Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak harrera egin dio bilbotarrari Basque Team Zentroan
Egoitz Bijueska Basque Team Zentroan izan da Erromatik bueltatu ondoren. Etxetik pasatzeko astirik ere ez du izan, eta Fadurara, Getxora, iritsi da, Ostiako skateparkean era bikainean irabazitako urrezko domina eskuan hartuta. Goi errendimenduko zentroan Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak egin dio harrera, eta bizkaitar gaztearen lana eta, batez ere, etorkizunerako duen proiekzioa nabarmendu nahi izan ditu. Ekitaldian Javier Canales Patinajeko Euskal Federazioko presidentea ere izan da.
«Egoitzek lortutakoa oso azpimarragarria da. Bere garapena ikaragarria izaten ari da. Basque Team fundazioaren beka du oarin dela urteak, eta alde teknikoan eta biomedikoan ere laguntzen diogu, eta harritu egiten gaitu etengabe. Gure enbaxadore handienetako bat da nazioartean, eta 2028an Los Angeleseko Jokoetan podiumera igotzeko hautagaietako bat, lesioek errespetatzen badute» azpimarratu du Iturriagak.
Egoitz Bijueskak denboraldiko lehen Munduko Kopa irabazi du asteburu honetan park modalitatean, Ostian, Italian. Bilboko skaterrak bere kalitatea erakutsi du txapelketa osoan zehar eta ginga jarri dio finalean egin zuen lanarekin.
«Hodei batean nago. Ez dut sinesten, baina hobetzen eta trikimailu berriak ikasten jarraitu behar dut” dio Bijueskak.
Lehen txandan bertan 92.54 puntu lortu zituen eta Pedro Carvalho, Luiz Mariano, Luigi Cini eta Gui Khury brasildarren, Yuro Nagahara eta Soya Inomata japoniarren eta Alessandro Mazzara italiarraren aurretik jarri zen.
Bigarren saiakeran erori zen eta hirugarrenean 81.59ko nota jaso zuen, bere txandaren amaieran oreka galduz. Dena den, onena bukaeran iritsi zen. Egoitzek 94.50 batekin errematatu zuen lana laugarren txandan, bertaratutako guztiak txundituta utzita. Yuro Nagahara japoniarrak (92.30) eta Gui Khury brasildarrak (92.01) osatu zuten podiuma.
«Bere entrenatzaileak urrearen ostean esan zigun bazekiela txapeldun izango zela, baina ez hain azkar gertatuko zenik», esan du Ibonek, bilbotar gaztearen aitak.
Egoitz Bijueskaren garapena kritika eta zaleak aho zabalik uzten ari da. 2023ko Munduko Txapelketan gonbidapen-txartel batekin lehiatu zen 12 urteko mutikoa. Orduko hartan final-laurdenetara iristean denak harritu zituen, eta harrezkeroztik nazioarteko mailan interes handiarekin jarraitutako kirolari bihurtu da.
Munduko Txapelketa hura jokatu eta hilabete batzuetara, estatuko selekzioetako ohiko deialdietan sartzen hasi zen, eta Pariseko Jokoetarako sailkapena lortzeko aurreolinpikoa jokatu zuen, bai Shanghaiko proba, bai Budapestekoa. Ezin izan zuen Frantziako hiribururako txartela lortu, baina skatearen aldeko apustua egiten eta bere teknika hobetzen jarraitu zuen, Estatu Batuetara etengabe bidaiatuz onenengandik ikasteko.
2024an, Munduko Txapelketa absolutu batean debuta egin eta urtebetera, Egoitz Ostiara itzuli zen eta 23. postutik bosgarren postura pasa zen bere bigarren Munduko Txapelketa absolutuan. Etenik gabe ezagutza xurgatzen duen kirolariaren garapena frenetikoa izan da tarte honetan.
2025eko maiatzean, 14 urte besterik ez zituela, Estatu mailan 900 bat lortzen lehen skaterra izan zen, hau da, sei metrotik gorako altueran bi bira eta erdi egiten estatuko lehen skaterra izan zen. Munduan marka hori duten 12 skaterren zerrenda murriztuan sartu zen bilbotarra. Kalifornian gertatu zen, bere entrenatzailearekin, Trevor Ward australiarrarekin, praktikatzen ari zela. Trikimailua egiteak bi egun eta 20 saiakera bakarrik eraman zizkion, eta Tony Hawk mitikoak, berriz, 10 urte behar izan zituen.
Ostiako Munduko Kopa honetan Egoitzek distira egin du berriro. Sailkapen kanporaketan zazpigarren izan zen 85.56ko puntuazioarekin. Final laurdenetan hamalaugarren bukatu zuen 84.06ko emaitza onenarekin, eta ezustekoa atzo eeman zuen, finalerdietan, bizkaitarra onena izan baitzen, World Skateko historiako puntuaziorik altuena lortuta gainera: 95.83. Keegan Palmer txapeldun olinpiko bikoitzak baino ez du nota hori erdietsi, Tokioko Jokoetan urrea eraman zuenean.
Finalean Ostiako skateparkean, bere etxea balitz bezala menderatzen duen skateparkean, bere potentzial guztia atera du berriro. Gurasoek kapritxo iragankor bat izango zela pentsatu zutena bere bizitza bihurtu da, bizkaitarrak esan ohi duen bezala. Onartu du bera hasi zenetik skateboarda «asko aldatu» dela, profesionalizatu egin dela, gero eta neska-mutil gehiagok interesa dutela, eta, berari bezala, skatea gustatzen zaiela. Pasioa eta talentua, hori sobran du Egoitzek, Los Angeles 2028ko Jokoetan podiumera igotzeko hautagai nagusietako batek.
Hori heldu bitartean, oraingoz aurten hurrengo hitzordurako prestatuko du bere burua, irailean Washingtonen jokatuko duten parkeko Munduko txapelketarako.
«Nire epe luzerako helburua 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoak irabaztea da. Epe laburrerako erronka hobetzen jarraitzea eta gertuko txapelketetara joatea da», adierazi du Egoitzek.