Proiektu honen aldaketen ondorioz, hasieran Abandorekin aurreikusitako lotura orain Moyuarekin izango da eta Matikoraino luzatuko da.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak lizitaziora atera du Bilboko trenbide metropolitarraren 4. linearen eta hegoaldearen informazio-azterlanaren eguneraketa, trazaduraren aldaketa bertan sartzeko, gainerako sarearekin Moyuan lotzeko eta linea Matikoraino luzatzeko.
Hasierako informazio-azterlanean Basurtu-Abando trazadura jasotzen zen. Abandon zegoen aurreikusita 4. linea Bilboko metroaren sarearekin lotzea. Trazaduraren aldaketa abiadura handia Bizkaiko hiriburura iristearen eta linea geltokian egokitzeko zailtasunen ondorioz Abandoko geltoki berria eraikitzeko aurreikusitako epeak luzatzearekin dago lotuta.
Horregatik, beharrezkoa da informazio-azterlana eguneratzea eta Matikoraino luzatzea. Testuinguru horretan, ETSren kontratazio batzordeak publizitaterik gabeko prozedura negoziatua ezarri du egungo informazio azterlanaren esleipenduna den Fulcrum ingeniaritza-enpresarekin –dagoeneko kontrastatuta dauden datuak berriro kalkulatzea eta aurretik zeuden lanak errepikatzea saihesteko xedez–, egindako lana doitzeko eta lan horren gainean lan egiteko. Kontratuak 130.000 euroko aurrekontua izango du gehienez, eta 6 hilabeteko egikaritze-epea.
Linea horretan, Basurtu-Abando tartean Bilboko trenbide metropolitarraren 4. linea eta hegoaldea eraikitzeko proiektuaren aldaketa onartu zuen ETSk joan den astean. Kasu honetan, aldaketak epea zortzi hilabete eta erdi luzatzea ekarriko du, hasieran Abandorekin aurreikusitako konexioa Moyuarekin ezartzearen ondorioz.