Bretxa inguruko zamalanak Aldamar kalean egingo dira berriro uztailaren 1etik aurrera
Donostiako Udalak Alde Zaharreko San Juan kalearen oinezkoentzako izaera berrezarriko du, Aldamar kaleko lanak amaitu ondoren. Horrela, gune horretako zamalanen erregulazioa obren aurretik zegoenera itzuliko da datorren asteartetik, uztailaren 1etik, aurrera, ordutegi zabalagoak eta malguagoak ahalbidetzeko eta egoiliarren, ikasleen, merkatarien eta bisitarien bizi-kalitatea hobetzeko.
Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, «neurri hau hiriak mugikortasun jasangarriagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa sustatzeko duen konpromisoaren baitan kokatzen da. Zamalanak jatorrizko espaziora eramanda, gaur egun eraldatzen ari den eremu seguru eta guztiz oinezkoentzako gune bat berreskuratu ahal izango dugu «.
«Aldaketa horrek oinezkoei lehentasuna emateaz gain, ingurunekoen bizi-kalitatea nabarmen hobetzen du, egunerokotasunerako funtsezko puntu batean: azokaren atari gisa jarduten duen plaza bat, egunero pertsona ugarirentzako igarobidea, adineko asko barne, eta, gainera, ikastetxe baterako ibilbidearen parte dena«, azaldu du Yarzak.
Alde Zaharreko bizilagunen bizitzarako gune garrantzitsua eta donostiarrentzat erreferentziala den espazio honen irisgarritasuna, segurtasuna eta bizikidetza indartzen dituen esku-hartzea da, lekuaren idiosinkrasia eta esentzia indartuz, espazioa emanez eta merkatu tradizional baten inguruko jarduerari eta fluxuari presentzia emanez.
Oinezkoentzako espazioa berreskuratzea
Bretxako inguruneko lanak egin bitartean, azken urteetan, Aldamar kalean egiten ziren zamalanak San Juan kalera eraman behar izan ziren (plazaren parean), eta ordutegia 7:30etik 11:00etara mugatu zuten, gune horretatik pertsona asko pasatzen zirelako.
Izan ere, ingurune horretan, merkantziak garraiatzeko ibilgailuek bizilagunen eguneroko ibilbidearekin bizi behar izan dute, bai eta haurrek Orixe ikastetxera egiten dituzten joan-etorriekin ere.
Horrela, Aldamar kaleko zamalanetarako gunea mugatzen zuten obrak amaitu ondoren, uztailaren 1etik aurrera jarduera hori jatorrizko espaziora lekualdatuko da, eta San Juan kaleari oinezkoentzako gune izaera itzuliko zaio.
Zamalanen eraginkortasun handiagoa
Zamalanei ere mesede egingo die Aldamar kalera itzultzeak; izan ere, lan horretarako 20 plaza izango dituzte, San Juan kalean zituztenak baino 10 gehiago.
Gainera, zeregin horietarako erreserbatutako ordutegia nabarmen luzatuko da; izan ere, hemendik aurrera 12 ordukoa izango da (8:00etatik 20:00etara), gaur egungo 3,5 orduen aldean, eta aukera erosoagoa eta malguagoa eskainiko die banatzaileei, merkatariei eta beste erabiltzaile batzuei, denborak murriztuz eta merkataritza-jarduera erraztuz.
Horrela, Alde Zaharrean zamalanak egiteko erreserbatutako guneak honako hauek izango lirateke – Aldamar kaleaz gain-: Boulevard zumardia, Konstituzio plaza, Portua eta Koruko Ama Birjinaren kalea (7:30etik 11:00etara).
Eta oinezkoen ingurune horren segurtasuna eta errespetua indartzeko, laster Isuri Gutxiko Eremuari lotutako matrikulak kontrolatzeko kamera batzuk ezarriko dira, eremu horietan araudi berriak behar bezala betetzen direla bermatzeko.