NBE Euskadin izateak “agerian uzten du erronka globalei aurre egiteko kooperatibismoak duen balio estrategikoa”

0

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak euskal eredua nabarmendu du Nazio Batuen ordezkaritza baten aurrean, erresilientzia, berrikuntza eta justizia sozialaren adibide gisa, Kooperatiben Nazioarteko Urtearen baitan 

NBEren Kooperatiben Nazioarteko Urtearen baitan Nazio Batuen ordezkaritza bat Euskadin egoteak eta Donostia Ekonomia Sozialaren Abangoardiako Hubaren egoitza izateak “agerian uzten dute kooperatibismoaren balio estrategikoa, eta euskal ereduaren nazioarteko lidergoa aitortzen dute, XXI. mendeko erronka globalei heltzeko funtsezko tresna gisa”. Horixe nabarmendu du Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde Elena Pérez Barredok, Nazio Batuen Erakundeak Otaloran, Mondragon taldearen Zuzendaritza eta Kooperatiba Garapenerako Zentroan (Aretxabaleta, Gipuzkoa), euskal kooperatibismoaren sorlekuan, antolatutako saioan.

Eginiko hitzaldian, ekonomia sozialean Euskadi nazioarteko erreferente bihurtu duten faktoreak azpimarratu ditu; hala nola, erresilientzia, kooperatiben berrikuntzarako gaitasuna, talde lehiakorrak sortzea ahalbidetu duen enpresen arteko lankidetza, sektorearen beharrak artikulatzen dituzten erakundeen bidezko asoziazionismoa eta erakunde publiko eta pribatuek batera egindako lana.

“Lankidetza hori tonika ari da izaten, eta ez du izan aldaketarik. Espektro politiko osoa, ia salbuespenik gabe, ados dago kooperatibismoaren beharrezko garapenaren bidez aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzearekin eta aberastasun hori zuzen banatzearekin, justizia soziala areagotuz”, ziurtatu du Pérez Barredok.

Halaber, uste du erakunde esparrua “mesedegarria” dela enpresa malgutasuna eta nortasun kooperatiboa uztartzen dituen, ekintzailetza, lankidetza eta prestakuntzarako laguntza sistema integral bat eskaintzen duen, eta sortutako gizarte balioa aitortzen duen fiskalitate egokitua duen legeria garatzeko.

Irtenbide berritzaileak

Bestalde, EGES Euskal Gizarte Ekonomia Sarekoak antolatutako ‘Ekonomia soziala gaur egungo erronken aurrean’ jardunaldian, euskal kooperatibismoak gai sozial konplexuei irtenbide berritzaileak emateko duen gaitasuna azpimarratu du asteazken honetan Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak: “Horixe erakutsi behar diegu Europako eta munduko beste eskualde batzuei. Hori ez da soilik elkartasuna edo kooperatibak sortzea kapital enpresek inbertitzen ez dutenean. Kontua da elkarrekin lan eginez empresa sare bat garatzea eta aberastasuna sortzea lortzen dugula jabetzea, justizia sozialetik, berdintasunetik eta gizarte kohesiotik abiatuta”.

Ildo horretan, azpimarratu du ekonomia sozialak enplegu inklusiboa sortzeko duen “funtsezko zeregina”, bereziki, Euskadin, non desgaitasuna duten milaka pertsonak lan egiten duten enplegu zentro berezietan. “Zalantzarik gabe, enplegua da herrialde baten garapen eta kohesio mailaren elementu erabakigarririk handiena. Eta gure esperientziak esaten digu ekonomia sozialak kalitatezko enplegua sortzen laguntzen duela”.

NBEren Kooperatiben Nazioarteko Urtea dela-eta egiten ari diren topaketek bat egiten dute ekonomia sozialerako funtsezkoa den une batekin: Europako Parlamentuko Gizarte Ekonomiako Taldeartea berritzearekin, sektorea sustatzeko Europako Ekintza Plana ezartzearekin eta euskal eredua politika publiko arrakastatsuen adibide gisa esportatzeko aukerarekin.

Nazioarteko gorabehera politikoekin ere bat egin du. “Gure demokrazia politikoa eta soziala defendatu behar dugu, aberastasuna eta kohesio soziala banatzeko kontratu sozial batean oinarritutako demokrazia, asmakizunik onena izan baita, eta gizateriaren historiako giza garapenaren eta bakearen tasarik handienak lortu dituen espazioa”, gaineratu du Pérez Barredo sailburuordeak.