Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du Gipuzkoako Eskola Txikien Jaian. Ezkio-Itsasoko Herri Eskolak antolatuta ospatu den jaian azaldu duenez, aurtengo lanak eta ondorengo urteetarako aurreikusitako lan nagusienak batuta, Jaurlaritzak 60 milioi euro inguru inbertituko ditu Eskola Txikietako azpiegituretan.
Pedrosa sailburuak eskola komunitatearen konpromisoa aitortu eta Eskola Txikien “handitasuna” aldarrikatu du. Gaineratu du, ikuspegi propioarekin bide egiten duen sarea osatzen dutela Eskola Txikiek, “helburu argiak eta koherenteak dituzue: ikaslea bere prozesuaren jabe, formazio eredu aitzindari eta exigentearekin, eta lidergo handiarekin gainera… Gure eskola sarea osoarentzat eredua den lantaldea eta proiektua da Eskola Txikiena” goraipatu du Pedrosak.
Gaineratu du inguruarekiko atxikimendua dela Eskola Txikien marka, “eskolak herria egiten duelako eta herriko arima eta etorkizuna eskola delako”. Eskola Txikien aberasgarritasunaren iturri den metodologia iraultzaileak ere aipatu ditu sailburuak, “adin desberdinetako ikasleak elkarrekin egotea, garapen maila desberdinak, jakinmin eta trebetasun desberdinak” elkarrekin ikasten izateak “metodologia iraultzaileak bultzatu eta garatu arazi dituztela azpimarratu du “horrek guztiak eskatzen duen begirada eta eskuhartzearekin”.