Uraren Euskal Agentziak (URA) Zubitxo errekaren ingurumena leheneratu du Lezon, zehazki Lopene plaza zeharkatzen duen zatia. Egitekoa 117 metroko tarte zuzen batean burutu da, eta hurrengo lanak egin dira: ibilguko hormigoizko ohantzea induskatu, ertzeko erriberako harri-lubeta kendu, trazadura naturalagoa bihurtu — meandroak gehituz—, eta erriberako bertako espeziekin bi ertzetan birlandaketa egin da. Lanek 118.383,59 (BEZa barne) euroko aurrekontua izan dute, eta 4 hilabeteko epea behar izan dute gauzatzeko.
Esku-hartzearen aurretik, landaredi-naturala ez zen existitzen tarte horretan; erabat kanalizatuta zegoen, hormigoizko ohantzea zuen eta harri-lubeta bana zuen bi ertzetan, oraindaino soilik huntza eta sasia hazten ziren.
Jarduketa hiru eremu desberdinetan burutu da; lehenengoa, eskuinaldeko ertzean erriberatik harri-lubeta guztiz kendu da. Ohantzearen kasuan, ordean, zati bat kendu da, bertan berdegune zabala dagoelako. Bigarren jarduketa pasabidean egin da, babesak mantendu dira egiturazko arrazoiengatik, eta, gainera, egungo sekzioa kontserbatu da. Azkenik, ezkerreko ertzean, harri-lubeta estali da lurrezko betelanez eta aldaxkatutako sahatsez foru errepiderako defentsa baita. Birnaturalizazio horrekin hiri- ingurunean ibaiaren habitata berreskuratu da.
Era berean, bi ertzetan erriberako espezie autoktonoak landatu dira, haltzadi kantauriar dagozkionak.
Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.