Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak nabarmendu duenez, “animalien ahalik eta ongizate handienarekin abere-ekoizpena efizienteago eta jasangarriagoa izateko albaitariek ekarpena egiten dute, ” nabarmendu du XXX
Juan Carlos Gonzálezekin, ANEMBE – Behi-medikuntzako espezialisten elkartearen presidentearekin, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak parte hartu du Behi-medikuntzari buruzko XXVII. Nazioarteko Biltzarrari hasiera emateko ekitaldian. Biltzarra maiatzaren 30era bitartean egingo da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.
Parte hartuko duten estatuko eta atzerriko 800 biltzarkide eta hizlariei erakusketa komertzialeko pertsonala eta laguntzaileak batzen bazaizkie, guztira 1.000 parte-hartzailetik gora izango dira topaketan. Gasteiz behi- eta hausnarkari-aziendekin zerikusia duen guztian espezializatutako albaitaritza-medikuntzaren epizentroa da.
“Zuek laguntza teknikoa ematen diezue abeltzainei, artaldearen ugalketa- eta hazkunde-indizeak hobetuta, osasun-agerraldiak saihesteko biosegurtasun- eta maneiu-neurriak proposatuta, eta abeltzainak jardunbide egokietan trebatzen eta gaitzen dituzue. Ea albaitariek eta behi-abeltzainek belaunaldi-errelebo positiboa izaten duten, teknologian eta praktikan punta-puntakoa eskura izanda. Hala, baserrietako lana bermatu eta erraztuko da” esan du Amaia Barredok Biltzarrean egin duen agur-mezuan.
“ANEMBRE osatzen dutenek aurretiaz ospe bikaina dute, ekimen bakoitzean erakutsitako interesagatik, ondo egindako gauzengatik, planteamenduengatik eta erakusketengatik: Kordoba eta León horren bi adibide baino ez dira. Euskal albaitarien kolektiboko kide asko joaten dira horietara. Hitzordu hau funtsezkoa da Europar Batasun osoko albaitaritzako eta animalien osasuneko profesionalentzat”, azpimarratu du Barredo sailburuak.
Amaia Barredok azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritzak, Neiker ikerketa-zentroaren bidez, konpromiso sendoa du sektorearekin, albaitariekin eta abeltzaintzaren sektoreko profesionalekin batera, hainbat gaixotasunek (mihi urdina, gaixotasun hemorragiko epizootikoa, etab.) eragiten dituzten erronkei aurre egiteko”.
Euskadin 5.708 ardi-ustiategi, 3.967 behi-ustiategi eta 2.249 ahuntz-ustiategi daude. Abelburuen arabera, 197.800 baino gehiago ardiak dira, 123.554 behiak eta 27.700 inguru ahuntzak.
“Albaitaritzak funtsezko alderdi batzuk hartzen ditu bere baitan, hala nola animalien osasuna, nekazaritza eta abeltzaintzaren babesa, landa-ekonomia, osasun publikoa eta abeltzaintzaren eta nekazaritzako elikagaien sektorerako ezinbesteko aliatuak. Emaitza horrek, gainera, eragina du abeltzaintza- eta elikagai-ekoizpenean. Zuen guztion lana etengabea eta funtsezkoa da”, goraipatu du Amaia Barredok.
“Zuen lanaren bidez –gaineratu du Amaia Barredok– milaka abere-ustiategik jarrai dezakete kalitatez eta jasangarritasunez ekoizten. Osasun publikoa babestuago dago. Eta hori bezain garrantzitsua da: abeltzainei ezagutzaz, konpromisoz, enpatiaz, maitasunez eta arduraz lagunduta”.
ANEMBE
Juan Carlos González buru duen ANEMBE – Behi-medikuntzako espezialisten elkarteak 1990etik biltzen ditu albaitari profesionalak. Elkarteko kide dira 1.100 profesional baino gehiago, eta albaitaritza-medikuntzaren arlo guztietan aritzen dira: ikerketan, irakaskuntzan, dibulgazioan eta landa-laneko klinikan.
Helburu nagusiak dira elkartekideen prestakuntza eta ezagutzak eguneratzea, eta, horrekin batera, abeltzaintza-sektorean aurrerapen zientifikoak eta ekoizpen-teknika berriak zabaltzen eta sartzen laguntzea.