Nabarmendu du “gauzak egiteko beste modu bat” dagoela, eta horren helburua ez dela “ahalik eta denbora laburrenean onura maximizatzea, langileen lan baldintzak pobretzearen kontura”
“Berdintasuna, lurralde kohesioa eta justizia soziala sustatzen duten” enpresa ereduetan lan egitearen aldeko apustua egin du Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. Hala azaldu du komunikabideen aurrean, ostiral honetan, Donostian, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroarekin batera, ASETT foroaren lehen edizioa dela-eta eginiko agerraldian. Foro hori aste honetan egin da Kursaalen, ekonomia sozialean oinarrituta, ezberdintasunei aurre egiteko.
Torresek nabarmendu duenez, ekonomia soziala “gauzak egiteko beste modu bat da, enpresa eta gizarte eredu bat, eta horren helburua ez da mozkina ahalik eta denbora laburrenean maximizatzea langileen lan baldintzak pobretzearen kontura”. Azpimarratu du eredu horrek pertsona “lehenesten” duela eta enpresaren “erdigunean” jartzen duela, lurraldean errotuz eta ez dela deslokalizatzen, kalitatezko enplegua sortzen duela, eskubideduna eta inklusiboa, eta ez duela inor atzean uzten.
Eta gaineratu du ekonomia sozialak “demokratikoki” indartzen dituela “bai ekintzailetza kolektiboa bai etekinen banaketa”, eta horrek erakutsi duela “erresilientzia” krisi testuinguruetan, kolektiboaren filosofiari balioa ematen diola eta desberdintasun sozialak, soldatakoak, generokoak eta jatorrikoak murrizten dituela, kohesio soziala eta justizia soziala sortuz.
Foroan ateratako hausnarketa nagusiak partekatzeko gune honetan, Torres Lehendakariordeak adierazi duenez, “erantzukizuna dugu erakusteko enpresa egiteko eta ekonomia egiteko beste modu bat dagoela, lankidetzan, etekinen banaketan eta erabaki demokratikoetan oinarrituta».
Hori dela eta, Torresek azpimarratu du ekonomia soziala bultzatzea eta garatzea gizarte bidezkoago baterantz aurrera egitearen sinonimoa dela. Ildo horretan, ASETT foroa “aurrerapauso handia” dela dio, desberdintasunei ekonomia sozialean oinarrituta aurre egiteko, eta Donostian egoitza duen abangoardiako huba Estatuan eta nazioartean ikusarazteko, eta, aldi berean, enpresa proiektu arrakastatsuak sustatzeko eta garatzeko aukera ematen duela.
Torres Lehendakariordeak Euskadin ekonomia sozialak duen garrantzia gogorarazi du; izan ere, 4.000 enpresa eta 94.000 langile baino gehiago daude ekoizpen sare horretan, eta zerbitzuen, hezkuntzaren, nekazaritzaren eta industriaren sektoreetan dago oinarrituta. Gainera, ekonomia soziala berezi egiten duten ezaugarriak nabarmendu ditu; hala nola, enplegu inklusiboa sortzeko, soldata arrakala murrizteko eta emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzeko duen gaitasuna.
Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eskerrak eman ditu Eusko Jaurlaritzaren izenean, ASETT proiektua gauzatu ahal izateko inplikatutako alderdi guztien presentziagatik, konpromisoagatik eta lanagatik. Ildo horretan, bost erakunderen arteko lankidetza izan da Torresek aipatutako zutabeetako bat, eta adierazi du batera egindako ahalegin horrek “gizarte justuago, solidarioago eta inklusiboago bat bultzatzea” duela helburu. “Bat eginda gaude munduari erakusteko lankidetzak eta elkarlanak ahalbidetu digula, historian zehar, gizarte gisa izan ditugun erronkei aurre egitea eta une bakoitzean sortu diren oztopoak gainditzea”, gaineratu du.
Torresek gogorarazi du 2025a Kooperatibismoaren Nazioarteko Urtea izendatu duela Nazio Batuen Batzar Nagusiak, eta “familia handi hau” osatzen duen alderdi bakoitza aipatu du: lan sozietateak, kooperatibak, laneratze enpresak, enplegu zentro bereziak, fundazioak eta elkarteak.