Cadena SER Euskadik eta BBK-k GJH Sarien hirugarren edizioa ospatu dute. Ekimen hau erreferente bihurtu da Euskadin, gizartean eragin positiboa duten pertsonen lana agerian jartzen baita bertan. Hirugarren edizio honetan, sariek Garapen Jasangarriaren Helburuei (GJH) lotutako sei kategoria biltzen dituzte: Pertsonak, Planeta, Oparotasuna, Bakea, Itunak eta, berrikuntza gisa, Hizkuntza eta Kultura Aniztasunari eskainitako kategoria berri bat, 18. GJHrekin lerrokatua, Euskaditik sustatutako helburua.
Hain zuzen ere, kategoria horretan saritu dute Dantzerti, Euskal Herriko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskola, etorkizuneko aktoreak euskalduntzeko proiektuagatik. Euskaraz ez dakitenei zuzenduta dago egitasmoa eta arte eszenikoetan euskararen erabilera sustatzea du helburu. «Kultura- eta hizkuntza-aberastasuna eraldaketarako tresna gisa defendatzen duen proiektua» dela adierazi dute sariketaren antolatzaileek.
Saria Unai Izquierdok, DANTZERTIKO zuzendari ondokoak jaso du, eta berarekin izan dira ekitaldian Jokin Azkue, HABEko zuzendaria; DANTZERTIko zuzendaritza kideak; Bilbo Zaharra Euskaltegiko irakaslea, Jon Fombellida; eta programako ikasleak.
DANTZERTIKO ikasle asko Estatuko beste Autonomia Erkidego batzuetatik datoz eta besteek batzuek, bertakoak izanik ere, euskaraz antzezteko beren euskara maila hobetu beharra sentitzen dute. Errealitate hori ikusita, DANTZERTIk, HABE eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren babesa jaso zuen eskolaz kanpo euskara indartzeko programa abiarazteko.
Ikasleak euskalduntzeko programaren gidaritza Bilbo Zaharra euskaltegiak hartu zuen eta eskoletan euskarazko ohiko curriculumaz gain, arte eszenikoen alorreko gaiak jorratzea du jomugatzat. DANTZERTI goi mailako Arte Dramatiko ta Dantza ikasketak euskaraz eskaintzen dituen zentro bakarra da, eta hori dela eta, bere oinarrietako bat etorkizunean euskaraz sortuko duten profesionalen harrobia bermatzea da.
Aurtengo urtarrilean hasi ziren errefortzuok astean bitan egiten dira eta ordu eta erdiko iraupena dute. Oraingoz, bi maila daude: bata, oinarrizkoa; non euskararen lehen hastapenak lantzen diren; eta bestea, erabiltzaile aurreratuentzat, ikasleek beharrezkoak dituzten berariazko arloak lantzeko. Programa norbanako tutoretzekin osatzen da; izan ere, bi astean behin, ikasleek zalantza zehatzak galdetu diezaizkiote beren euskara irakasleari edota euskarazko testu jakin bat lantzeko aholkularitza jaso.
2024-2025 ikasturte amaieran, ikasle hasiberriek B1 mailako ziurtagiria lortzeko aurkeztu ahal izango dituzte beren buruak. Eta datozen urteetan, euskara mailak eta taldeak ugaritzen joatea aurreikusten dute, eta baita maila horiek ziurtatzeko aukera eskaintzea ere.
Honelakoak dira hirugarren edizio honetan saritutako gainerako proiektuak
Pertsonak: Ortopedia Bidari – Adato Elkartea. Bolivia, Benin eta Mauritania bezalako herrialdeetan pertsona ahulentzako gailu ortoprotesikoak (protesiak eta gurpil-aulkiak, adibidez) berreskuratzen eta egokitzen 17 urte baino gehiagoz egindako lanagatik sarituak. Beren ekintzari esker, nazioarteko 39 misio egin dituzte eta 1.000 pertsona baino gehiagoren bizitza hobetu dute.
Planeta: Zunibal SL. Derioko enpresa, itsas ingurunean % 100 biodegradagarria den lehen Arrainak Kontzentratzeko Gailua (DP) garatzeagatik saritua, nazioarteko estandarrekin lerrokatua. Bere teknologiak arrantza jasangarri eta arduratsuan laguntzen du.
Oparotasuna: Zelestra (antzinako Solarpack). Bizkaian egoitza duen energia berriztagarrien enpresa globala. Hiru ardatzetan oinarritutako inbertsio sozialeko politikagatik aitortua: hezkuntza, energia eta ingurumena. Europako, Amerikako, Asiako eta Afrikako hainbat herrialdetan 250.000 pertsona baino gehiagori egin die mesede.
Bakea: Euskalduna Bilbao. Bakearen, memoriaren eta bizikidetzaren balioak aldarrikatu zituen «Bake Soinuak» kontzertuagatik saritua, John Adamsen Klinghofferren heriotza operaren hitzaurrearen estreinaldiaren bidez, bi korurekin: erbesteratu juduak eta erbesteratu palestinarrak.
Itunak (17. GJH): Colegio Santísima Trinidad Ikastetxea. 2030 Agendarekin duen konpromisoagatik aitortua, Green Cool Schools edo Hezkuntza Berriztatzeko Iberoamerikako Sarea bezalako nazioarteko sareetan ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzen duen eskola-proiektu baten bidez. Adibidez, eskola txiki batek eragin globala izan dezake.