Eusko Jaurlaritza Europako eskualdeen nazioarteko konferentzian parte hartzen ari da: “European Regions in Cohesion Policy beyond 2027 – Development and Security”

0

Marta Marín, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria EBren aurrean, astearte honetan parte hartu du “European Regions in Cohesion Policy beyond 2027 – Development and Security” izeneko Europako eskualdeen nazioarteko konferentzian, ekainaren 16an eta 17an Krakovian egiten ari dena.

Konferentzia Poloniako errepublikako eskualdeen batasunak (Voivoderriak) antolatu du, eta 2027tik aurrerako kohesio-politikaren diseinu eta inplementazioan EBko eskualdeek izan behar duten rola izan da ardatz nagusia. Hurrengo finantza-esparruari buruzko proposamena, kohesio-politika barne, datorren uztailaren 16an aurkeztuko da.

Bruselako Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak azpimarratu du eskualde-agintariek funtsezko eginkizuna izan dutela EBko funtsen kudeaketa eta inplementazio egokian, bai iraganean, bai orainean eta baita etorkizuneko Finantza Esparru Anitzekoan ere. Estatu kideetan zentralizatutako eredu batek —Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren antzekoa— eskualdeak alde batera uztea suposatuko luke, eta horrek kalte handia eragingo luke, Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari igorritako posizio-agirian adierazten den bezala, Etorkizuneko Finantza Esparru Anitzari buruzko kontsulta publikoaren baitan. Halaber, azpimarratu du behetik gora (bottom-up) ikuspegia ezinbestekoa dela Europako eta kohesio-politika eraginkorrago eta demokratikoagoak sortzeko.

Poloniako, Italiako eta Frantziako eskualde-agintarien ordezkariek ere parte hartu dute Euskadiko Ordezkariarekin panel berean. Era berean, Poloniako ministerio-ordezkariak, Europako Kontuen Auzitegiko ordezkariak, Eskualdeen Batzordeko eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeko ordezkariak ere ageri dira konferentziaren programan.