Bi lerro daude eta denetara 70.000 euro dira; eskaerak aurkezteko epea ekainaren 6an itxiko da.
Hondarribiko Udalak ekintzailetzaren sustapena eta merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa indartzeko dirulaguntzen deialdia egin du. Izena emateko aukera zabalik da www.hondarribia.eus gunean, ekainaren 6a arte.
Dirulaguntzen xehetasunak Estitxu Urtizberea zinegotziak eman ditu: “Dirulaguntza honen xedea Hondarribiaren garapen sozioekonomikoa indartzea da. Hori dela eta, pertsonen enplegarritasuna hobetzea, enpresen sorkuntzari babesa ematea, lehiakortasuna hobetzea eta bertako proiektu estrategikoa sustatzea jartzen du ikusmiran. Hondarribian bizi eta lan egiteko aukerak sortzea garrantzitsua da, horrek ere kaleetako bizitza bermatzen baitu eta hiri seguruago bat egiteko gakoetako bat baita.
Ekimenak bi helburu dauzka: batetik, 2025eko ekintzailetza proiektuei sostengua ematea, eta bestetik, bertako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea, 2024an beren lokaletan egindako hobekuntzak diruz lagunduz”.
Alde Zaharrean dauden ekintzailetza proiektuek beste trataera bat jasoko dute, Udalaren helburua gune historikoari bultzada ematea baita; horregatik, ekintzailetzako laguntzak handiagoak izango dira kasu horretan. Hala ere, dirulaguntza hauen inguruko hausnarketan gabiltza, galtzen ari garen komertzioa babesteko eta hutsik geratzen diren lokalak berriz merkaturatzea errazteko” zehaztu du Urtizbereak.
70.000 euro denetara
Aurten kopurua 70.000 eurokoa izango da, eta dirulaguntzen lehen lerroari, hau da ekintzailetzaren sustapenari, 30.000 euro bideratuko zaizkio, eta bigarrenari, merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa indartzeko lerroari, 40.000.
Informazio osoa: Ekintzailetzaren sustapenerako eta enpresa lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak