Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak azpimarratu duenez, Donostiako Topoaren lurpeko pasabideak fidagarritasun eta arintasun handiagoa eskainiko die 7 milioi erabiltzaileri

0

García Chuecak aurreratu duenez, laster hasiko dira Erdialdea-Kontxa geltokia hormigoitzeko lanak, eta urtea amaitu aurretik Topoaren zirkulazio-noranzkoa aldatuko da, sarea 2026an azpiegitura berria abian jartzeko presta dadin.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chueca Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriko Batzordean agertu da gaur, Donostiako Topoaren lurpeko pasabidearen inguruko aurrerapenen berri emateko. “Aurreikusitakoaren arabera, hiru geltoki berriek urtean zazpi milioi bidaiari baino gehiago izango dituzte 2030ean, eta herritarren gozamenerako gune berriak sortuko dira Amaran», adierazi du Legebiltzarrean, eta gaineratu duenez, «proiektu honek mugikortasun jasangarria indartuko du Gipuzkoan, 21.000 m² liberatuko ditu Amaran, eta metrokoen antzeko maiztasunak izango dituen eta egungo ‘zaku-hondoa’ desagerraraziko duen sare jarraitu bat eskainiko du”.

Eusko Jaurlaritzaren deskarbonizaziorako eta irisgarritasun unibertsalerako estrategiari jarraikiz, pasabidearen bidez Hendaia–Usurbil–Zarautz linea modu “modernoago eta efizienteago” batean konektatu nahi da. Gipuzkoan joan-etorrien % 42,1 ibilgailu pribatuan egiten direla kontuan hartuta, sailburuak lurpeko pasabidearen alde hitz egin du, aukera ona baita egoera hori iraultzeko. Gainera, adierazi duenez, “azpiegitura horrekin garraio publikoa erakargarriagoa, efizienteagoa eta seguruagoa izango da, eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko da”. García Chuecak iragarri duenez, 2025. urtea amaitu aurretik trenen zirkulazioa doituko da —zirkulazioa ez da eskuinetik egingo, ezkerretik baizik—. Aldaketa horrek bidaia-fluxua optimizatuko du, bitarteko geltokietan konexio-denborak laburtuko ditu eta flota etengabe igarotzeko aukera erraztuko du, erabiltzaileei zuzenean mesede eginez.

Euskadiko garraio-arloko arduradun nagusiak adierazi du urtean 23,5 milioi bidaiako eskaria aurreikusten dela Hendaia-Zarautz linean, eta horietatik 9,9 milioi Loiolako Erriberako pasabideari eta etorkizuneko lotuneari dagozkiela. Hiru geltoki berriek 7 milioi bidaia erakarriko dituzte urtean.

Sailburuak obraren egoeraren berri eman dio batzordeari, eta Erdialdea-Kontxa geltokiaren zuloaren hormigoitzea, Amarako geltokiko igogailu-edikuluen instalazioa eta Autonomia kaleko korridore gurpildunen muntaketa nabarmendu ditu. Bentaberri-Antigua geltokiari dagokionez, sailburuak azaldu du «egitura ia amaituta» dagoela eta «argiztapena eta katenaria baino ez direla falta», eta gogorarazi du trenbideak ia instalatuta daudela lehen tarte horretako lineako tunelean. García Chuecak aurre egindako erronka teknikoen kudeaketa profesionala azpimarratu du, eta aurreikusitakoaren arabera pasabidea 2026an jarriko dela adierazi du.

Mirakontxa-Easo tarteari dagokionez, sailburuak azaldu du harri karstikoaren agerpena erronka handia izan zela eta, ingurunearen egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko, teknika aurreratuak aplikatu direla, hala nola mortero-injekzioak, balidatutako faseen araberako indusketa eta Jet Grouting horizontala. Azkenik, inguruan bizi diren pertsonei eskerrak eman dizkie, «horrelako konplexutasuna duten obren berezko deserosotasunen eta gorabeheren» aurrean agertutako pazientziagatik.