Lehendakariak Euskal Selekzioaren debut ofiziala nabarmendu du Nazioarteko Zesta Punta Txapelketan, Euskadiren nazio asmoaren ikur gisa

0

Imanol Pradales Lehendakariak pilotako Euskal Selekzioaren eta Euskadiko pilota eskola eta klubetako neska-mutil gazteen arteko topaketan parte hartu du gaur, Gernika-Lumoko Jai-Alai frontoian, datorren ekainaren 1etik 6ra bitartean zesta puntako frontoi sinboliko horretan jokatuko den Nazioen Ligako nazioarteko txapelketaren baitan.

Lehendakariak bere hitzaldian iragarri duenez, Euskal Selekzioak lehen aldiz parte hartuko du ofizialki nazioarteko txapelketa batean, Euskadi nazio gisa ordezkatuz euskal herrian bertan sortutako diziplina batean, zesta-puntan.

Pradalesek adierazi duenez, topaketa honekin munduari esaten zaio Euskadik Herri gisa hazi nahi duela, eta Europako txoko honetan badela nazio bat, kirola bezalako esparru noble eta ederretan defendatzeko prest dauden pertsonak dituena. Topaketan, pilotariei adierazi die, janzten duten kamisetarekin batera, herri baten nahia daramatela. Hala, Lehendakariak azpimarratu du parte-hartze hori ofizialtasunaren partida erabakigarrian apur bat gehiago dela, eta partida hori zelai edo frontoi askotan jokatzen dela aldi berean. Horregatik, lehiatzearen garrantzia azpimarratu du, berdintasunarekin, pertsonen aukera askearekin eta Euskadi herrialde gisa legitimoki lortzeko nahiarekin zor gisa. Amaitzeko, helburu hori kirol guzti-guztientzat ahalbidetzeko deia egin du.

Topaketan izan dira, besteak beste, Joxe Mari Mitxelena, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea; Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Gorka Iturriaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Ander Caballero, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia; Angel Gurrutxaga, Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidentea; eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente ohiak: Patxi Jauregi (2016-2020), Saulo Nebreda  (2012-2016), eta Kiko Caballero (1990 – 1998) .

Ekitaldiaren hasieran pilotako Euskal Selekzioko kirolariak eta talde teknikoko kideak hartu ditu Lehendakariak, kantxan. Gizonezkoen selekzioko Aritz Erkiaga (Ispaster), Eñaut Urreisti (Mutriku), Unai Lekerikabeaskoa (Gernika – Lumo) eta Imanol Lopez (Zumaia); emakumezkoen selekzioko Elaia Gogenola (Berriatua), Helena Barrenetxea (Durango), Maialen Aldazabal (Berriatua) eta Maia Goikoetxea (Berriatua); eta hautatzailea, Ander Bilbao (Berriatua).

Lehendakariaren hitzen ostean, erakustaldi labur bat egin dute Euskal Selekzioko pilotariek bertaratu direnen aurrean eta, ondoren, etorkizuneko neska-mutiko puntisten txanda izan da. Erakustaldi txiki bat egin dute neska-mutiko zortziko batek eta eurekin izan da Imanol Pradales Lehendakaria kantxan: puntista gazteek kamiseta bat oparitu diote Pradalesi, kaskoa jantzi eta zesta nola hartzen den irakatsi diote, besteak beste.

Topaketaren amaieran Euskadiko pilota eskoletako eta klubetako gazteek Euskal Selekzioko pilotarien posterretan sinadurak eskuratzeko eta kirolariekin argazkiak ateratzeko aukera izan dute: Berriatua Zesta Punta Eskola (Berriatua), Markina Zesta Punta Eskola (Markina-Xemein), DUJA Durango Jai Alai (Durango), ⁠Euskal Jai Alai (Gernika-Lumo), ⁠Danok Bat P.E (Mutriku), ⁠Zumaia Kirol Elkartea (Zumaia) eta Bermeo Jai Alai (Bermeo).