- José Antonio Lozano matematikariak 2024ko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du, Adimen Artifizialaren eta Datuen Zientziaren alorrean egindako ekarpen esanguratsuengatik
- Stanford-eko Unibertsitateak urtero osatzen duen zerrenda baten arabera, munduan gehien eragiten duten zientzialarien % 2aren barruan dago Lozano
- Gaur egun Euskadik bi mila milioi eurotik gora inbertitzen du Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan
Lehendakariak gaur zientziaren bidez populismoari, erdi egiei, albiste faltsuei eta gezurrei aurre egitera dei egin du, “arrazoi zientifikoz mozorrotutako mezuak erabiliz, gutxi batzuen interesen aurka doan dena zalantzan jartzeko helburu bakarrarekin” gizartera hurbiltzen diren “iruzurgileak biluzteko”. “Ezinbestekoa da gezurra erakustea, iruzurgileak agerian uztea eta ezagutza aurreratuak duen izena ona baliatuz nahasmena sortu besterik nahi ez duten mezuak salatzea. Horretarako bide bakarra dago: ezagutza zientifikoa eta bere zabalkundea sustatzea. Zientzia gizartera hurbiltzea eta gizartea zientziaren partaide bihurtzea”, defendatu du lehendakariak.
Imanol Pradalesek gogoeta horiek egin ditu José Antonio Lozano Konputazio Zientzian eta Adimen Artifizialean EHUko katedraduna eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoari 2024ko Euskadi Ikerkuntza Saria banatzeko ekitaldian –Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitateak eta Ikerketa sailburua ere bertan izan da–. Edizio honetan epaimahaiak José Antonio Lozanoren lan zientifiko aparta eta Adimen Artifizialaren eta Datuen Zientziaren alorrean egindako ekarpen nabarmenak saritu ditu.
Lehendakaritzan egindako ekitaldian, Imanol Pradalesek Lozanoren lana eskertu du “pertsonen begietara begira” egiten den politikaren eredua izateagatik, lan horiek gizarteak ukitu ahal dituen onura bihurtzen baitira. “Bere algoritmoei esker –aipatu du lehendakariak– gaur egun pertsona bat edo bikote bat hurbilago dago familia bat osatzetik, ama izatetik edo aita izatetik; bere algoritmoei esker, Eusko Jaurlaritzak funtsezko erabakiak hartu ahal izan zituen pandemia bete-betean, eta pertsona askoren bizitzak salbatu ahal izan ziren; era berean, bere algoritmoei esker, Europako Batzordeak berriro ere antxoak arrantzatzeko baimena eman zuen Bizkaiko Golkoan, horri esker, gure arrantzaleek beren bizimodua atera ahal dute lana aurrera ateratzeko gure kostaldetik ehunka miliatara arrantza egin behar izan barik. Lozano jauna, hauxe da zientzia pertsonen begietara begira egitea. Eta guri horregatik eskerrak ematea baino ez dagokigu”.
Lehendakariaren aburuz, zientziaren aldeko apustua eginda berrikuntzan liderrak diren herriek alderdi bereizgarriak izatea lortzen dute, hazkunde ekonomikoa sustatzen dute, eta abantaila lehiakorrak bereganatzen dituzte. “Orain dela hamarkada batzuk hartutako norabideari eutsi egin behar diogu, izan ere, horri esker, Alemania, Irlanda, Luxenburgo eta gisa horretako erreferentziazko herrien mailara ailegatu gara”. Betiere jarrera inkonformista batetik, “etsitzea lekuak galtzen hasi aurreko urratsa baita”.
“Geure neurriaren eta aukeren jakitun, umiltasun osoz, baina anbizio handiz, berrikuntzan liderrak diren horien taldean egon nahi dugu”, adierazi du lehendakariak, zeinak gogorarazi baitu duela 45 urte Euskadin ia-ia ez zela Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan inbertitzen; gaur egun, berriz, 2.000 milioi eurotik gora bideratzen dira. “Aspaldi hasitako bidean aurrera jarraituko dugu. Honetan sinesten dugu, eta Lozano jauna eta beste milaka ikerlarik ehunka arrazoi ematen dizkigute beren lanean sinesteko”, bukatu du Imanol Pradalesek.
Optimizazio konbinatorioa eta adimen artifiziala
Zientzia eta Teknologiaren arloko 2024ko Euskadi Ikerkuntza Sariak Lozano irakasleak ikasketa automatikoaren arloan (machine learning) egin dituen ekarpenak nabarmendu ditu, bereziki, optimizazio konbinatorioan eta adimen artifizialean (AA), denak ere gaurkotasun eta eragin handikoak adar zientifiko eta sozial ugaritan.
Era berean, epaimahaiak argi adierazi duenez, Lozano doktoreak sistema adimenduak ikertzen dituen talde ospetsua sortu du, Euskadin erreferentziazkoa eta nazioartean proiekzio handikoa. Horretaz gain, oso positiboki baloratu ditu Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroaren (BCAM) buru gisa egindako lana, baliabideak bereganatzeko lortutako arrakasta eta bere jarduera trinkoa ezagutzaren transferentzian.
José Antonio Lozano Alonso irakaslea (Barakaldo, 1968) EHUn katedraduna da Konputazio Zientzian eta Adimen Artifizialean. 2019tik, BCAM zentroaren zuzendaria da, eta munduan gehien eragiten duten % 2 zientzialarien artean dago, Stanford-eko Unibertsitateak urtero argitaratzen duen zerrendaren arabera.
Ikertzaile gisa, saridunak Adimen Artifizialean oinarritu du bere lana, bereziki, optimizazio konbinatorioaren eta ikasketa automatikoaren alorretan. Bere garapen metodologikoek hainbat aplikazio eman dituzte, besteak beste, medikuntzan, bioinformatikan eta modelatze ekologikoan. Komeni da gogora ekartzea Covid-19aren garaian egindako lana, non Eusko Jaurlaritzari aholkularitza eskaini baitzion ospitalizazioei, ZIUetako sarrerei eta hilkortasun-tasari buruzko aurreikuspen zehatzak jasotzen zituzten txosten argigarriak eginez.