Euskarabenturaren VII. edizioan parte hartzen duten 126 gazte Iruñera iritsi dira

0

Larrasoañatik Euskarabenturako VII. edizioan parte hartzen duten 15 eta 17 urte bitarteko 126 gazte iritsi dira gaur arratsaldean Iruñeko Takonera parkera. Bertan, udal ordezkariek eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak harrera egin diete. Foru Komunitatekoak, Nafarroa Beherekoak, Lapurdikoak, Zuberoakoak eta Euskadikoak dira neska-mutil gazteak, euskararen presentziari eta hizkuntza honek eremu zein arlo sozial ezberdinetan duen erabilerari buruzko sentsibilizazio programa honetan parte hartzen dutenak, 700 kilometro baino gehiago egingo dituzte euskara indartzeko helburuarekin.

EuskarAbenturaren VII. edizio honetan Nafarroa, Euskadi eta Ipar Euskal Herriko hainbat eremutan ibiliko den gazte taldeak joan den asteartean, uztailak 1, hasi zuen espedizioa Zuberoako Atharratzen. 700 kilometrotik gora dituzte esperientziak partekatzeko, 400 kilometrotik gora oinez ibilita, eta uztailaren 31n Getxon (Bizkaia) amaitzea aurreikusi dute. Aurtengo edizioan, Foru Komunitateko honako herri hauek bisitatuko dituzte: Orreaga; Auritz; Abaurregaina; Larrasoaña; Iruña; Ilundain; Lesaka; Uradazubi; eta Amaiur.

Jzioquitar gazteei (parte-hartzaileak) Iruñeko Udaleko ordezkaritza batekin batera egindako ongietorrian, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak mota honetako jardueren garrantzia azpimarratu nahi izan du, hau da, parte hartzen duten gazteen artean euskara sustatzea, bai eta beste helburu batzuk ere, hala nola, haien arteko errespetu- eta adiskidetasun-sarea sortzea eta sendotzea; ondasun naturalen, historikoen eta kulturalen transmisioa bermatzea, eta balio positiboak sustatzea, hala nola bizikidetza, berdintasuna, autonomia, talde-lana edo bizitza osasungarria.

Euskararen sustapena

Nafarroako Gobernuak ekimen hau babesten du, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eta EuskarAbentura Elkartearen arteko hitzarmen baten bidez, 2025erako 20.000 euroko partida batekin. Irabazi-asmorik gabeko elkarte horren helburu nagusia programa hori antolatzea da. Izan ere, Gobernuaren eginkizunetako bat da euskararen presentziari eta gizarte-bizitzaren eremu guztietan euskararen erabilerari buruzko sentsibilizazio-programak gauzatzea, bai eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea ere, xede horrekin berarekin.

Horrela, Foru Gobernuak bat egiten du EuskarAbenturaren helburuekin, hala nola parte hartzen duten gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea, haien arteko errespetu- eta adiskidetasun-sarea sortzea eta elikatzea, ondasun naturalen, historikoen eta kulturalen transmisioa bermatzea eta balio positiboak sustatzea, hala nola bizikidetza, berdintasuna, autonomia, talde-lana, bizitza osasungarria…

Hala aurreikusten da «Hiruko Ituna«-n, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza-hitzarmen espezifikoa, euskara aisialdian sustatzeko puntuan, zeinak aurreikusten baitu gazteei zuzendutako euskara sustatzeko jarduerak garatzea, EuskarAbentura kasu.

Gazteen laurdena, nafarra

15 eta 17 urte bitarteko 126 gazteak errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural desberdinetatik datoz. Horien artean, 24 Nafarroakoak dira (% 19,05) eta beste bost (% 3,97) Nafarroa Beherekoak. Gehienak bizkaitarrak dira, 43 gazte (% 34,12), ondoren 26 (% 20,63) Gipuzkoakoak, 13 (% 10,32) Arabakoak, beste horrenbeste (% 10,32) Lapurdikoak eta bi (% 1,59) Zuberoakoak. Nabarmentzekoa da emakumeen presentzia: 77 emakume batu dira aurten, parte-hartzaileen % 61,1.

Edizio honetan, 28 pertsonak osatutako lantalde batek lagunduko dio gazte-taldeari. Lantalde horretan, bi koordinatzaile, 12 sherpa edo monitore, bi monitore laguntzaile, bi monitore buru, bi mediku, hiru erizain, bi gidari, argazkilari bat, kameralari bat eta komunikazio-arduradun bat egongo dira.

EuskArabenturaren aurtengo edizioaren berritasunen artean babesle berriak ere badaude, hala nola Iruñeko Udala edo Irizar enpresa. Babesleen eta erakunde laguntzaileen ekarpen ekonomikoari esker, gazteentzako kostu ekonomikorik ez duen espedizio bat antolatu ahal izan da berriro.