Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetzari esker, San Jose Udal Hilerrian frankismoaren biktimentzako panteoi berri bat izatea posible izan da

0

Iruñeko Udal Hilerriak frankismoaren biktimak hartuko dituen panteoi berri bat du, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako hiriburuko Udalaren arteko elkarlanari esker egin ahal izan dena. Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo Hualde eta Iruñeko alkate Joseba Asiron Saez izan dira gaur gune berri honen inaugurazio ekitaldiko buru. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko (AFFNA 36) presidenteorde Eneko Arteta Oronoz ere izan da bertan beste elkarte eta senitartekoekin batera, 1936an hildako 15 pertsonaren gorpuzkiak ehorzteko ekitaldi sinbolikoan parte hartu dutenak.

Ekitaldi honek ofizialki panteoia handitzeko ehorzketa berrien hasiera adierazten du. Lan honi Iruñeko Udalak ekin zion, 2013an eraikitako aurreko instalazioa, Udalaren titulartasunekoa hura ere, erabat beterik geratu ondoren. Lanak 278.106 euroko aurrekontua izan du, eta Nafarroako Gobernuak 125.000 euroko ekarpena egin du.

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollok «Memoria Historikoaren politika publikoen aldeko etengabeko konpromisoaren barruan» kokatu du ekitaldia, politika horienganako apustua, «beren ardatzetako bat baita frankismoaren biktimak bilatzea, berreskuratzea eta identifikatzea. Gogorarazi nahi nuke, gaur egun, Nasertic-ek kudeatzen duen DNA banku publikoak 398 espediente dituela irekita, eta horietan ari dela lanean. Apustu hau haratago doa; izan ere, gaur egun, mehatxu autoritario berrien aurrean etorkizuna bakean eta bizikidetzan eraikitzeko Memoria berreskuratzearen garrantzia sinbolikoki sendotzen du». Ekitaldian bertan Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusi Martin Zabalzak eta Nafarroako Memoriaren Institutuko lantaldeak lagundu dute Ollo lehendakariordea.

Bestalde, Iruñeko alkate Joseba Asironek nabarmendu du azpiegitura hori handitzea «zor morala» zela, «behar demokratikoa», frankismoaren biktimentzat ez ezik, «isiltasunean etsi ez eta senideentzat justizia eskatu dutenentzat» ere, «kontua ez baita duintasunez lurperatzea bakarrik, pertsona horien historia duintasunez berreskuratzea baizik».

Hitzaldien ondoren, elkarte memorialistetako kideek 15 kutxa utzi dituzte panteoiaren barruan, erregimen frankistak eraildako identifikatu gabeko beste hainbeste pertsonaren gorpuzkinekin.

Beste askoren artean lehenengoak dira; izan ere, panteoi berriak ia 300 kutxarako edukiera du, eta horrek esan nahi du gutxi gorabehera aurreko edukiera (60 kutxa) laukoiztu egin dela. Ekitaldian, Ollo lehendakariordeak eta Asiron alkateak lore-zentro bana jarri dituzte granito beltzez estalitako poliedroetan, panteoia apaintzen duten lorategi-zoruan txertatuta. Ekitaldian zehar Tomaso Albinoniren «Adagio» eta Johann Sebastian Bachen «Aria de la suite en Re» musika lanak entzun ahal izan dira, Zura Quartetek interpretatuak (biolinak: Daniel Sadaba eta Leire Fernández ; eta cello: Paula Azcona).

Errekonozimendu eta konponketarako gunea

Errekonozimendurako eta oroimenerako gune bat egotea, Iruñeko San Jose udal hilerriko panteoia bezala, elkarte memorialisten eskaera historikoa da, eta horrez gain, 33/2013 Foru Legeak, azaroaren 26koak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izan ziren herritar nafarren errekonozimendu eta erreparazio moralari buruzkoak, aurreikusten du. Aurreko panteoia 2013an eraiki zen, 60 kaxarainoko edukierarekin; berriak edukiera handiagoa du (135 m2) 380 kutxa ingururentzat, eta tamaina handiko granitozko monolito angeluzuzen bat du buru.

Panteoia irekita dago biktima mota ezberdinentzat. Alde batetik, foru araudiaren arabera desagertutako eta lurpetik ateratako Gerra Zibileko edo frankismoko biktimen gorpuzkiak, eta Nafarroako hobi ezberdinetan aurkitutako gorpuzkiak dituzten biktimak, identifikatu ezin izan direnak.

Eta, era berean, Nafarroako hobi ezberdinetan aurkitutako gorpuzkiak, identifikatu ondoren, beren senideei edo familiei eman ezin izan zaizkien pertsonak ere bai. Gainera, fusilatutako eta identifikatutako Iruñeko egoiliarren gorpuzkiak har ditzake, haien familiek panteoian lurperatzeko eskatzen badute. Azkenik, Espainiako beste leku batzuetako hobietan gorpuzkiak aurkitu eta identifikatu ondoren, haien senideei eman ezin izan zaizkien edo haien ardura hartu ezin izan duten Nafarroako biktimak ere hartu ahal izango ditu espazio horrek.