‘BideRoad’ proiektu teknologikoak mantentze-lanen kudeaketa hobetzea ahalbidetuko du

0

Ikusmena atzemateko sistema duen ibilgailu sentsorizatu batek kaleak digitalizatuko ditu, eta zoruaren egoera automatikoki identifikatu ahal izango du

“BideRoad: hiriko bide-sareen ikuskapena automatizatzea eta mantentze-lanak digitalizatzea” irtenbide teknologikoa, Ceitek Donostia Sustapenaren Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketara aurkeztua, hurrengo hilabeteetan jarriko da proban hirian. Proiektua zerbitzu publiko batean inpaktu berritzailea duelako nabarmentzen da. Hari esker, hobetu kudeatu ahal izango dira bide-sareak mantentzeko lanak.
Donostia Sustapenak bere Plan Estrategikoaren lehentasunen artean jasotzen du berrikuntza publikoaren sustapena. Oraindik zabalik dagoen lehiaketa horren bitartez, hiriak gainditu beharreko erronkei irtenbide berritzaileak eman diezazkiete bertako talentuek.

“Bideroad” proiektua

Donostiak aldian-aldian berritu beharreko bide-sareak ditu, eguraldiaren eta erabileraren poderioz haien zorua degradatzen baita. Mantentze Lanen departamentuak aldizka egiten ditu begizko ikuskapenak horiek konpontzeko, eta baliabide eta denbora ugari kontsumitzen ditu horretan.
“BideRoad” proiektu pilotuak mantentze-lanen kudeaketa hobetuko du, sare horien ikuskapena digitalizatuz eta automatizatuz. Zehazki, tresna probatzeko, 13, 17, 28 eta 31 autobus-lineak aukeratu dira.
Lehenik eta behin, ikusmena atzemateko sistema bat duen ibilgailu sentsoredun batek linea guztiak ibiliko ditu, irudiak adimen artifizialarekin prozesatzeko. Horrela, bideak digitalizatuko dira, eta automatikoki identifikatu ahal izango da zoruaren egoera, erregistratu ahal izango da eta mantentze-lanak kudeatu ahal izango dira. Plataformak web interfaze bat ere badu, bide-sareak, haien egoera, mantentze-lanetarako baliabideak eta mantentze-lanen plangintza bistaratzeko.

12 hilabete

Proiektu pilotuak 12 hilabeteko iraupena izango du, eta Ceiteko I+G+B ziklo baten azken etapa izango da. Funtsezko laguntza emango dio sistema kudeatzeko duela gutxi eratu den oinarri teknologikoko enpresa berriari. Guztira, 300 pertsona baino gehiago ari dira lanean Ceitek orain arte eratutako 20 spin-offetan, eta gehienetan, Donostia Sustapenaren laguntza jaso dute sortzeko eta garatzeko.