Imanol Pradales lehendakariak euskal kooperatibismoa errekonozitzeko ‘Denon Artean’ sariaren banaketan parte hartu du

0

Imanol Pradales: “ASETTen sorrera urrats garrantzitsua izango da, eta ziur nago egun hauetako nazioarteko foroa oso emankorra izango dela ekonomia sozialaren eredua berritzeko eta nazioartean zabaltzeko”

Imanol Pradales lehendakaria Donostiako Victoria Eugenia Antzokira joan da gaur arratsaldean, ‘Denon Artean’ saria emateko ekitaldian parte hartzera. Saria euskal kooperatibismoaren errekonozimendu bat da, eta ekitaldiaren buru izan dira Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea eta Belén Balerdi kontseilu horretako idazkari nagusia. Oraingoan, omendutako instituzioa Eusko Legebiltzarra izan da, eta Euskadin eredu kooperatiboa eta ekonomia sozialekoa garatzen eta finkatzen egindako ekarpenagatik aintzatetsia izan da.

Lehendakariak eredu ekonomiko horrekiko konpromisoa berretsi du, eta hau nabarmendu du: “ASETT sortzea urrats garrantzitsua izango da, eta ziur nago egun hauetako nazioarteko foroa ere oso emankorra izango dela gizarte-ekonomiaren eredua berritzeko eta nazioartean zabaltzeko”.

Testuinguru horretan, lehendakariak egungo legegintzaldian lortutako aurrerapen batzuk gogorarazi ditu, hala nola Konfekoopek enplegu-politika aktiboen garapenean parte hartzeko akordioa lortzea, kooperatibei larrialdi-egoeretan baliabide gehiago izatea ahalbidetzen dien lege-aldaketa egitea, proiektuak sortzea eta hazkundea bultzatzeko finantzaketa-tresna berriak abian jartzea, eta Eusko Jaurlaritzak  ASETT – Arizmendiarrieta Social Economy Think Tanken bazkide sustatzaile gisa parte hartzea.

Hala ere, aurrerapen horiek ez dira nahikoak Imanol Pradalesentzat, “aurrera jarraitu behar baita, ‘Denon Artean’, sari honen izenak ondo adierazten duen bezala”, proaktibitatean, hurbiltasunean eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako bide-orri batekin. “Instituziook ekimen sozial eta komunitarioaren onenari bide ematen diogu. Pertsonen, eragileen, elkarteen, enpresen eta instituzio publikoen Herrialde bat gara, guztion ongiaren alde lankidetzan aritzen garena”, gehitu du.

Azkenik, Pradalesek euskal gizarte-ekonomiaren eredua goraipatu du: “pertsonarengan oinarritutako eredua, aberastasuna ez duena ikusten berezko helburu gisa, ongizaterako eta gizarte-justiziarako bitarteko gisa baizik”. Hala ere, ondare hori ziurtzat ez jotzeko beharraz ohartarazi du: “Gure lehiakortasunari eutsi behar diogu aldaketa demografiko, teknologiko eta sozial handiek markatutako testuinguru global batean. Horretarako, egunero balioak, helburua, zentzua eta espiritu kooperatiboa erabili eta landu behar ditugu”.