- Getarian egin da ‘Euskal Gastronomiaren Topaketa’, sektoreko 300 profesional baino gehiagoren parte-hartzearekin
- Jardunaldiak María José Artano eta María Rosa Larrañaga ‘amatxoak’ eta Martín Berasategi sukaldaria omendu ditu
Getarian egin da, gaur goizean, ‘Euskal Gastronomiaren Topaketa’, eta 300 profesional baino gehiago bildu ditu. Profesionalek gastronomiaren eta itsasoak Euskadiren eragile kultural, ekonomiko eta gastronomiko gisa betetzen duen zereginaren inguruan eztabaidatu dute. Jardunaldian Imanol Pradales lehendakaria eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua izan dira. Bertan izan dira, halaber, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Imanol Zubelzu Mantala proiektuko zuzendaria.
Lehendakariak, hitza hartu duenean, sektorearen garrantzia nabarmendu du. “Gure gastronomiak balioa eta ongizatea sortzen ditu eta modu askotan egiten du: enplegua eta aberastasun ekonomikoa, nazioarteko proiekzioa, ingurumena, lurralde-oreka, paisaia, nortasuna eta kultura. Katebegi asko dituen katea da: baserritarrak, arrantzaleak, sukaldaritzako osagaien industria, eraldatzekoa, sektore logistikoa, banatzaileak, ostalaritza, ‘foodtech’a edo I+Gko zentroak”.
Aldi berean, Imanol Pradalesek adierazi duenez “aurrera egin behar da laugarren belaunaldiko nekazaritzako elikagaien industriarantz, gure gastronomia-gaitasunekin indartuta. Helburua argia da: gastronomiaren balio-kateak Euskadiko ekonomiaren eta ongizatearen ardatz izaten jarraitzea”.
Bestalde, Amaia Barredok aditzera eman duenez, “ikuspegi integraletik hartuta, gastronomiak kalitate-mailarik handienean eta ondo egindako lanaren erreferentzia mailarik handienean kokatzen du Euskadi. Gastronomiaren protagonistak Herrialde aktibo eta konprometituaren sinonimo bihurtzen dira; pertsona oro erreferentzia positiboa da”. “Euskal Gastronomiaren Topaketa honek Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiara hurbilduko gaitu, Getariako portu-ingurunera, non parrilla duten jatetxe guztien proposamen gastronomikoak biltzen diren: Kaia, Elkano, Astillero, Balearri, Myflower, Iribar eta Txoko” adierazi du Barredo sailburuak.
Bihotzeko omenaldiak
Mantalak —Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatutako ekimen horren xedea da euskal gastronomia sustatzea eta garatzea, ezagutzaren eta baterako sorkuntzaren trukea sustatzearen bidetik— antolatutako topaketaren laugarren edizio honetan, euskal gastronomiaren itsas nortasuna eta paisaia izan dira ardatz, eta Euskadiko sustraiekin dituen erronkak, aukerak eta harremanak aztertu dira, txostenen, mahai-inguruen, omenaldien eta zenbait kultur ekitaldiren bitartez.
Arratsaldeko lehen orduan, Pradales lehendakaria Balenciaga Museoko atarian izan da, María José Artano eta María Rosa Larrañaga ‘amatxoei’ egindako omenaldiaren buru. Getariako gastronomiaren historian pisu handia duten bi emakume horiek bizitza osoa eskaini diete Elkano eta Kaia jatetxe ospetsuei. Agertoki horretan bertan, omenaldia egin zaio Martin Berasategiri, sukaldaritzan egindako 50 urteko bideagatik: “mende erdiko dedikazioa, pasioa eta bikaintasuna, gastronomian aztarna ezabaezina utzi dutenak”. Haren ondarea balioetsi da, eta jendaurrean aitortu da hark Gastro-Gaztea kolektiboko lurraldeko talentu gazteekin egindako lan nekaezina: Gorka Rico eta Javi Rivero (AMA); Julen Baz (Garena); María Lasquibar (Kea); Ane Lore Lasa (R); Belén Sandrín eta Jokin Loma (Añanako jauregia); eta Julen Arregi (Kaia).
Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradian egindako azoka gastronomikoak biribildu du eguna. Parrilla duten herriko zazpi jatetxeek (Kaia, Elkano, Astillero, Balearri, Myflower, Iribar eta Txoko) indarrak batu dituzte, lehen aldiz, Kofradia-Itsas Etxearekin, eta itsasoa ardatz nagusi eta inspirazio-iturri duten sukaldaritza-proposamenen lagin bateratua eskaini dute, betiere Urola Kostako ekoizleekin eta kontserbagileekin egin eta aurkeztuta.