Basque Teameko gimnasta Salma Solaunek Estonian jokatutako Europako Txapelketan lortutako urrezko hiru dominak aurkeztu ditu etxean

0

Gorka Iturriagak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, harrera egin dio Solauni gaur Gasteizen

Salma Solaunek, taldekako Europako txapeldunak, etxean erakutsi nahi izan ditu Estonian jokatutako txapelketa kontinentalean eskuratutako urrezko hiru dominak. Gorka Iturriagak harrera egin dio gaur Basque Team Fundazioaren beka duen gimnastari Gobernuaren egoitzan, Lakuan. Ekitaldian ere izan da Gimnasiako Euskal Federazioko presidentea, Jose Luis Tejedor.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Gorka Iturriagak,  nabarmendu duenez, Gasteizko Beti Aurrera klubean hazitako Salmak kirol-ibilbide luzea du jada nazioartean, eta asteburu honetatik beste hiru urre pilatu ditu palmares horretan.

«Gaztea izanagatik, Salmak jakin izan du bere burua berrasmatzen. Banakako lehiaketatik taldekora pasatu zen, bere kirol-ibilbidea eten ahal izan zuen lesio baten alde positiboa ateraz. Ahuldu beharrean, kontrakoa gertatu zen, indartsuago irten zen lesio hartatik, eta ezagutzen dugun gimnasta saritu bihurtu zen, Munduko Kopetan, Munduko Txapelketetan eta Europakoetan dominak dituen gimnasta. Parisen domina olinpikoak ihes egin zuen, baina ziur Los Angelesen beste aukera bat izango duela, izan duen denboraldi-hasiera ikusi besterik ez dago» azpimarratu du Iturriagak.

Salma Solaun arabarrak, Ines Berguak, Andrea Corralek, Marina Cortellesek, Andrea Fernandezek eta Lucía Muñozek osatutako gimnastika erritmikoko taldeak urrezko domina eskuratu zuen larunbatean lehiaketa osoan, eta igandean Tallinen jokatu diren Europarren nagusitasuna berretsi zuen, bost zinten finalean eta bi uztai eta hiru pilotaren finalean gailendu baitzen. Lortutako hiru urreek aspaldi ikusi ez den nagusitasuna erakusten dute.

Lehiaketa osoaren kasuan, balentria hori orain dela 33 urte lortu zen azkenengoz estatu mailan, 1992. urtean, Alemaniako Stuttgart hirian jokatutako Europako txapelketan erritmikako taldeak urrea zintzilikatu zuenean. Lehiaketa osoan, Salmaren konbinatua podiumaren gorenera igo da oraingoan, Israel eta Hungariaren aurretik.

Bestalde, tresnetako finaletan, taldeak 25,300 puntu lortu zituen bost zintako finalean, eta 0,650 atera zizkion Frantziari, zeinak zilarra lortu zuen 24,650eko puntuazioarekin. Italiak osatu zuen podiuma, 23,800 puntuko notarekin.

Salmaren taldeak ez zien aurkariei aukerarik eman Estoniako hiriburuko Unibet Arenako tapizean, eta bere nagusitasunarekin aurrera jarraitu zuen, ariketa mistoan, bi uztai eta hiru pilotako finalean bereganatutako 27,700 puntuek erakusten duten bezala.

Konbinatuak perfekzioa ukitu zuen berriro, zailtasunez eta sotiltasunez betetako ariketa batekin. Maila ez zen oharkabean pasa epaileentzat, eta berriro ere 27,700 notarekin saritu zuten, sailkapenean lortu zuten nota berarekin. Ariketa bikaina egin zuten eta, horri esker, ukrainarrek baino 1,450 puntu gehiago lortu zituzten (26,250 puntu). Brontzea Alemaniara joan zen 25,350 punturekin.

Hiru urreek aise hobetu dute iaz Budapesteko Europako txapelketan lortutako emaitza. Bertan brontzea lortu zuten lehiaketa osoan, zilarra bost uztaien finalean eta urrea hiru zinta eta bi pilotaren ariketan.

Emaitza bikain honetaz gain, denboraldi honetan taldeak bi urre eskuratu zituen apirileko Sofiako Munduko Kopan, sailkapen nagusian eta mistoan, eta beste hiru domina maiatzean Portugalen jokatu zen Portimaoko Munduko Kopan. Bertan zilarrezko domina lortu zuten sailkapen orokorrean, zilarrezko beste bat bost zintako finalean eta brontzezko domina uztai eta piloten ariketa mistoan.

Salmak eskerrak eman nahi izan dizkie bere ibilbide osoan, batez ere iragan ziklo olinpikoan, lagundu dioten guztiei, eta denboraldi hau hasi besterik ez dela egin nabarmendu du.

Uztaileko Kluj-Napocako Munduko Kopa izango da Salma Solaunen hurrengo hitzordua egutegian, eta ondoren abuztuan jokatuko duten Rio de Janeiroko Munduko Txapelketa.