- Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusio sailburuordeak Santanderren nabarmendu du Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eredu berria, laneratzeko pertsonalizazioan eta lankidetzan oinarrituta dagoena
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan ezartzen ari den arreta eredu berritzailea nabarmendu du Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordeak Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateak (UIMP) Santanderren egin duen ‘Enplegu Zerbitzu Publikoak eraldatzen’ topaketan. Eredu horrek esku hartzea pertsonalizatzen du, baita lan merkatutik urrunen dauden pertsonen enplegagarritasunean eta laneratzean inplikatutako beste eragile batzuen arteko elkarlana sustatu ere.
‘Arrakalak handitzeko arriskuak: lehentasunezko arretako kolektiboei aipamen berezia’ mahai inguruan egin duen hitzaldian, Gurpeguik azaldu du ikuspegi integral horrek lehentasunezko arretako kolektiboek dituzten oztopoak haustea duela helburu. “Laguntza indibidualizatua eta koordinatua eskaintzea da gure konpromisoa, hainbat sistematako zerbitzuak eta prestazioak aktibatuz, inklusiorako programa integratuak eta pertsonalizatuak ziurtatzeko”, adierazi du sailburuordeak, “erakunde arteko gobernantza” baten beharra azpimarratuz, baita “aliantzak eraikitzea” ere, inklusiora modu integratuan hurbiltzeko.
Hausnarketarako eta esperientziak trukatzeko foro horrek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) eta Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren laguntza du, eta sailburuordeak azpimarratu du Lanbide Hobetzen proiektua, Inklusio eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearekin eta Enpleguaren Legearekin batera, biak ala biak aurreko legegintzaldian onartuak, funtsezkoak izan direla eraldaketa horren oinarriak ezartzeko. “Legegintza tresna horiek baldintzak jarri dituzte enplegu sistema eraginkorrago batean aurrera egiteko eta enplegu bila dabiltzan pertsonen eta talentua bilatzen duten enpresen beharrei modu arin eta efizientean erantzuteko”, adierazi du Gurpeguik.
Bide horretan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak gogor jarraitzen du lanean, euskal enplegu sistema osatzen duten gainerako eragile instituzional, ekonomiko eta sozialekin lankidetza estuan. Lankidetza hori funtsezkoa da Lanbidek erreferentziazko zerbitzu publiko gisa eboluzionatzen jarraituko duela bermatzeko, lan merkatuaren etorkizuneko erronketara egokitzeko eta laneratzeko eta inklusiorako bidean inor atzean geratuko ez dela ziurtatzeko.