Euskadik Jaioberrien Baheketa 23 patologiaraino handitu du, eta 2026an 32ra iristea aurreikusten du

0

Alberto Martínez Osasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean eman du Sailak eta Osakidetzak egiten dituzten baheketa-programen berri; programa horien helburua da hilkortasuna murriztu eta biziraupena handitzea

Orpoaren proba deritzonak beste 4 patologia berri gehitu ditu aurten Euskadin, eta, beraz, dagoeneko 23 dira jaioberrien osasuna eta ongizatea epe luzera ziurtatzeko proba erabakigarri horrek barne hartzen dituenak, ebakuntza goiztiarra eta pronostikoaren hobekuntza ahalbidetzen dituelako, ezbehar larriak edo zorigaiztokoak saihestuta.

Hala jakinarazi du gaur Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldian. Bertan, Osasun Sailak eta Osakidetzak garatzen ari diren baheketa-programen egungo egoeraren berri eman du.

Euskadiko Jaioberrien Baheketa Programak, 1982an abiarazitakoak, Jaioberrien Sortzetiko Gaixotasunen Baheketarako Euskadiko Aholku Batzordeak definitutako patologiak txertatzen ditu pixkanaka. Adituen organo hori —besteak beste, pediatra, neonatologo, ginekologo, obstetra eta epidemiologoek osatzen dute— 2009an sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren mendeko programaren zerbitzu-zorroa definitzen du.

Hitzaldian, sailburuak gogorarazi du Euskadi erreferente dela baheketa-politiketan, eta lorpen hori haien buru diren profesionalei esker dela, baita gure gizarteak parte-hartze handiarekin erakusten duen inplikazio-mailari ere.

Alberto Martínezek, beste behin ere, minbiziaren baheketen garrantzia azpimarratu du —Euskadin heriotzaren lehen kausa—, frogatu baitute osasun publikoan eragin positibo ukaezina dutela, biziraupen-tasak hobetuta eta herritarrengan gaixotasunaren karga murriztuta. Hala, euskal osasun publikoak eskaintzen duen baheketa bakoitzaren datu nagusiak errepasatu ditu:

  • Bularreko minbiziaren baheketa 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei eta lehen mailako familia-aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, eta % 79,3ko partaidetza-tasa du (optimoa, Europako gomendioen arabera). 2024an, bularreko minbiziaren 715 kasu detektatu zituen, gehienak oso fase goiztiarretan eta pronostiko onarekin. 1995ez geroztik, programak 12.663 tumore diagnostikatu ditu, gehienak fase goiztiarretan (% 84 tratamendu kontserbatzailearekin). Horrela, hilkortasuna % 16 murrizten eta biziraupenean eragin handia izaten lagundu du. Baheketa-adinean diagnostikatutako emakumeen biziraupena 5 urtera % 92,7koa da.
  • Kolon-ondesteko minbiziaren baheketa, % 73ko parte-hartzearekin, 74 urtera arte luzatu da, eta horrek detekzioa % 25 handituko duela uste da. 2009an programa hasi zenetik, 4.519 tumore gaizto detektatu dira, % 71 hasierako estadioetan, eta, horri esker, tratamendu ez hain agresiboak eta biziraupen-tasa hobeak lortu dira. Detekzio goiztiarrak kolon-ondesteko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 murriztu
  • Umetoki-lepoko minbiziaren baheketa 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, eta azterketa sakonagoa eta luzeagoa behar du; hala ere, gaur egun, tumorea diagnostikatzen zaien emakume parte-hartzaileen hilkortasuna % 3ra murriztea lortu Baheketa horren bidez detektatzen diren tumoreen % 70 hasierako estadioetan izaten dira, eta horrek nabarmen handitzen du biziraupena. GPBaren txertoak % 92tik gorako estaldura-tasak lortu ditu Euskadin, eta minbizi-mota hori prebenitzeko funtsezko beste tresna bat da.

Euskadin eskaintzen diren hiru baheketa horiez gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak lantzen dituzten programa berri batzuk aipatu ditu Alberto Martínez sailburuak. Horien artean daude:

  • Prostata bahetzeko proiektu pilotua. 50 eta 70 urte bitarteko 1.000 gizonezkok parte hartuko dute, eta, datu horiekin, Europako datuekin batera, etorkizunean zer luzapen izango duen erabakiko da.
  • LUCÍA izeneko Europako ikerketa-ekimen aitzindaria, Euskadin Europako herrialdeekin sustatua, biriketako minbiziaren baheketa goiztiarreko eredua helburua duena.