Lehendakariak iragarri duenez, «datorren ostiralean, Presidenteen Konferentzian, Euskadik proposamen berri bat jarriko du mahai gainean, trantsizio energetikoan eta industriaren deskarbonizazioan aurrera egiteko«. Izan ere, euskal sare elektrikoaren hobekuntzan ez inbertitzeak «enpresa-jarduera deslokalizatu eta 75.000 pertsona baino gehiagoren enplegua arriskuan jar lezakeelako», ziurtatu du, industria-jarduerak Euskadin duen papera eta lehiakortasuna bermatzeko sektorearen eraldaketaren aldeko apustu irmoa azpimarratu ondoren.
“Gure Herriaren iraganak eta etorkizunak bat egiten dute lur hauetan. Duela 123 urte, hemendik gertu, sortu ziren Bizkaiko Labe Garaiak, Euskadiko industria-garapenaren ikurretako bat”, adierazi du, eta “gure apustuak berdina izaten jarraitzen du: Herri gisa industria sendo bat garatzen jarraitu nahi eta behar dugu, ezinbestekoa baita ongizatean hazteko”, gaineratu du.
Altzairutegiko instalazioetara egindako bisitan, lehendakariarekin batera izan dira Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Gorka Álvarez alkatea, Philippe Meyran ArcelorMittal Españako CEOa, Jesús Izcue Arcelor Mittal Españako country managerra, eta Pedro Escudero ArcelorMittal Sestaoko CEOa.
Bisitariak altzairutegian barrena ibili dira enpresako profesionalekin batera. Hasteko, txatarra-parkea bisitatu dute. Ekoizpen-prozesua hasten den eremua ezagutu ondoren, altzairutegira, txatar-laborategira, ijezketa-gunera, bobinatzeko makinaren eremura eta desugerketa-gunera joan dira.
Gaitasun propioak
Pradales Lehendakariak ziurtatu duenez, “Euskadin gaitasun propioak ditugu deskarbonizazioarekin lotutako enpresa- eta teknologia-proiektuak garatzeko eta erakartzeko. Bizkorrak izan behar dugu gaitasun horiei etekina ateratzeko. Hori bai, inor atzean utzi gabe”. Horren lekuko da “ArcelorMittalek planta hau belaunaldi berriko altzairuaren, ‘Altzairu berde’ deiturikoaren, ekoizpenaren punta-puntako bihurtzeko egin duen apustua”.
Lehendakariaren hitzetan, “bultzada berritzaile hori ziurgabetasun handiko testuinguru batean iritsi da, hain zuzen Trumpen administrazioaren muga-zergen mehatxuak, Txina eta Indonesia gisako herrialdeen gainprodukzioak edo lehia desleialeko praktikek markatutako testuinguruan. Alabaina, badira baliatu beharreko aukerak ere. Europan apustu sendoa egiten dugu gure oinarrizko industriak babestearen eta teknologia garbiak sustatzearen alde”.
Bisitan, Pradalesek Europako industriaren bide-orria («Clean Industrial Deal») eta Europako Batzordeak martxoan aurkeztutako ‘Altzairu eta Metalen Ekintza Plana’ gogorarazi ditu, eta Euskadiko sare elektrikoaren ahalmena eta potentzia hobetzeko eta energiaren prezioa hobetzeko beharra nabarmendu du. “Industria da gure herrialdeko elektrizitate-kontsumitzaile nagusia, % 53rekin. Euskal Autonomia Erkidegoko sare elektrikoan beste 6.000 megawatt gehiago behar ditugu, deskarbonizazioaren arloko inbertsioei ekin dakien eta Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sareak behar dituen industria-proiektu berrietan inbertsioak egin daitezen”, aipatu du.
Azkenik, Lehendakariak egungo egoeraren konplexutasuna onartu du, baina sektoreak etorkizuneko agertokietara egokitzeko duen gaitasuna aitortu du. “Une erabakigarriak bizi ditugu. Orain hartzen ditugun erabakiek gure etorkizuneko ongizatea baldintzatuko dute, gure aurrekoen erabakiek gurea baldintzatu duten bezalaxe. Europatik datorren olatua hartuta, berriro aitzindari izatea dagokigu, gure industria-ehuna berritzeko eta datozen belaunaldiei aukera handiak emango dizkien Euskadi uzteko”, adierazi du.