Ubarretxenak Euskadiko administrazio publikoaren eraldaketa digitala izan du hizpide DigitalES Summit 2025 jardunaldian

0

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak Madrilen egiten ari den DigitalES Summit 2025 jardunaldian parte hartu du gaur. Eraldaketa digitalaren erronka nagusiak jorratzea du helburu ekimen honek eta  sailburuak, zehazki, «Berrikuntza eta digitalizazioa autonomia mailan: erronkak eta sinergiak» izeneko mahai-inguruan parte hartu du.

Sailburuak nabarmendu duenez, Euskadi DESI (Digital Economy and Society Index) indizearen seigarren postuan dago, eta azken urteetan gora egin duen ehun teknologiko garrantzitsua du: 2800 enpresa baino gehiago IKT sektorean, 15.000 pertsona baino gehiago I+Gn lanean eta %3,7ko hazkundea 2020tik 2023ra bitartean. Horregatik, Ubarretxenak berrikuntza sustatzen eta gaitasun digital berrietan inbertitzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, enplegua sortuko duen inbertsioa bultzatzeko eta, batez ere, zerbitzu publiko hobeak eskaini horiek indartzeko.

Ildo horretan, sailburuak adierazi du beharrezkoa dela Administrazio Publikoa modernizatzea eta digitalizatzea, zerbitzu eskuragarriagoak, egokiagoak eta eraginkorragoak eskaintzeko. «Teknologia baliatu behar dugu zerbitzu publikoak, telematikoak zein presentzialak, arintzeko eta etengabe hobetzeko” nabarmendu du. Zentzu horretan, sailburuak administrazioa sinplifikatu eta desburokratizatzeko egiten ari diren urratsak aipatu ditu, pertsonen egunerokoa erraztea eta Administrazioaren eta herritarren arteko harremana hobetzea helburu hartuta. «Dagoeneko identifikatu ditugu herritarrek gehien erabiltzen dituzten 8 zerbitzuak, biztanleriaren %15ari eragiten dietenak, hala nola alokairurako, emantzipaziorako edo seme-alaba bakoitzeko laguntzak, eta aurten bertan hasiko gara zerbitzu horien tramitazioa arintzen», azaldu du Ubarretxenak.