Egitarau ugaria eta anitza prestatu du Euskaltzaindiak Gabriel Arestiren ekarria ezagutarazi eta balioesteko bere heriotzaren 50.urteurrenean

0

Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazle eta euskaltzain urgazlea 1975eko bagilearen 5ean zendu zen, 41 urte zituela. Urtemuga hori kontuan izanda, Euskaltzaindiak xx. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zen hura omentzeko eta beronen ekarria goresteko hainbat ekitaldi antolatu ditu Bilboko hiruburuan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EiTBren eta BBKren babesa jaso du.

Euskararen Akademiaren egoitzan egin den prentsaurrekoan aletu dira egitarau ugariaren nondik norakoak. Bertan izan dira, Gabriel Arestiren senideak; Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua; Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia; Igone Zabala eta Patxi Juaristi (EHU); Vanessa Fernandez (EiTB); Xabier Monasterio (Gabriel Aresti Kultura Elkartea), Gorka Martinez (BBKko zuzendari nagusia), Carmen Martínez (Bilboko Koralaren zuzendaria) eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Andres Urrutiak ekainean hasi eta abendura arte luzatuko den egitarauaren helburua zein den azpimarratu du agerpenean: «Oro har, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia. Izan ere, euskal herritar asko dago oraindik ere Aresti nor izan zen ez dakiena, ez eta hark euskal literaturari egindako ekarpen garrantzitsua ezagutzen ez duena ere. Hortaz, Arestiren ekarria balioan jarri nahi dugu, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz». Baina euskaltzainburuak bestelako helburu bat ere aipatu du bere berbaldian: «Herri handi eta hiriburuek euskararen biziberritzean duten zeregina azpimarratu nahiko genuke. Euskara eta euskal kultura askotarikoa dela erakutsi nahi dugu eta askotarikoen artean ehuntzen dela bistaratu. Denon euskara nahi dugu, eta denontzat».

Hori dena betetzeko, hamar ekimen aurreikusi dira (hitzaldiak, antzerki-saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu-aurkezpenak), ondorengo sei hilabeteotan gauzatuko direnak.

Egitaraua (Bilbon, 2025eko ekainetik abendura artean)

  • Ekainaren 6an (Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan): Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du.

→ Arestiren garaian hainbat konpositorek sortutako lanak interpretatuko dituzte txistulariok: esaterako, J. Guridi, J.M. González Bastida edo J.L. Ansorena musikagileenak. Musikak lagundurik, Arestiren poesiak irakurriko dira.

  • Ekainaren 19an eta 20an (Euskaltzaindiaren egoitzan): «Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa» hitzaldia, Gabriel Aresti katedraren eskutik / EHU (Udako Ikastaroen barruan).

→ Katedrak Gabriel Aresti intelektual eta kulturgilearen irudia eta obra ezagutarazi nahi du, bereziki unibertsitateko ikasleen artean. Gabriel Aresti katedra euskal kulturaren ikerkuntzari, sorkuntza artistikoari eta dibulgazioari lotutako unibertsitate-katedra da.

  • Ekainaren 26an (Bizkaia Aretoan, 11:00etan): Gabriel Arestik ereindakoak liburuaren aurkezpena. Gabriel Aresti katedrak ondutakoa da eta Patxi Juaristi (EHU) eta Beatriz Zabalondo (EHU) dira lanaren koordinatzaileak.

→ Literatur genero, komunikatzeko modu, ikertzeko bide eta gogoeta egiteko era desberdinak uztartu dira omenaldi-liburu horretan. Testuekin batera, marrazkiak, lan grafikoak, akuarelak, irudi digitalak, komikiak, litografiak, collageak… ere apailatu dira. Pentsamendua bideratzeko modu desberdinak, helburu bera lortzeko: Arestiren lanaren gaurkotasuna aldarrikatzea.

  • Urriaren 6an (Guggenheim Museoaren areto nagusian, arratsaldez): Bilboko Koral Elkartearen kontzertua.
  • Urriaren 8an: Gabriel Arestiren mandatua liburu-aurkezpena.

→ Arestiren ekarria diziplina anitzetatik (euskara, literatura, gizartea, antzerkia, hirigintza, artea, kazetaritza, bertsolaritza, gazteria, itzulpena…) aztertua da saiakera-lan horretan.

  • Urriaren 14tik abenduaren 31ra arte (Bizkaiko Foru Liburutegian): Gabriel Arestiri buruzko erakusketa monografikoa.

 

  • Urriaren 15ean (EHU Mikel Laboa plazan): Gabriel Arestirekin kanpoko antzerki-saioa.

→ Ikuskizunak bi osagai ditu: Gabriel Aresti Eibarren fikzio-lana, Pedro Alberdik idatzia. Eta antzezlanaren bigarren osagaia, idazle bilbotarraren Profeta bati izeneko Q poema da, Harri eta herri liburukoa.

Poesia herriarentzat egina dela aldarrikatu zuen Arestik lan horretan. Herriaren barnean sartu nahi ditu bere hitzak, «mailukadakak» badira ere. Berba horiek bizirik diraute, eta hori gogoraraztera dator Gabriel Arestirekin ikuskizuna.

 

  • Azaroaren 14an (Euskaltzaindiaren egoitzan, goizez): Gabrielen ispiluetan barrera solasa.

→ Mahai-inguru horretan, poeta-talde batek mosaiko bat osatuko du, Arestiren poesiak beren sorkuntzan izan duen loturaz edo eraginaz hitz eginez. Parte-hartzaileak: Leire Vargas, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz, Sonia Gonzalez eta Tere Irastortza.

Antzerki-saioa: Mikel Martinez

Musika: Eñaut Elorrieta

 

  • Abenduaren 4an (BBK Aretoan, 19:00etan): Aresti mug(h)arri pieza eszenikoa (musika eta errezitala), Joxan Goikoetxea zuzendariak atonduta.

 

  • Abenduaren 10ean (Arriaga Antzokian): Bilboko Koral Elkartearen kontzertua.