Donostiako Udalak hiriak zientzian eta ezagutzan duen posizionamendua sustatzen du

0

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Intxaurrondoko Haur-eskola, Udaletxeko Udalinfo, EHUko disuasio-aparkalekua

Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Udaleko Zientzia eta Ezagutzaren koordinatzaile eta Zeharkako Zerbitzuen koordinatzaile berrien izendapenak onartu ditu. Horrela, Agustin Erkizia Olaizola eta Jone Argoitia Alkorta izango dira, hurrenez hurren, kargu horiek beteko dituztenak udal-organigraman.

Eneko Goia alkateak azaldu duenez, «hiria zientzian, ezagutzan, berrikuntzan eta ikerketan erreferente gisa sendotzea eta indartzea izango dute helburu bi postu horiek, eta tartean dauden eragile guztiekin lan egiteaz eta koordinatzeaz arduratuko dira».

Zientzia eta Ezagutzaren Koordinatzailearen postua sortu berria bada ere, hiriak sektore zientifiko eta teknologikoko enpresa eta profesionalentzako erakarpen-leku gisa duen posizionamenduaren barruan, Zeharkako Zerbitzuen Koordinatzailearena 2019an sortu zen, eta erretiroagatiko ordezkapena egin zaio.

Bi izendapen horien aurretik hautaketa-prozesuak egin dira, joan den maiatzean irekitako euskal administrazio publikoetako karrerako funtzionarioei zuzendutako deialdien ondoren. Bi profilek maila berean lan egingo dute udal-organigramaren narruan eta zuzenean Udaleko Alkatetzaren menpe egongo dira, hirirako proiektu estrategikoak bultzatuz.

Jone Argoitia Zeharkako Zerbitzuen koordinatzaile berria Zuzenbidean lizentziaduna da, eta 30 urte baino gehiagoko esperientzia du administrazio publikoan, zuzendaritza juridikoko, langileen zuzendaritzako, proiektuen zuzendaritza eta sustapeneko, aholkularitza juridikoko eta sailaren zuzendaritzako lanpostuetan duen esperientzia barne.

14 urtez udal idazkari-kontuhartzaile izan da, eta eginkizun hauek bete ditu, beste batzuen artean: udal-idazkaritza, udal-kudeaketaren zuzendaritza eta sustapena, udal-langileen arteko zuzendaritza eta koordinazioa, udal-eremuko proiektuak, hitzarmenak eta akordioak egitea, eta esku hartzeko eginkizunak betetzea.

Donostiako Udalean lan egiteari dagokionez, Udaltzaingoaren Zerbitzu Orokorretako arduraduna izan da 6 urtez, kudeaketa hobetzeko proiektu garrantzitsuak bultzatuz. Gainera, Udaltzaingoaren aholkulari juridikoa izan da 3 urtez, eta, ondoren, Mugikortasuneko zuzendari izan da 7 urtez gaur egun arte.

Eta Zientzia eta Ezagutzaren koordinatzaile berria, Agustín Erkizia, bestalde, Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktorea da, unibertsitateko irakaslea, eta 30 urtetik gorako esperientzia du EHUn administrazio-zuzendaritza eta -kudeaketako eginkizunetan. Gainera, Elías Querejeta Zinema Eskola sortzeko unibertsitateak izendatutako kudeatzailea izan da, unibertsitateko hainbat katedren bultzatzailea, Korta II eta IKERBASQUE eraikinen eraikuntzarena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektuen Bulegoko kidea eta EHUren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Donostiako Udalaren arteko hitzarmenen bultzatzailea.

Zientziaren eta ezagutzaren arloan esperientzia handia du, EHUko hainbat programaren antolatzailea, Vicomtech zentro teknologikoaren patronatuko kidea, EHUren aldetik Quantum Center-a sustatu duena edo hainbat ikerketa-taldetako kidea izan baita. Donostiako Udaleko Gizarte Kontseiluko kide eta 2017tik Plan Estrategikoaren Lantaldeko presidente ere bada.

Intxaurrondoko haur-eskola

Tokiko Gobernu Batzarrak URBYCOLAN, SL enpresari esleitu dio Intxaurrondo Hegoa ikastolako beheko solairuaren zati bat haur-eskolara bideratzeko obren kontratua, 4 hilabeteko egikaritze-epearekin eta 251.813 euroko aurrekontuarekin, Europar Batasuneko Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsak (Next Generation Funtsak) finantzatuta.

Proiektu honek haur-eskola bat sortu nahi du 2 gelarekin, bat 0-1 urteko 14 haurrentzat eta beste bat 1-2 urteko 8 haurrentzat. Horretarako, ikastolan dauden bi gela eta komun batzuk eraberrituko dira.

Udaletxeko Udalinfo

Tokiko Gobernu Batzarrak DISEÑO INTERIORISMO INFORMÁTICA OFICINAS, SA -DINOF- enpresari Donostiako Udalaren herritarren arretarako bulego berriaren ekipamendu integralaren kontratuaren 1. eta 2. loteak esleitzea onartu du, 148.010 euroko esleipen-prezioarekin. Produktuak hornitzeko eskaerak entregatzeko gehieneko epea zortzi astekoa izango da 1. loterako, eta lau astekoa 2. loterako, Udalak eskatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

EHUko disuasio-aparkalekua

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako Udalari Berio pasealekuko Hegoaldeko Unibertsitate Campusa lurzatian ibilgailuentzako aparkaleku bat erabiltzeko emandako jabari publikoko baimena, Euskal Herriko Unibertsitateko gerenteak 2025eko apirilaren 15ean egindako ebazpenaren bidez emana.

Bi erakundeek 2024an lortutako akordioa da, eta baimena emateko ezinbestekoa da aparkalekua udarako disuasio-aparkaleku gisa erabiltzea, 2025eko uztailaren 7tik abuztuaren 27ra bitarteko epean.