- Lehendakariak Aefame-ren Urteko Batzarrean parte hartu du gaur goizean, haren X. urteurrena dela eta
- Imanol Pradales: “Neurri handi batean, ongizate-maila zor dizuegu”
Imanol Pradales Lehendakariak Euskadiko Familia Enpresen Elkartearen (Aefameren) X. Urteko Batzarrean parte hartu du gaur goizean, Chillida Lekun. Batzarra ‘10 urte elkarrekin etorkizuna errotzen’ lelopean egin da. Topaketak Elkarteko bazkideak eta Euskadiko ordezkari instituzionalak, ekonomikoak, enpresakoak eta sozialak bildu ditu, Aefameren hamargarren urteurrenaren esparruan.
Batzarrean, Elkarteak hamarkada honetan familia-enpresari eta familia enpresariei babesteko egindako lana nabarmendu da. Imanol Pradales ehendakariak, Aefameko presidente eta Iparvending Group-eko kontseilari ordezkari Jose Miguel Lanzagortarekin batera, oroitzan parte hartu du, eta euskal enpresa-ereduaren bi ardatz estrategiko jorratu ditu: etorkizunera begira sendotzea eta haren garapena eta errotzea bermatzeko aurre egin beharreko erronkak.
Lehendakariak iragarri duenez, Ondarearen eta Familia Enpresaren Defentsarako legedi bati ekiteko aukera aztertzen ari da. Era berean, gogorarazi du, beste neurri batzuen artean, Erronka Demografikoaren 2030 Estrategia bultzatzen jarraituko dela, belaunaldien arteko erreleboa lehentasun gisa hartuta, “eta zuekin lankidetzan egingo dugu, zuen enpresetan jartzen duzuen gogo eta ilusio berarekin”.
Era berean, Pradalesek Euskadiko enpresa-sareari balioa eman dio, eta familia-enpresak beren nitxoetan erreferente eta lider gisa proiektatzen direla nabarmendu du. “Ezkutuko txapeldunak” hitzekin definitu ditu Lehendakariak enpresa horiek, eta haien espiritu ekintzailea, konpromisoa eta lankidetzarako gaitasuna eskertu ditu, hau azpimarratuta: “neurri handi batean zor dizkizuegu dugun ehun ekonomikoa eta ongizate-maila”.
Era berean, ohartarazi du sektoreak aurre egin beharreko agertoki konplexuaz: “Erronka zail baten aurrean gaude: ziurgabetasun handiko egoera batean, eta, aldaketa teknologiko, demografiko eta ekologiko sakonen testuinguru honetan, gure ehuna eraldatu eta industria berriak sortu behar ditugu, gure lehiakortasuna indartu, ongizatean hazten jarraitzeko”.
Ildo horretatik, Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa funtsezko esparruetan, hala nola finantzaketan, berrikuntzarako sarbidean, egonkortasunean eta segurtasun juridikoan, ekintzailetzari laguntzean, hezkuntzan, talentuan, desburokratizazioan, energian eta azpiegituretan.
Aefameri buruz
Aefame, Euskadiko Familia Enpresen Elkartea (IEFi lotua), 2015ean sortu zen, eta 80 euskal enpresa liderrek osatzen dute beren jarduera-sektore guztietan. Hiru lurraldeetako familia-enpresa eta familia enpresari nagusiek osatzen dute elkartea, beren jarduera-sektoreetan erreferenteak direnek.
Guztien artean, 15.500 milioi eurotik gorako fakturazio agregatua dute, eta 149.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana. Horregatik guztiagatik, familia-enpresa Euskadiko ekonomiaren eta haren ‘bizkarrezurraren’ aliatua da, ekonomiaren produkzio-sarearen % 88,9 baita. Gainera, enplegua sortzen ekarpen argia egiten du, Euskadiko enpleguaren % 55,45 hartzen baitu.