- Ertzaintzak urtero egiten duen ekitaldian, non zerbitzu publikoaren aldeko jarduera eredugarriak aitortzen diren, 16 domina eta 30 zorion-adierazpen banatu dira aurten
- Ekitaldi horretan, Imanol Pradales lehendakariak Ertzaintzako agenteen adorea eta konpromisoa nabarmendu ditu, bereziki ETAren terrorismoaren mehatxupean jardun zuten urteetan
Egin da 2023an eta 2024an merezimenduzko, aparteko eta ezohiko egintzak egin zituztenei polizia-lanagatik zorionak emateko eta kondekorazioak banatzeko eta zerbitzuan hildakoak eta ETAk hildako ertzainak omentzeko eta gogoratzeko urteko ekitaldi solemnea.
Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazioetan egin den ekitaldia hasi da gogora ekarriz zerbitzuan hildako agenteak, azkena Cristina Martínez Landa, 2024ko abuztuaren 13an Gasteizen zerbitzuan hil zena, eta ETAk hildako ertzainak. Imanol Pradales lehendakariak, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak omenaldia egin dute bi txapel gorrirekin, haiek gogoratzen dituen monolitoaren aurrean.
«Urte gehiegitan, ertzaina izatea ez zen erraza gure gizartean. Ertzain izatea erabakitzen zutenek uko egiten zioten bizimodu normalizatu eta duin bati, herrian lasai ibiltzeari. Hitz gutxitan esanda: pertsona ororen altxorrik preziatuenari uko egiten zioten: askatasunari«, adierazi du Lehendakariak.
Halaber, Pradalesek eskerrak eman dizkie beren jardunarekin bizitzak salbatu dituztenei – udaltzainak, ertzainak zein gizarte zibileko kideak –, zerbitzu bokazioa muturreraino eramateagatik. «Babesten dituzuen pertsonen osotasuna eta bizitza zuenaren gainetik jarri duzue. Jaso ezazue nire aitortza eta esker ona, euskal herritarren segurtasuna eta lasaitasuna bermatzeko erakutsitako eredugarritasunagatik», gaineratu du.
Ekitaldian, Lehendakariak zerbitzuan hil diren agenteen lana ere goraipatu du, eta bereziki gogoratu ditu ETAk hildako Ertzaintzako 15 kideak.
Bereizgarri berdedun domina bat
Bereizgarri berdea duen polizia-merezimenduaren domina bat eman da. Bereizgarri hori egitate garrantzitsuak edo ezohiko polizia-jarduerak burutzen direnean ematen da, baldin eta beren izaeragatik, hain meritu handikoak izanda, goi mailako aitorpena merezi badute.
- Gaizka Corral González. Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateko agentea. 2024ko abuztuaren 10ean, Burgosen, Medina de Pomar herrian, zerbitzuz kanpo zegoela, zaurituta utzi zuen gizon bati indarkeria erabiliz urrezko kateak lapurtu zizkion pertsona atxikitzea lortu zuen, ondoren, hainbat pertsona agertu ziren eta hari eraso egiten hasi ziren lapurra atxikitzen jarrai ez zezan. Gero Guardia Zibilak atxilotu zituen lapurra eta agenteari eraso egin zioten pertsonak.
Bereizgarri zuridun 10 domina
Gainera, Ertzaintzak bereizgarri zuridun beste 10 domina ere eman ditu. Bereizgarri hori ematen da zailtasun edo garrantzi handiko zerbitzuetan agenteek izandako parte-hartze arrakastatsuagatik eta horietan dohain profesional edo zibiko apartak erakutsi izanagatik, bai eta era nabarian nabarmendu direlako polizia-eginkizuna betetzean edo kidegoaren ospea hobetzeko edo zerbitzuan erabilgarriak diren lan bikainak egin dituztelako ere:
- Ramón Mena Torres. Plangintza Operatiboko eta Azpiegituren Babeseko burua. Bereizgarri zuria duen dominak 2023an Euskadin egin zen Frantziako Tourreko Grand Départ planifikatzen eta garatzen egindako lana aitortzen du, Ertzaintza bilera guztietan erreferente izatea lortu baitzuen, zeregin guztiak gainbegiratuz eta garatuz.
- Juan Pablo Duarte Ramos. Gaur egun erretiratuta dago, eta Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko buru gisa, 2021etik parte hartu zuen Euskadiko errepideetan egin ziren 2023ko Frantziako Tourreko lehenengo etapen plangintzan eta garapenean. Gainera, Tourraren zerbitzu-jarraibideen eskuliburu bat diseinatu zuen kirol-ekitaldi garrantzitsu horretan parte hartuko zuten pertsona guztientzat, eta horregatik merezi izan du domina hau.
- Josu San Juan Hervás. Duela gutxi erretiratu zen, eta dominarekin bere ibilbide profesionala aitortzen da. Azken urteetan Ertzaintzan telefoniaren, sistema informatikoen, ibilgailuen eta abarren arloan egindako aldaketa guztietan parte hartu du, eta beti erreferentziako pertsona izan da kudeaketa horietarako guztietarako.
- Beñat Josu Gutiérrez Bengoetxea. Gaur egun Koordinazio eta Lankidetza Unitatearen arloko burua da. Bereizgarri zuria duen dominak bere ibilbide profesionala aitortzen du, eta nabarmentzekoa da Euskadiko lehenengo Segurtasun Planean eta udaltzaingoen prozedurak sortzeko mahaian izandako parte-hartzea. Gainera, erreferentea izan da Udaltzaingoko diplomak eta erretiratuen txartelak sortzean. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian ikasleen prestakuntzan egindako lana ere aitortzen zaio.
- José Fernández Lamas. Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko Atal Operatiboko instruktore burua da eta unitateko kideen etengabeko prestakuntzaz arduratzen da. Unitatearen barruan, bai sortzeko prozesuan bai mendearen hasieratik maila guztietan izandako garapenean, egindako ibilbide profesionalagatik jaso du aitorpena. Berari esker, LIUko kideek espezialista militarrei ematen zitzaien prestakuntza bera jaso ahal izan zuten. Estamentu judizialean arlo horretako aditu gisa emandako laguntza ere aitortzen zaio.
- Aranzazu Montero Rojo. Kanpo Lankidetzako Burutzako lotura-ofizial gisa lan egiten du, eta ibilbide profesionalaren aitorpena jaso du Ertzaintzak hainbat erakunderekin dituen harremanak sustatzeko eta mantentzeko duen konpromiso irmoagatik. ENPko (European Network Policewoman) ordezkari gisa, emakume polizien nazioarteko elkarte bat bultzatu, sortu, sustatu eta zuzendu zuen.
- Mikel Maudes Treku. Gipuzkoako Aginte eta Kontrol Zentroan destinatutako ofiziala da, eta 2024ko otsailaren 16an Irunen egindako jarduera batengatik jaso du domina. Egun horretan, zerbitzutik kanpo zegoela, pertsona bat furgoneta batean indarrez sartzen ari zirela ikusi zuen, eta atzetik jarraitzen hasi zen, beraz, patruilei mugimenduen berri emanez, harik eta ibilgailua geldiaraztea eta pertsona askatzea lortu zuten arte.
- Mikeldi Menéndez San Cristóbal. Agente lehen honek domina jaso du 2022tik 2023ra bitartean oihartzun mediatiko handia izan zuten drogen aurkako hainbat operatibotan parte hartu zuten unitate guztien kudeaketan egindako lanaren aitorpen gisa.
- Erik Carrasquero Iparraguirre. Donostiako Ertzain-etxean destinatuta dagoen agente lehena. 2022ko abuztuaren 20ko jarduketa batengatik jaso du domina. Egun horretan, itsasoan sartu zen, baldintzak txarrak baziren ere, uretan zegoen gizon bat erreskatatzera, bere osotasuna arriskuan jar zezakeela asumituz, eta udaltzaingoko agente batekin batera ur gainean mantentzea lortu zuen beste baliabide batzuk iritsi arte, eta, era horretara, bizia salbatzea lortu zuen.
- David Reyero Llano. Urola-Kostako Ertzain-etxera atxikitako agente lehena. 2023ko maiatzaren 26an Orioko itsasadarrean egindako esku-hartzeagatik jaso du aitorpena. Egun horretan, lankidearen laguntzarekin, konorterik gabe zegoen gizon bat erreskatatu zuen itsasadarretik, eta BBB bat egin zion konortea berreskuratu zuen arte.
Bereizgarri urdineko 5 domina
Gaurko ekitaldian, bereizgarri urdineko beste 5 domina ere banatu dituzte. Domina horiek ematen zaizkie beste polizia-kidego batzuetako kideei, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu publikoetako kideei, segurtasun pribatuko kideei eta segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko ekintzak egiten dituztenei, bai eta Ertzaintzaren mesederako eta ospea hobetzeko harekin funtsezko lankidetzan aritzen direnei ere:
- David Lecumberri Solano. Segurtasun-jagole honek 2024ko irailaren 8an lanean ari zela, Bilboko Zabalburu plazaren inguruan emakume bati telefono mugikorra lapurtu zioten bi gizon atxilotzen lagundu zuen. Lapurreta ikusi zuenean, lapurren atzetik abiatu zen, eta labanekin mehatxu egin zioten arren, telefonoa berreskuratzea lortu zuen.
- Eneko Beitia Álvarez. Bilboko udaltzaina da. 2024ko maiatzaren 25ean Getxon zerbitzutik kanpo zegoenean, eta berari esker, une batzuk lehenago gertatutako hilketa baten egileak atxilotzea lortu zen, metro geltoki bateraino atzetik jarraitu eta Ertzaintzari abisua eman ondoren.
- Iker Bitor de Arbeloa Perozo eta Iker Vega Fernández. Bi herritar hauek 2024ko apirilaren 16an Bilboko itsasadarrean sartu ziren, San Anton zubiaren parean, bere burua uretara bota zuen emakume bat erreskatatzeko. Jarduera hori erabakigarria izan zen emakumearen bizia salbatzeko; izan ere, esku hartu izan ez balute eta larrialdietako baliabideen zain geratu izan balira, itsasadarraren ur-emari handiaren ondorioz, litekeena da emakumea hil izana.
- Santiago Peña Garcia. Bilboko Udaltzaingoaren intendenteak bi polizia-kidegoen arteko lankidetzaren alde egindako ekarpena aitortzen duen domina jaso du. Esate baterako, Ertzaintza Bilbon hedatu aurre hartan, Ertzaintzaren lanean eraginkortasuna lortzeko beharrezko informazioa eman zuen. Gainera, funtsezkoa izan da Bilboko Udaltzaingoaren barruan emakumearen aurkako indarkeriaren tratamendurako Ertzaintzaren sistema ezartzean. Halaber, gai horretan prestakuntza-prozesu bat antolatu zuen, edukiari eta parte-hartzaileei dagokienez jarraitu beharreko eredutzat hartu dena.
30 zorion-adierazpen
Azkenik, ekitaldian 2024an zerbitzuan merezimendu bereziko egintzak egin zituzten eta zoriondu diren ertzainen izenen jendaurreko irakurketa ere egin da. Merezimenduzko egintza horiek espediente pertsonaletako oharretan jasota geratzen dira, eta gaur jaso dutena bezalako aitorpen publikoa jasotzeko arrazoia dira. Edizio honetan guztira 30 ertzain zoriondu dituzte polizia-lan aipagarria egin dutelako.