Bizkaiak II. Enplegu Plana aurkeztu du, lan-merkatuaren trantsizio handiei aurre egiteko 100 neurri baino gehiagorekin

0

2024-2029ko Bizkaiko II. Enpleguko Lurralde Planaren aurkezpen publikoa Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen, joan den ostiralean. Plan horrek ehun neurri baino gehiago ditu lan-merkatuak datozen urteetan izango dituen trantsizio handiei aurre egiteko.

Aurkezpenean parte hartu dute Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak, Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru-diputatuak eta Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordeak.

Planak, BFAko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatuta, 34 ildo estrategiko eta 112 jarduketa zehatzen bidez erantzungo die Bizkaiko lan-merkatuaren egiturazko erronkei; izan ere, trantsizio soziodemografiko, digital eta ekologikoen ondorioz, lan-merkatua erabat eraldatzen ari da.

Gure Lurralde Historikoko eta Euskadiko enplegu-ekosistemako ordezkarien aurrean, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek ziurtatu du Bizkaiko II. Enplegu Planak ‘Bizkaiko Foru Aldundia Euskal Enplegu Sareko erreferentziazko eragile bihurtzea’ duela helburu, kalitatezko enplegua eta gizarte-bazterketan dauden pertsonentzako lan-inklusioko politikak sustatuko dituzten politika berritzaileak bultzatuz. Zehaztasunez ezagutzen ditugu aurrean ditugun erronkak, hala nola genero-arrakala, etorkinen integrazioa edo zahartzea. Horregatik, sektoreko eragile guztiekin elkarlanean, enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-merkatuaren egiturazko desberdintasunak gainditzeko lan egingo dugu.

Bestalde, Teresa Laespada foru-diputatuaren esanetan, «Plan berria tresna ausarta da, ibilbide-orri instituzional hutsa baino zerbait gehiago». Laespadak nabarmendu du Plana aldatu dela aurrekoarekin alderatuta, aurreko planak pandemiari aurre egin behar izan zion eta. Bere esanetan, «aurreko planak bereziki erreaktiboa izan behar zuen, pandemiak ekarri zuen larrialdia dela eta; Plan berri hau, ordea, sortzen den unetik proaktiboa, sistemikoa da eta gertaerei aurrea hartzeko gai».

Ebidentzietan eta eskubideetan oinarritutako politika

Plan berria 2020-2023 Planaren ebaluazio zorrotzean oinarritzen da. Plan horrek 75 milioi euro inguruko inbertsioa ekarri zuen, 41.805 pertsonari lagundu zien aktibazio-, ekintzailetza- eta laneratze-prozesuetan, eta 20.000 pertsona baino gehiago lan-merkatuan sartu ahal izan ziren. Gainera, kalkulatzen da inbertitutako euro publiko bakoitzeko 2,15 euroko itzulkina sortu dela gizartean.

Gainera, II. Planak Enpleguaren Euskal Legearen (15/2023 Legea) arau-esparru berria jasotzen du, zeinak lehen aldiz aitortzen baitu enplegu-politika aktiboetarako sarbidea eskubide subjektibo dela. Laespadak azpimarratu duenez, Enpleguari buruzko 15/2023 Lege berriari esker, lehenengo aldiz jasotzen  da enplegu-politika aktiboetarako sarbidea eskubide subjektibo gisa, eta horrek gure Ongizate Estatuaren funtsezko zutabeen artean jartzen du gure enplegu-sistema.

Plana egiteko, metodologia parte-hartzailea erabili da: datuen analisia, aurreko planaren ebaluazioa, elkarrizketak adituei eta Bizkaiko enpleguaren ekosistemako 100 erakunde baino gehiagoren inplikazioa.

Lau erronka estrategiko handi

Lau erronka handiren inguruan egituratzen da:

  1. Pertsona guztientzako enplegua, ekitatearen eta gizarte-kohesioaren elementu gisa.
  2. Enplegua garapen ekonomiko jasangarri eta erresilientearen zutabe gisa.
  3. Hurbileko ekintzailetza, enplegua sortzeko motor gisa.
  4. Berrikuntza eta ebaluazioa bultzatuko dituen gobernantza adimenduna.

Ardatz horiek erronka handi hauei, besteak beste, heldu behar diete: biztanleriaren zahartzea, pertsona ez-aktiboen aktibazioa, migratzaileen gizarteratzea, ekoizpen-sarearen eraldaketa digitala, konpetentzia berdeen arloko prestakuntza eta tokiko ekintzailetzaren sustapena.

Enplegua sortzeko aukera handiak dituzten sektore berriak ere identifikatzen dira, esaterako, adimen artifiziala, osasuna eta zaintzak, ekonomia zirkularra, turismo jasangarria, mugikortasuna, aeronautika eta manufaktura-industria berdea.

Elkarlaneko gobernantza eta etengabeko ebaluazioa

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu Zuzendaritza izango da planaren betearazpenaren buru, honako hauekin lankidetzan: DEMA (Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia), Bizkaia Mikro, Lanbide, Sarekin sarea, udal zerbitzuak eta beste ehun erakunde baino gehiago. Planaren jarraipena konfigurazio bikoitzeko egitura baten bidez egingo da. Zuzendaritza Batzordeak, Batzorde Teknikoak eta gobernantza kolaboratiboko espazioek osatzen dute egitura hori.

Plana maiatzaren 12an onartu zuen Aldundiko Gobernu Kontseiluak, eta aurrekontu-konpromiso sendoa du, Enpleguaren Euskal Legea betetzeko. Lege horren arabera, foru-aldundiak aurrekontu nahikoaz hornitu behar dituzte dagozkien eskumenak gauzatzeko.