Astelehenean irekiko da Kirol Ekintzak 25/26 ikastaroetan aurreinskripzioa egiteko epea

0
Fitness class exercising in the studio at the gym

22.967 plaza eskaintzen dira, udal kirol-instalazio guztietan egingo diren 1.601 ikastaroetan banatuta

Kirol Ekintzak 2025/2026 kanpainako ikastaroetarako aurreinskripzioak ekainaren 9tik 15era bitartean egin ahal izango dira. Donostia Kirolak datorren denboraldirako antolatutako “Kirol Ekintzak 2025/26” Kirol Jardueren Kanpainak 22.967 plaza eskainiko ditu, udal kirol instalazio guztietan eskainiko diren 1.601 ikastaroen artean banatuta. 2024/25 kanpainan 16.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, aurreko urtean baino % 5 gehiagok. Parte-hartzaileen % 70 emakumeak izan dira.

Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek aipatu duenez, “programa berri honekin adin guztietarako eskaintza duten 80 kirol modalitate baino gehiago aukera daitezke, bai igerilekuan (igeriketa, uretako mantentze gimnasia, bizkarreko terapia…), bai aretoan (ziklo-indoor, pilates, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 plus, judo, hipopresiboak…), pistetan (tenisa eta padel) eta aire zabalean (running, surfa…). Kanpaina honetako berrikuntzen artean, Bretxa datorren denboraldian ikastaroak eskainiko dituzten instalazioen zerrendan sartu izana azpimarratu behar da”.

Ikastaroak irailaren 22an hasi eta ekainaren 13an amaituko dira.

Izena emateko prozesua

Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Paco Yoldi, Egia, Altza eta Belodromoko jardueretarako dauden plazak zozketa bidez esleituko dira. Horretarako, interesdunek aldez aurretik eman beharko dute izena, ekainaren 9tik 15era.

Aurreinskripzioa donostiakirola.eus webgunearen bidez egitea gomendatzen da, baina Donostia Kirolaren bulegoetan eta Bidebieta, Bentaberri, Egia, Paco Yoldi, Etxadi, Altza eta Intxaurrondoko kiroldegietan ere jasoko dira. Zozketa ekainaren 18an egingo da.
Udaleko gainerako kirol-instalazioetarako (Zuhaizti, Manteo, Mons, Pio Baroja, Tenis Ondarreta, Casanao eta Arte Martzialen Aretoa), interesdunek klub kudeatzailearekin jarri beharko dute harremanetan, horietako bakoitzean antolatzen diren jardueretan izena emateko prozesua kontsultatzeko.

Kirol Ekintzak Aukeran

Ikastaroen ohiko eskaintza horrez gain, Donostia Kirolak Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzua mantentzen du. Sistema malgu bat da, non pertsona bakoitzak bere kirol jarduera planifikatu dezakeen instalazioa eta jarduera aukeratuz, baita egin nahi duen saio bakoitzaren eguna eta ordua ere. Hileko kuota bat aukera daiteke, edo astero eguneratzen den programazio zabal bateko saio solteak erreserbatu. 2024-2025 ikasturtean 1.129 pertsonak erabili dute zerbitzu hori, eta 16.085 saio erreserbatu dituzte guztira, hau da, aurreko ikasturtean baino % 22 gehiago.