- Lehendakariak amaiera eman dio BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak sarien banaketa-ekitaldiari
- “Bizi garen garaian, inoiz baino indar handiagoarekin defendatu behar dugu zientziak eta pentsamendu kritikoak betetzen duten zeregina”, adierazi du Pradalesek
Imanol Pradales BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak sarien XVII. edizioko banaketa-ekitaldian izan da. Sari horien bidez, zientzian, artean eta humanitateetan inpaktu berezia duten ekarpenak saritzen eta sustatzen dira. Eskaini duen hitzaldian, Lehendakariak zoriondu egin ditu gizateriaren aurrerabideari eta etorkizun hobe baten bilaketari egindako ekarpenengatik saritutako 20 pertsonak, eta Euskadik zientziarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoaren garrantzia azpimarratu du. “Bizi garen garaian, inoiz baino indar handiagoarekin defendatu behar dugu zientziak eta pentsamendu kritikoak betetzen duten zeregina. Lehiakortasunaren, gizarte-kohesioaren eta bizi-kalitatearen eragile ez ezik, bizikidetzaren eta demokraziaren zutabe ere badirelako”, azpimarratu du.
Era berean, populismoen, negazionismoen eta zientziaren aurka sortutako mugimenduen aurrean jakintzaren eta kultura-sorkuntzaren aldeko apustuan sakontzeak duen garrantzia azpimarratu du Pradalesek. “Zientziari eta kultura-sorkuntzari boikot egiten dien gizarte batek bere buruari egiten dio boikot. Izan ere, jakintzak eta kulturak askeago egiten gaituzte, eta ezagutza aurreratua sortzea gizarte aurreratuen zutabe eta lehiakortasun-abantaila da”, azpimarratu du.
Testuinguru horretan, Lehendakariak Euskadiko I+G+B ekosistema goraipatu du, «hamarkadetan egindako ahalegin jarraituaren emaitza». Adierazi duenez, “gaitasun horietatik abiatuta, nazioartean proiektatzen, beste berrikuntza-polo batzuekin elkartzen eta talentua eta aukera berriak erakartzen jarraitzeko asmoa dugu”.
Pradalesen arabera, helburua ikerketaren eta berrikuntzaren ekosistema sendotzea da. “Euskadi abangoardian kokatzeko nahia, anbizioa eta beharra dugu. Etorkizuna baldintzatuko duten erronkei ilusioz egingo diegu aurre, gaurko sarituok egin duzuen bezala”, amaitu du.
Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egin da, eta, Lehendakariaz gain, honako hauek izan dira bertan: lehen lehendakariorde eta Kulturako sailburu Ibone Bengoetxea, bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu Mikel Torres, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias.