzekoa. Sailburuaren ustez, “apustu horri esker, historian lehen aldiz, Euskadik bost hilabetez jarraian bisitari gehiago izan ditu nazioartean nazioan baino”. Joera hori indartu egiten da Mexikon Turismo Idazkaritzarekin sinatu berri dena bezalako akordioekin, lankidetza estrategiko horiek zabaltzen jarraitzeko.

2026ko edizioari begira, jaialdi honek lurraldeko baliabide handienetako batean jartzen jarraituko du arreta: itsasoan. “Ekitaldi hau arreta-deia bat da ere, ozeanoak babesteko beharrari buruzkoa, eta Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin lerrokatzen da, ingurumen-jasangarritasunarekin eta naturako ondarea babestearekin dugun konpromisoa indartzen baitu”, esanez amaitu du.

Jardunaldian, Pasaia Itsas Festibala 2026ren programazioaren lehen aurrerapen bat jakinarazi da, datozen hilabeteetan zehazten joango dena. Turismo Sailak jaialdi hau sustatzen jarraituko du, edizio berri honek aurrekoen norabide arrakastatsuari eutsiko diola bermatzeko eta Euskadiren irudia bultzatzen jarraitzeko, helmuga jasangarri, abegitsu, askotariko eta kalitatezko gisa.