Lehena igande honetan izango da, ekainak 8, 11:00etan Aieteko parkean
Ostegun honetan, ekainaren 5ean, ospatuko den Ingurumenaren Munduko Egunarekin bat eginez, Cristina Enea Fundazioak ‘Parketik parkera’ ekimena aurkeztu du. Bertan, Donostiako familiak hiriko hainbat parke ezagutzera eta naturarekiko harremanaz elkarrekin gozatzera gonbidatzen da. Horrela, urtaro bakoitzean egingo diren bisitek berdegune horietara eta bertako txoko eder eta enblematikoenetara hurbilduko gaituzte.
Bisitak
Lehenengo bisita ekainaren 8an izango da, igandea, 11:00etan, Aieteko parkean, euskaraz. Bisita bera gaztelaniaz errepikatuko da ekainaren 22an, eta bi jardueretarako izen-emateak www.cristinaenea.eus webgunean daude zabalik. Bisitetarako programa hau izango da:
- Udaberriko bisita: Aiete
- Udako bisita: Urgull
- Udazkeneko bisita: Ametzagaina
- Neguko bisita: Ulia
Parketik parkera ekimenak Donostiako parkeak hobeto ezagutzera eta beste modu batera gozatzera gonbidatzen gaitu. Horretarako, irteera hauetan parke bakoitzaren historia ezagutu eta bertako txoko ederrenak arakatzeaz gain, familian arakatu eta jolasteko aukera ere izango dugu.
Uda, udazken eta neguko bisiten data zehatzak eta ordutegiak aurrerago zehaztuko dira.
Donostia berdea
«Inguratzen gaituen ingurune naturala babestu eta balioztatzearen garrantzia gogoratzeko eguna da. Donostian parkeen eta berdeguneen sare paregabea dugu, askotan oharkabean pasatzen dena, baina hor dago, guztion eskura. Gure osasuna hobetzen duten guneak dira, naturarekin konektatzen gaituzte eta egunerokotasunean atseden bat eskaintzen digute «, gogorarazi du Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak.
Ekimenak hiri-parkeak balioetsi nahi ditu, hirien eta bertako biztanleen ongizatean funtsezko papera betetzen baitute.
Berdeguneek erlaxatzeko eta naturaz gozatzeko aukera ematen diete hormigoiz estalitako hirietan bizi eta lan egiten dutenei. Donostiak, zorionez, 21 m2-ko azalera berdea du biztanleko, OMEk bizi-kalitatearen adierazle gisa ezartzen duen batez bestekoaren ia bikoitza. Altxor indibidual eta kolektiboa, guztioi dagokiguna, kasu batzuetan gure arbasoengandik heredatu duguna, kasu askotan gure garaian sortu ahal izan duguna eta datozen belaunaldientzat oinordetzan utziko ditugunak.
«Udaletik parke hauek gero eta irisgarriagoak, inklusiboagoak eta biziagoak izatea nahi dugu. Naturaz gozatzea ez da luxu bat, eskubide bat da, eta gurea bezalako hiri batean, eskubide horren ondorioz, pauso gutxitara leku zoragarriak eduki behar ditugu, guztion artean zaintzen jarraitu behar dugunak «, gaineratu du Garciak.
Gainera, berdegune horiek benetako babesleku klimatikoak dira pertsona eta animalientzako muturreko klima garaietan, eta hiriko zaratak moteltzeko lekuak eskaintzen dituzte, Donostiako Udalak 2022an egin zuen Zarataren Mapa Estrategikoan islatzen den bezala.